Astekaria

Mendiak eta musika elkartuz

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko uzt. 18a, 12:41

2022ko Urmugan Aizpearron, Aralarren, egindako kontzertua. UTZITAKOA

Hemeretzi egunez Euskal Herria zeharkatzen duen mendilerroan zeharkaldia eginen dute eta, bitartean, toki "esanguratsuetan" kontzertuak antolatuko dituzte Urmuga ekimenaren barruan. Patxi Xabier Razkin lakuntzarra antolakuntzako kidea da.

Uztailaren 12an abiatu zen Anguloko mendatetik mendizaletasuna eta musika uztartzen dituen Urmuga zeharkaldia. Hemeretzi egunetan Euskal Herria zeharkatzen duen mendilerroa zeharkatuko dute, Hiru Errege Mahaiara iristeko, eta tartean kontzertuak eginen dituzte. Ekimenaren antolakuntzan sakandar bat dago: Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza lakuntzarra. 

Migel Zeberio Et Incarnatus orkestaren zuzendaria eta Felipe Uriarte mendizaleari bururatu zitzaien "erokeri" bat da Urmuga, Razkinek azaldu duen bezala. "Oso lagunak eta mendizale sutsuak dira. Mendi buelta batean horrelako proiektu bat egitea bururatu zitzaien eta biek ezin dutenez ipurdia geldirik izan aurrera egin zuten". Mendiak eta musika uztartzen ditu ekimenak, "Euskal Herriko kohesioa lortzeko" helburuarekin: "Hori da pixka bat beraien filosofia". Hortaz, Euskal Herriko muga natural zeharkatuz, muga "politikoak hautsi" nahi dituzte: "Euskal Herriko Urmuga, GR12a, Euskal Herria zeharkatzen duen mendilerroa zeharkatzean datza, eta bideko leku esanguratsu edo magikoetan kontzertuak egiten dira".


Felipe Uriarte, Patxi Xabier Razkin eta Migel Zeberio, aurkezpenean. UTZITAKOA

Logistika
"Kasualitatez sartu nintzen. Lakuntzako alkatea nintzenez karguarekin Aralar elkarteko presidentea izatearena doa. Orduan, kontzertuetako bat niretako esaguratsuena, politena eta potenteena dela Aizpearrokoa, Aralarren, antolatzen laguntzen egon nintzen aurreko bi edizioetan. Leku oso zaila eta berezia denez, logistikaren eta antolakuntzaren aldetik arazo pila bat sortzen dira eta Migelek esan zidan bezala: su hiltzailea naiz". Aurreko antolakuntzan izandako esperientziaren ondoren logistika koordinatzaile izatea eskaini zioten; Uriartek zeharkaldian taldea gidatzen du, Zeberiok arlo artistikoa zuzentzen du eta Razkinek kontzertuetako logistika eta "egunean bertan" sor daitezkeenak eramaten ditu.

Egoera normal batean kontzertu bat antolatzea zaila bada, mendi batean "ahal den bezala" antolatzen dela esan du Razkinek. "Hau auzolan erraldoi bat da. Leku batzuk errazak dira herriko plaza batean delako, baina beste leku batzuetan todoterrenoak, traktoreak eta abar behar dira. Aralarrekoan, esaterako, militarren moduko kamioi bat eramango dugu". Dena aurretik aurreikusita eta antolatuta izan arren, "egunean bertan ez dakizu iritsiko zaren" esan du lakuntzarrak: "Bustia baldin badago, agian ezin zara malda horietatik pasa... ". Ekimenaren alde onena "jende pila batek" parte hartzen duela da: "Jende asko egoten da kargatzen, deskargatzen, bere autoa edo traktorea jartzen...". 

Europa mailan dagoen "horrelako" proiektu bakarra da. "Alpeetan eta Pirinioetan kontzertuak egiten dira, baina zeharkaldi baten baitan ez, eta auzolanean egiten da". Proiektuaren "ederrena" ezagutzen den jendea eta lankidetza dela esan du lakuntzarrak. Aldiz, txarrena instituzioen aldetik laguntza falta da: "Beti zaude olatuen kontra igeri. Ez dago diru laguntza handirik. Diru falta dago, eta hori da tristeena. Horrelako proiektu bat izatea Europa mailan bakarra, Euskal Herrian, eta ez izatea laguntzarik". Bestela, proiektuak ez dauka alde "txarrik". 

Lanean egongo den arren "asko disfrutatzeko" tartea duela esan du lakuntzarrak: "Bazkaltzen, elkarlanean, egiten ditugu barreak...". Kontzertuetan bertan ere oso ongi pasatzen du, "maila handiko kontzertuak dira". 

Zeharkaldia

Uztailaren 20an, Aizpearro Aralarko "toki magikoan" izanen da kontzertua

Uztailaren 18tik aurrera Sakanatik gertu ibiliko da Urmuga zeharkaldia: Urbiatik aterako da eta Otzaurteko mendatera iritsiko da, eta uztailaren 19an Altzania basoetan murgildurik Lizarrusti mendatera iritsiko da. Uztailaren 20an Lizarrustitik aterako eta Aralar iparraldetik ibiliko dira Albiasu herrira iritsi arte. Kontzertuei dagokionez sakandarrei uztailaren 20an Aizpearron, Aralarren, antolatu dutena gelditzen zaie gertuen, Razkinek azaldu bezala. "Leku magikoa da, Aralarren bihotzean, anfiteatro natural batean". Bertara iristeko ere "oso polita" da, eta kontzertuaren kartela lekuaren parekoa da: Eñaut Elorrieta, Alaitz eta Maider, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Olaia Inziarte, Bixente Martinez, Zinbulu Dantza Bertikala eta, Iñaki Epelderen oroimenez, Koldobika Jauregi, Iñigo Aiestaran, Guillermo Olmo, Felix Aiestaran. Eguraldi txarrarekin B eta C plana dute: Aralarren lainoa badago Unanun izanen da kontzertua eta euria egiten badu Lakuntzako Elizan. Guardetxeko aparkalekutik bost kilometro inguruko ibilbide erraza da. Irulegiko kontzertua ere "berezia" izango dela esan du lakuntzarrak.

Urmugako zeharkaldian parte hartzeko eta kontzertuetarako sarrerak urmuga.eus webgunean eros daitezke.