AHT ibilbide proiektua

Zundaketekin AHTko lanak bertan direla gaztigatu dute

Guaixe 2023ko uzt. 5a, 09:01

AHTri lotutako zundaketak gelditzeko eskatu zuten Lakuntzan.

Abiadura Handiko Trenaren ibilbidea Sakanan barna nondik joanen litzatekeen zehazten laguntzeko zundaketak egiteko eskaerak jaso dituzte udaletan. Momentuz, zazpi udalek 48 eskaera dituzte. Zerbait ikusiz gero udalei jakinarazteko eskatu dute.

Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren (AHT) korridorea Euskal Yarekin lotzeko bi ibilbide posible daude mahai gainean gaur egun, eta biek Sakana ukitzen dute. Batak ibarra zeharkatuko luke Beriain eta Urbasa-Andia magaletik, trenbideak Gasteizen lotzeko. Bestea da lotura Ezkio-Itsason egitea. Horretarako, trenbidea ibarraren iparralderantz joko luke eta Lakuntza parean lurpean sartuko litzateke, 22 km. Lan horiek egiteko lurra nolakoa den jakin behar da eta udaletara zundaketak egiteko baimen eskaerak iristen ari dira. Momentuz, Arakilen 30 zundaketa egiteko eskaera jaso dute, Uharte Arakilen 5, Arruazun 2, Lakuntzan 6, Arbizun 2, Bakaikun 1 eta Iturmendin 2. Arruazura arteko zundaketak Beriain magalean egitekoak dira, Lakuntzan Aralar eta Beriain aldean, eta Arbizutik aurrera Urbasa-Andian. 

Lakuntzako alkate Oihane Uribetxeberria Garmendiak azaldu duenez, zundaketak egitea nahi duten lursail batzuk herri lurrak dira eta besteak pribatuak. Udalari zehaztu diotenez, zundaketaren zuloak 27 eta 63 milimetroko zabalera izanen dute, eta gehienezko sakonerak 132 eta 200 metro artekoak izanen dira. Uribetxeberriak azaldu duenez, "zundaketa baimen eskaerak jaso dituzten udalek bilera eginen dugu. Lur jabe pribatuak ere jakinaren gainean jarriko ditugu". Alkateak ere deia egin du: "udalak eta kalea batu behar gara. Lan eremu guztietakoen indarra beharko dugu, Sakana bizirik nahi baitugu. Bitartean deituko diren ekimenetara adi egon, eta aldamenak informatu". 

Sakana Trenaren Alde plataformako Arkaitz Los Arcos Bertizek azaldu duenez, "zundaketak lurrean egiten diren zulaketak dira, lur laginak ateratzeko egiten dira. Hori aztertuta, eta beste irizpide batzuk kontutan hartuta, erabakiko dute AHTren zein ibilbide egin. Aralarren barna trenbidea egitea Sakanan barna eramatea baino hiru bider garestiagoa da". Plataformakoak prentsaren bidez jakin zutenez, "milioi bat euro gastatuko lukete Aralarren zundaketak egiteko. Udalengandik jakin dugu hori ez dela guztiz egia, bi alternatibendako eskatu dituztela zundaketak. Ataunen eta Idiazabalgo udaletan ere jaso dituzte zundaketak eskaerak". 

Protokoloa
Los Arcosek nabarmendu duenez, "beste behin ere, horrelako makroproiektuak aurrera egiteko uda baliatzen dute. Gure ikuspegitik ez da kasualitatea. Jendea beste zerbaitean pentsatzen dago, oporretan, kanpora joaten gara. Protokoloarekin jendeari jakinarazi nahi diogu AHT benetan badatorrela. Hau da lehen pausoa AHT gure ibarrera iristeko. Zundaketek trenbidea nondik joanen den jakiteko balio dute". Gaineratu duenez, "AHTz urtetan hitz egin da. Denboran luzatu egin denez, jendeak urruneko kontu bat bezala ikusten du. Baina, tamalez, gero eta gertuago dago". Horregatik, plataformakoen iritziz, erakundeek eta jendarteak lan egin beharra dute. 

