"Sakana mehatxupean dago", esan du Sakana Trenaren Alde elkarteak. Ibarreko herrietan AHTaren lanak egiteko zundaketa prospekzio eskaera "uhaldea" izaten ari da. "Zundaketak egiten saiatzen ari dira finka partikularretan, baimenik gabe, eta aldez aurretik jakinarazi gabe, Arbizun eta Ataunen gertatu bezala". Prospekzioak abiadura handiko korridore berriaren obrak egiteko lehen pausua direla jakinarazi du elkarteak. Zundaketak eta prospekzioak salatzeko Stop AHT Zundaketak. Sakana Bizirik lelopean elkarretaratzea deitu dute ekainaren 27an, asteartea, 19:00etan, Lakuntzako plazan. Sakana Trenaren Alde, AHT Gelditu! Landarlan, Otsotarrak eta Sustrai Eraikuntza elkarteek deitu dute kontzentrazioa; "sakandar guztien babesa eta mobilizazioa eskatzen dugu prospekzio hauek gelditzeko".