Futbola

Lagun Artea, hurrengo denboraldirako prestatzen

Guaixe 2023ko mai. 17a, 11:20

Lagun Artearen eta Etxarri Aranatzen derbia Zelai Berrin. Belar artifizialeko zelaia behar duela dio Lagun Arteak.

2023/2024 denboraldirako izena ematea zabaldu du Lakuntzako futbol klubak, eta juntarako boluntario berriak izena ematera animatu ditu. Udako futbol campusetan izena eman daiteke

2022/2023 denboraldia bukatzen ari den honetan, Lakuntzako Lagun Artea futbol taldea 2023/2024 denboraldia prestatzen ari da. Horregatik, Lagun Artearekin futbolean trebatu nahi duten neska-mutilei klubean izena ematera animatu ditu. Hurrengo kategorietan eman daiteke izena: umeak (2012-2013 urteetan jaiotakoak), haurrak (2010-2013 urteetan jaiotakoak), kadeteak (2008-2009) urteetan jaiotakoak, gazteak (2005, 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoak) eta talde nagusia (18 urtetik aurrerakoak). Taldeen entrenamendu ordutegia abuztuan edo irailean erabakiko da. Izena emateko 650 222 146 edo 618 076 053 telefonoetara deitu beharra dago. 

Zelai artifizialaren beharra
Lagun Arteak bi futbol zelai ditu. Zelai Berri, belar naturalekoa, eta Itxesalde, lur edo hartxintxarrekoa. “Lotsagarria da Itxsesaldeko lur/hartxintxa zelaian jokatu behar izatea eta bertara iristeko errepidea gurutzatu behar izatea, arriskutsua delako, baina ez dugu beste erremediorik. Udalarekin borrokan gabiltza belar artifizialeko zelai bat jartzeko, gastuak eta lana aurrezteko. Baina badirudi hori ez dela Udalaren planetan sartzen” dio Lagun Arteako juntak. 

Juntarako boluntario bila
Halaber, Lagun Arteako juntan soilik sei pertsona daudela nabarmendu dute. “Oso jende gutxi gara lan eta ardura guztiak aurrera eramateko. Beraz, lanerako gogoa duten boluntarioak eskatzen ditugu,  hala jarraituz gero, pixkanaka kluba desagertzen joango delako. Boluntarioaren bat animatzen bada, eta hala espero dugu, jar dadila zuzendaritzako edozein kiderekin harremanetan” animatu dute. 

Udako futbol campusa
Lagun Arteak udako bi futbol campus antolatu ditu. Lehena ekainaren 26tik 30era izango da, eta bigarrena uztailaren 17tik 21era. 2010etik 2017ra bitartean jaiotako neska-mutilek eman dezakete izena, eta 9:00etatik 14:00etara izango da, Zelai Berrin.  Aste bakoitzeko campusarengatik erroldatuek 85 euro ordaindu beharko dute, erroldatutako familia ugariek 80 euro, erroldatu gabekoek 100 euro eta erroldatu gabeko familia ugariek 96 euro.