Ekainaren 11 heldu eta Lakuntza-Aralar mendi lasterketa abiatzeko irrikaz dago Zabalarte klubeko Iñaki Arkauz Rincon. “Azken bi hilabeteak eromena izaten dira: babesleekin bildu, ibilbidea garbitu, lanak zehaztu... ea eguna iritsi eta guztia ongi ateratzen den” espero du.
XVIII. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa da aurten jokoan dagoena. Iaz soilik ibilbide motzeko lasterketa jokatu zen, “pandemiaren inguruko murrizketengatik. Horretaz gain, lehen aldiz oinezko martxa antolatu genuen”. Aurten, Lakuntza-Aralar ibilbide luzea bueltan da (26 km, 1.200 m desnibel +), ibilbide motzarekin (13,3 km, 640 m desnibel +) eta oinezko martxarekin batera. Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuitua rankingerako baliagarria da.
Paisaia zoragarriak
Bi ibilbideak batera abiatuko dira, 09:30ean, Lakuntzako plazatik. Atazartik Guardetxera helduko dira korrikalariak. Ibilbide luzekoek Irumugarrietaraino joko dute (1.430 m), Desaotik eta Pagomaritik Arangunera jaitsiko dira, eta handik Lakuntzako helmugara. Aldiz, ibilbide laburrekoek Guardetxetik Larluzgainera egiten du, Etxaaltxetatik Arangunera heldu eta bertatik herrira jaisteko. Berehala, oinezko martxa abiatuko da. Mendizaleek lasterketa motzeko ibilbidea egingo dute, baina kontrako norabidean.
Sustrai Fundazioaren alde
Lasterketa eta martxaren segidan lasterketa solidarioari ekingo zaio. Plazatik Abarrategi kalea jaitsi, bihurgunea hartu eta atzera ere gora egingo du probak. Dortsal solidarioak 2 eurotan salgai daude eta aurten ingurumenaren babesa egiten duen Sustrai Fundazioa lagunduko da, ingurumena kaltetzen duten Nafarroako proiektuei erantzun juridiko-teknikoa ematen diona.
Izena emateko azken eguna
Gaur, ekainak 9, Lakuntza-Aralar lasterketetan eta oinezko martxan izena emateko azken eguna da. Lasterketa laburrean 100 pertsona pasa daude, eta luzean 80tik gora. “Jendeak azken unera arte itxaroten du izena emateko, azken eguraldi iragarpenen berri izateko. 250 korrikalariendako azpiegitura prestatuko dugu, baina 200 korrikalari inguru espero ditugu, agian gehixeago izan daitezkeenak” dio Arkauzek.
Azkenaldian, badirudi proba laburrak aukeratzen direla luzeak baino gehiago. "Rankingetarako puntuatu nahi dute korrikalari askok, eta horrenbeste proba daudenez, agian horregatik aritzen dira laburretan".
Sari ematea 13:00etan izango da. Zabalartek 1.000 euro banatuko ditu diru-sarietan, trofeoak eta txapelak. Bestalde, sarituek Txindoki gozotegiko Sabinok prestatutako tarta jasoko dute, opari oso preziatua dena. "Saridunek hori esaten digute, zeinen opari polita den. Halako esfortzuaren ondoren, tarta gozo hori gustura sartzen da".
50 boluntariotik gora
Anoa guneetan, bidegurutzeetan, Lakuntzako auzatea prestatzen, dutxak eta bestelakoak antolatzen, guztia garbitu eta biltzen... "50 boluntario baino gehiago arituko gara igandean lanean. Nik ibilbide luzeko itxiera egingo dut" dio Arkauzek. Ibilbidea "zoragarri" dago. "Luzeak denetatik du: igoerak, jaitsierak, korrika egiteko tarteak. .eta laburra korrika asko egiteko aproposa da".