Bertako artisten handitasuna

Guaixe 2023ko eka. 5a, 12:32
Josu Reparaz NIEko presidentea eta Arte Oinezen komisarioa mustutzean azalpenak ematen. UTZITAKOA

Sakanako hainbat artisten lanek osatzen dute Nafarroa Oinezen harira antolatutako Lakuntzako 'Artea Oinez' erakusketa. Iruñean astez egon ondoren, maiatzaren 26an mustu zuten eta ikusgai egon da ekainaren 4ra arte.

Artea Oinez erakusketa mustu zuten maiatzaren 26an, Lakuntzako kultur etxean eta ekainaren 4ra arte ikusgai egon da Lakuntzako kultur etxean. Artea Oinez Nafarroa Oinezen barruan dagoen egitasmoa da, eta Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolari dagokio haren antolaketa. Erakusketaren 26. edizioa izan da aurtengoa. Ikastolak Asun Goikoetxea artista bakaikuarra omendu du Artea Oinez erakusketarekin, "arteari eta kultura garaikideari, euskarari eta ikastolekin beti izan duen lankidetza eskuzabalari egindako ekarpenagatik".

Sakanan aurkeztu aurretik, Artea Oinez erakusketa Iruñeko Kondestable jauregian astetan egon da ikusgai. Nafarroa Oinez laguntzeko asmoarekin, 83 artistak haien obrak utzi dituzte; guztira, 103 lanek osatu dute Artea Oinez. Sakanako erakusketa ibarreko artisten lanei egin zaie lekua: margolanak, bideoak, grabatu eta inprimatze digitalak, argazkiak eta kollageak eta eskulturak ikus daitezke. Sakanako artistei dagokienez, pinturak dira gehienak eta eskulturetan altzairu galbanizatu eta brontzezko piezak ere badaude. Gorka Flores urdindarraren lanak ere zura duela gaineratu dute Arte Oinezetik.

Ostiraleko mustutze ekitaldian Izaskun Errazkin Beltza Andra Mari Ikastolako lehendakariordeak erakusketa bisitatzera gonbidatu zituen sakandarrak. Erakusketarekin helduak ez ezik, "gazteak eta haurrak ere artearen eta sormenaren mundura hurbildu daitezen" nahi dutela esan zuen. Hortaz, larunbatean haurrendako arte tailerra egin zuten Artea Oinez erakusketaren harira, Lakuntzako kultur etxean. Mustutzean ere Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak eta erakusketaren komisarioak hartu zuen hitza, eta Artea Oinez erakusketaren bisita gidatua egin zuen. Ekitaldiarekin amaitzeko Nafarroa Oinez 2023ko arduradunek otamen bat eskaini zuten.

Artea Oinez "erraldoiaren" zati bat Lakuntzara ekarri dutela azaldu zuen Reparazek: "Sakanako hainbat herritako artisten lanak. Txikia izan arren biltzen ditu herri hauetako artisten handitasuna. Sakanako artisten presentzia garrantzitsua delako Nafarroan, baita kanpoan ere". Artista hauetako bakoitzak "bizitza eta mundua" interpretatzeko modua duela esan zuen erakusketaren komisarioak. Txuspo Poyo altsasuarra, Itziar Nazabal altsasuarra, Itziar Okariz ama etxarriarra duen eta haurtzaroa herrian pasa zuen artista, Gorka Flores urdindarra eta aita lakuntzarra duen, Maider Perkaz ziordiarra, Miren Ustarroz uharte arakildarra, Dora Salazar altsasuarra, Mikel Okiñena irurtzundarra, Argiñe Berastegi arbizuarra, Sagri Mauleon etxarriarra, Elena Santano altsasuarra, Jose Ramon Anda bakaikuarra eta aurtengo omendua Asun Goikoetxea bakaikuarra artisten lanak ikus daitezke Lakuntzako Artea Oinez-en.

Artelanak
Arte garaikidearen "erakusgarri" den zati bat osatzen du erakusketa: "Bideo sorkuntza, marrazkia, inprimatze digitalak, eskulturak, margoak teknika desberdinetan biltzen ditu, eta edukiari dagokionez, ikastoletan hain esanguratsuak diren elementuak ikus daitezke", azaldu zuen Reparazek. Feminismoa, natura, jasangarritasuna eta kooperatibismoa bezalako kontzeptuak landu dituzte artistek: "Pertsonen arteko berdintasuna oso presente dago hainbat lanetan, behin eta berriz lantzen den gai bat da. Obra gehienek naturarekin harremana dute, eta lotura dute ikastoletan lantzen den jasangarritasunarekin eta bizi dugun ingurua zaintzearekin". Bideo baten bidez, inurritegi bat azaltzen da, "zer garrantzitsua den gure ikastoletan kooperatibismoa, eta pertsona erdian jartzen dugula: inurri bakoitzak bere lana egiten duen bezala, guk ere bakoitzak gure lana egiten dugu komunitate handi eta emankorra osatuz".

 

Erlazionatuak