Sakanako Trenaren Aldeko plataformak, Otsotarrak, Landarlan, AHT Gelditu eta Sustrai Erankuntza taldeek deituta 150 bat pertsonek kontzentrazioa eta informazio batzarra egin zuten Lakuntzan. Goierri eta Sakanan egin asmo dituzten abiadura handiko trena (AHT) egiteko zundaketez informatu zuten bertan, eta, aldi berean, "proiektu honek dakarren txikizio eta inposizioa” salatu zituzten.
Elkarretaratzean elkarteetako eta udal ordezkariek hitza hartu zuten. "trena XIX. mendetik Sakanako bailaran funtsezko zerbitzua eman duen garraiobidea izan da, azken hamarkadetan hiltzen uzten ari direna eta are gehiago azkenaldian inposatu nahi duten AHTren mesedetan”, gaztigatu zuten Sakana Trenaren Alde plataformakoek. Gaineratu zutenez, "maiatzean zundaketak egiten hasi dira, gainera udalen baimenik gabe eta abisurik gabe agertuz, (Ataunen eta Arbizun adibidez), Sakana zeharkatu nahiko luketen bi aukerak aztertzeko dira (Iruña-Gasteiz edota Iruña-Ezkio-Itsaso)”.
Jakinarazi zutenez, "oraingoz zenbait udaletara zundaketak egiteko baimen eskaera bidali dituzte, besteak beste, Ataunen 4, Idiazabalen 4, Arakilen 30, Uharten 5, Arruazun 2, Lakuntzan 6, Arbizun 2, Bakaikun 1, Iturmendin 2, baina aspalditik adierazi duten bezala udal gehien-gehienak egun ere proiektu horren kontra diraute eta dituzten aukerak baliatuko dituzte azpiegitura hau gelditu edota oztopatzeko, herritarrak ere horretara deituz”. Protokolo baten berri ere eman zuten: "herritarren batek zundaketaren bat egitera doazela jakin edo ikusten badu bere udalarekin eta Trenaren aldeko eta AHTren kontrako taldeekin harremanetan jartzeko eta horren aurrean erantzun bateratua emateko”.
Azkenik, jakinarazi zutenez, "agorrila bukaera edo iraila hasieran Sakana eta Goierri elkartuko lituzkeen bizikleta martxa bat antolatzen ari da inguru honetan egin asmo duten kaltea ezagutu eta salatzeko”.