Sakanako musikari harrobiaren trebakuntza

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko eka. 14a, 13:00

Haize Txikiak bandak Lakuntzako sansaastinetan emandako kontzertua. ARTXIBOA

Duela urte bat sortu zen Haize Berriak bandaren baitan Haize Txikiak musika eskoletako ikasleez osatutako banda. Topaketa berri bat eginen dute, ekainaren 26tik 30era, Lakuntzako kultur etxean. Banda txikiaren hirugarren topaketa izanen da.

Sakanako Haize Berriak bandaren eta musika eskolaren arteko zubia izateko sortu zuten Haize Txikiak banda proiektua duela urte bat. Lehenengo topaketa, hain zuzen ere, 2022ko ekainaren amaieran izan zen, Irurtzunen. Proiektua aurrera doa eta aurten ere topaketa eginen dute: ekainaren 26tik 30era, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, Lakuntzako kultur etxean. Jasone Etxebeste Haize Berriak bandako kideak eta Irurtzungo musika eskolako irakasleak azaldu duenez, "instrumentu bat jotzen duen eta banda batean jo nahi duen ororentzako ateak irekita daude". 

"Haize Berriak bandak hasieratik indar asko jarri du proiektu honetan, eta musika eskoletatik, irakasle eta zuzendaritzetatik eta gurasoetatik inplikazio handia egon da". Proiektua gustukoa izan dela esan du Etxebestek, eta horregatik ere ikasleen inplikazioa "%100koa" izan da. "Eskertzekoa da eta guri lana errazten digu". Duela urte bat jarri zuten martxan proiektua eta "esperientzia oso polita izan da. Gurasoak etortzen zaizkigu esanez beraien semealabak instrumentua jotzeko motibatuta ikusten dituztela". Haize Berriakeko kideentzako eta irakasleentzako ere esperientzia "polita" izaten ari da, "beraien lana eta esfortzua taularatzen ikusten dugulako". 

Topaketak
2022. urtean bi topaketa egin zituen Haize Txikiak banda: estreinakoa udaren hasieran izan zen, Irurtzunen, eta bigarrena Eguberrietako oporretan. "Oso ondo aritzen dira. Esaterako, Gabonetako esperientzia bi edo hiru abesti sartzea erabaki genuen eta bi egunetara kontrolatuta zituzten. Kontzertu hura agian pixka bat motza gelditu zitzaigun". Irakasleak komentatu duenez, bi edo hiru abesti gehiago sartuko balizkiegu, "ziur aterako zituztela". Haize Txikiak bandak Azpeitiko Banda Gazteen topaketan parte hartu zuen ere, apirilaren 23an; bandaren lehenengo irteera izan zen. 

Haize Txikiak bandaren hurrengo topaketa ekainaren 26tik 30era izanen da, Lakuntzan

Topaketa hauetan musikari gazteek kontzertu bat prestatzen dute. Lakuntzan ekainaren 26tik 30era eginen duten topaketaren ondoren, hain zuzen, uztailaren 1ean Etxarri Aranatzen eta uztailaren 2an Irurtzunen emanen dute kontzertua. "Abesti berriak ematen zaizkie eta horiek lantzeko egun batzuk ditugu". Helburua kontzertua aurrera eramatea bada ere, "beste balore pila bat" ikasten dituzte: "taldean lan egiten ikasten dute; musika talde batean, banda batean, orkestra batean, txaranga batean eta abarrean oso garrantzitsua da beste instrumentuetako jendea entzutea, pazientzia edukitzea...". 

Haize Txikiak bandako topaketa instrumentu bat jotzen duen "ororentzako" zabalik dagoela esan du Etxebestek: "Interesa daukan edonork haizetxikiak@gmail.com epostara idatz dezake. Parte hartzea garrantzitsua da, ikustea talde batean jotzea gustatzen zaion, eta gero bakoitzak ikusiko du gustura dagoen edo ez, baina behintzat Haize Berriaketik gazteei ateak zabaldu nahi dizkiegu". Banda batean jotzea "badirudi oso serio dela", baina oso ondo pasatzen dutela esan du irakasleak. 

Haize Txikiak bandak banda "handiarekin" jo izan du. "Haize Berriak bandan oso giro polita dago, banda gaztea da ere, eta txikitik datozenean ongi sentitzen dira". Musikari gazteek bandan dagoen giroa ikustean, "oso ondo pasatzen dute". Bandako nagusienek gazteak ongi prestatuta joaten direla ikustean, "pilak jarri beharko dituztela" komentatzen dute. "Bata bestearekin oso erlazio polita egiten dute, oso ondo pasatzen dugu denok". 

"Uste dugun baino musikari harrobi handiagoa dugu Sakanan". Etxebestek gurasoei eskertu nahi die haurrak musika eskoletan apuntatzeagatik eta kulturan aukera emateagatik: "Eskolaz kanpoko pila bat daude eta ume, gazte edo ikasle bat musika eskolan sartzea eta jakinmin hori sartzea ez da oso erraza". Musika eskoletan ere "lan polita" egiten ari direlaren erakusle. Haize Berriak bandan ere "oso pozik" daude harrobia dagoela ikusita.