Bertso eskolatik, plazara

Guaixe 2023ko mai. 22a, 12:39
Lakuntzako bertso eskolako zazpi bertsolari gazteak. UTZITAKOA

Sakanako bertso eskola batek antolatzen duen lehenengo jaialdia izanen da maiatzaren 26an, ostirala, Lakuntzan. Helburu nagusia ibarrean bertso saioak antolatzea da, baina ez bakarra; haurrak "ilusioarekin" ari dira emanaldia prestatzen.

Lakuntzako bertso eskolaren emanaldia izanen da maiatzaren 26an, ostirala, 19:00etan, herriko plazan. Saioan bertso eskolako zazpi ikasleek agurra kantatuko dute, eta Larraitz Goikoetxea, Olatz Baldos eta Urritz Alegre bertso ikasleak eta Josu Sanjurjo, Xaba Ilarregi eta Eneko Lazkoz bertsolariak izanen dira oholtzaren gainean. Sakanan haurren bertso eskola batek bertso jaialdi bat antolatzen duen lehenengo aldia dela esan du Saats Karasatorre bertso eskolako irakasleak.

Lakuntzako bertso eskola 2018. urtearen hasieran sortu zen lehenengo aldiz, baina 2021eko ikasturte amaieran taldea desegin zela azaldu du Karasatorrek. Aurten berriz sortu da, talde berriarekin. "Etxetik dakartena da euren bertso ezagutza. Hezkuntza arautuan ikastaroa burutu ondoren, ikasleei proposamena luzatu zitzaien eta eurek heldu". Ikastaroa jaso ez zuten ikasleak ere animatu ziren, Lehen Hezkuntzako 4. mailakoak. Arbizutik ikasle bat joaten da ere, Arbizun ez baitago bertso eskolarik.

"Egun zazpi ikasle aritzen dira". Zazpiek aurten izan dute bertsolaritza lantzeko lehen aukera. "Doinuak ikasten eta neurriekin probatzen ari dira". Karasatorrek ikasteko "gogotsu" ikusten ditu bertsoan hasiberriak, eta "poztekoa" da euskararekiko eta bertsoarekiko erakusten duten jakinmina: "Esanguratsua da jolasa pantailen erabilerarekin eta erdal hizkuntzekin lotzen duen ume batentzat nola izan daitekeen interesgarria baliabide materialik behar ez duen euskarazko jolas bat".

Sakanan egiten den haurren bertso eskola batek ikasturte amaierako antolatzen den leheengo bertso jaialdia dela uste du Karasatorrek: "Nafarroako beste bertso eskola batzuetan egin izan da kurtso bukaerako festarik edo. Hala ere, merienda edo saio intimoagoak izan dira: gurasoak, ikasleak...".

Bertso eskolaren emanaldi bat antolatzearen zergatiaz, Karasatorrek bi adar nagusi zehaztu ditu: "Batetik, esanen nuke Sakanan bertso saioak antolatzeko ohitura handirik ez dagoela; beste leku batzuekin alderatuta ez, bederen. Are gehiago, beheranzko joera daukan ohitura dela esanen nuke. Sentsazioetatik hizketan eta datu zehatzik eman gabe". Horretan eragiteko modu "interesgarria" Sakanako bertso eskolek saioak antolatzea dela gaineratu du Karasatorrek, kasu honetan, Lakuntzakoak. "Udal ezberdinei elkarlanean aritzeko proposamena luzatu genien bertso eskola desberdinetatik, baina hauteskunde garaian eta presaka aritu gara. Ea datorren urterako gauzak hobeto egiteko aukera daukagun".

Ikasleak bertso saioarekin pozik eta urduri daude, "serio hartu dute lana"

Bertso ikasleen saioak antolatzearen bigarren arrazoia haurren ilusioa da: "Ilusio handia sortu duen proiektua izan dela esanen nuke. Astero galdetzen zidaten ea bertsolariek zer erantzun zuten, ea lekua zehaztua zegoen...". Pozik eta urduri daude ikasleak agurra prestatzen, gaiak proposatzen eta abar. "Serio hartu dute lana eta ikasketa garrantzitsuak ekarriko dizkiela uste dut. Bertsoari begira ere, saioak antolatzeko gai diren norbanakoak heztea positibotzat ulertu behar da". Hortaz, bertso saioaren antolakuntza haiek erabakiko dute kantuan, gai jartzen edo afaria prestatzen ibili behar duten, bertsolariak azaldu bezala.

Lakuntzako bertso eskolako zazpi ikasleek agurra abestuko dute eta, horretaz gain, Altsasuko bertso eskolako Larraitz Goikoetxea, Olatz Baldos eta Urritz Alegre oholtzan kantuan izanen dira ere. "Bertso eskolan ibilbide luze xamarrekoak dira hirurak, batbatean ari direnak. Pozgarria da haiei ere plazak eskaini ahal izatea". Haien adinean "eskolartekotik eskolartekora" ibiltzen direla azaldu du Karasatorrek, "eta horrela zaila da bertsotarako eskertzekoak diren zenbait gaitasun fintzea". Bertsotan ari denak jendeaurrera atera nahi badu bertso eskolan aritzea baino gehiago behar duela esan du. "Nahi ez duenik ere badago, noski, bertso eskolan gustura arituta ere, bere bertso jarduna horretara mugatu nahi duenik".

Aurretik

"Bertsotan ikasteko baliabide nagusia jolasa da; bertsoa hitzaren jolasa da"

"Bertso eskoletako asteroko saioetan forma hartzen joan gara; gertuko bertsolariei gonbidapena luzatu diegu, gaiak prestatu ditugu, agurra ondu, doinu desberdinak ikasi eta agurrean erabiliko dutena aukeratu...". Bertso eskoletan bertsotan ikasteko baliabide nagusia jolasa da: "Oinarrizko ezagutzak bereganatzen dituzte, doinuak ikasten dituzte, euren ahotsa probatzen dute eta abar". Bertsoa hitzaren jolasa da: "Komunikazio gaitasunak zeresan handi du bertsoan, eta alderantziz". Haurrek hitzerako interesa propio dutela azaldu du bertsolariak, "errimatzeko gaitasuna eta irudimena", eta bertso eskolak horretan sakontzen eta besteekin elkarbanatzeko aukera eskaintzen die.

Karasatorre aurrekanporaketan

Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, abenduaren 2ra arte luzatuko dena, eta aurretik bi aurrekanporaketa saio jokatuko dira, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda osatzeko: maiatzaren 26an, Larraunen, eta ekainaren 2an, Etxaurin, jokatuko dira bi saio horiek eta hamabi bertsolarik parte hartuko dute, tartean Saats Karasatorre. 
Txapelketaren araudiaren arabera, azken ekitaldian parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela, Sekula parte hartu ez dutenek, edota 2021ekoa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, aurrekanporaketa fasea jokatu beharko dute sailkatzeko, Karasatorre kasu. Hamazazpi bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta hamabi aurrekanporaketak jokatuko dituztenak; horietatik zazpik lortuko dute sailkapen txartela. Beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa. Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza etxarriarra ariko dira epaile lanetan aurrekanporaketetan.
Karasatorrek ekainaren 2an, ostirala, 18:30ean, Etxauriko udaletxeko aretoko aurrekanporaketan kantatuko du.