Protokoloaren helburua da "erantzun duin bat" ematea. Plataformakoek azaldu dutenez, "herritarren batek zundaketaren bat egitera doazela jakin edo ikusten badu bere udalarekin eta Trenaren aldeko eta AHTren kontrako taldeekin harremanetan jartzeko eta horren aurrean erantzun bateratua emateko. Dela kontzentrazioak deituz, zundaketa gunera gerturatuz... Ataunen inongo baimenik gabe agertu ziren eta saiatu ziren zundaketak egiten. Geldiaraztea lortu zuten. Halako aurrekontua darabilten enpresak ez dakigu zertan ari diren beraien legedia betetzen ez dutenean". Plataformak ere telefono zenbaki bat zabalduko du horretarako. Uribetxeberriak nabarmendu duenez, "norbaitek zerbait ikusiz gero, mesedez, jakinarazi. Badakizue non gauden. Hemen, momentuz, zundaketak egiteko baimenik ez baitute. Saiatuko gara ahalik eta oztopo gehien jartzen". 

Tren soziala
Orain arte adierazi dutenaren arabera UPNk, Geroa Baik, eta Euskal Autonomia Erkidegoan EAJk, Ezkio-Itsasoko loturaren alde egiten dute, PSOE, berriz, Gasteizkoaren alde. Plataformakoek ez dakite zein den PPren hautua. 2022ko estatuko aurrekontuetan jasotako 200.000 euroko diru sailaz galdetuta, Los Arcosek azaldu duenez, "EH Bilduk aurkeztutako emendakina zen, Burgos eta Castejon artean xehetasunezko ikerketa tekniko bat egiteko, jakiteko zer beste modu zeuden. Eta jakiteko benetan beharrezkoa den haiek planteatzen duten bidaiariendako plataforma esklusiboa, edo balioa eman dakiokeen gaur egungo plataformari. Sozialistek hori garatuko zutela esan zuten. Beste behin ere, beste esfera bateko politikarien hitzak balio du beraien helburuak lortzeko, eta hori albo batera uzteko". Hala ere, trenaren aldeko hainbat plataformek lan bera egin zuten crowdfunding eta bestelakoen bidez 16.000 euro jasota. "Detailezko proiektua dela aitortu digute hainbat arkitektok, baita Valentzia eta Madrilgo AHT geltokiak egin dituztenak. Zer eginen genukeen 200.000 euro horiekin". 

Plataformek egin duten tren sozialaren trazatu proposamena ondu zuten, "alternatiba garrantzitsua dela uste dugu", azpimarratu du Los Arcosek. Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuten. "Etsigarria da, kristoren erabakiak hartzen dituzten politikari batzuekin hitz egitea; berak ez jakitea proposatzen duen plataformatik ez direla merkantziak garraiatuko". Herriz herriko aurkezpenekin hasi ziren eta horri segida emanen diote. "Harrera oso positiboa izan zen, 150 bat pertsona joan izan dira aurkezpenetara orain arte". 

Los Arcosek esan duenez, "gero eta tren zerbitzu kaskarragoak ditugu, Gasteizera edo Iruñera joateko hiruna tren besterik ez ditugu, gero eta beranduago etortzen direnak. Altsasuk badu hiri handietara joateko tren zerbitzua, AHTrekin galduko lukeena. Gero eta geltoki gehiago ixten ari dira. Altsasuko tren geltokiko langileak ere kendu zituzten. Bitartean, bidaiariendako bakarrik izanen den trenbide plataforma batean gastatzen dute dirua. Gero eta argiago dago merkantziak eramango dituenaren kontua ez dela egia. Iruñerriko proposamenetan bi trenbide daude: bata bidaiariendako esklusiboa, AHT, eta, bestea, merkantziendako". Aralarren egin daitekeen 22 km-ko tunela gogoan duela, plataformako kideak esan duenez, "Espainian AHTrako tunel luzeak egiten saiatu direnean, sekulako sarraskiak egin dituzte. Esaterako, Pajaresen, Asturiasen". Azkenik, nabarmendu du ibarreko udal gehienak AHTren proiektuaren kontra daudela.