Lakuntzako Lagun Artea klubeko talde nagusiak maila galdu duen bitartean, Bigarren Jubenil mailako IV. multzoan jokatzen duen Lagun Artea bigarren sailkatu da ligan eta Lehen Jubenil mailara igotzeko sailkatu da. Jose Antonio Claverrek entrenatzen duen taldeak denboraldi bikaina egin du. "Talde oso gaztea da, Sakanako bost herrietako jokalariz osatutakoa, baina inplikazio handia duena. Ea igoera fasean ongi dabiltzan eta Lehen mailara igotzen diren. Zaleen laguntza behar dugu, hurbildu daitezela taldea animatzera" dio Claverrek.
Asteburuan hasiko da igoera fasea. Larunbatean, ekainak 3, Lagun Arteak Berriozar hartuko du Itxesalden, 11:00etan. Itzulerako partida ekainaren 10ean jokatuko da, Berriozarren.