Areto futbola

Kings League, Lakuntzan

Maider Betelu Ganboa 2023ko abu. 1a, 14:00

Lakuntzako 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek Kings League Lakuntza areto futbol torneoa antolatu dute, Gerard Piquek eta Ibai Llanosek sortutako txapelketari jarraiki. Torneoak arrakasta itzela lortu du, Sakanako zortzi taldek parte hartzen baitute

Gerard Pique Barcelonako futbolari ohiari eta Ibai Llanos streamer bizkaitarrari, Twitch saio batean futbolari buruz solasean ari zirela, bestelako futbol txapelketa bat antolatzeko ideia sortu zitzaien. Bestelako araudia zuen txapelketa antolatu nahi zuten, futbol txapelketa biziagoa eta interesgarriagoa sortzeko. Horrela sortu zen Kings League torneoa 2022an, “futbol berria”, araudi berriari, streamerrei eta sare sozialei esker futbola hankaz gora jarri duena. 

Kings League ofiziala Twitch plataformako kanalean jarraitu daiteke, eta sekulako arrakasta izaten ari da. Emakumezkoen Queens League ere antolatu dute, eta 10 eta 12 urte bitarteko haurrendako Prince Cup, uda bukaeran eta abenduan jokatuko dena. 

Kings League ofiziala
Uztailaren 29an udako Kings eta Queens League torneo edo 2. spliteko finalerdiak jokatu ziren Civitas Metropolitanon (Madrid). Neguko 1. split edo torneoko Final Fourra edo Lauko finala Bartzelonako Camp Noun jokatu zen martxoaren 26an, eta futbol zelaia goraino bete zen. Adri Contreras presidentearen El Barrio taldea izan zen txapeldun handia. Madril ere gainezka egon zen.

Kings eta Queens Leaguek horrenbesteko interesa piztu dute, non antolatzaileek 2024an txapelketa hainbat herrialdeetara zabalduko duten. Brasil, Mexiko, Frantzia eta Italiak Kings Leaguea izango omen dute. 

Torneo honek sekulako ikusmina sortu duela ezin da uka. Zurrunbilo horretan, txapelketa gurera ere iritsi da, baina modu xume eta herrikoian, Lakuntzako 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek Kings League Lakuntza torneoa antolatu baitute, eurek ere espero ez zuten arrakasta izaten ari dena. 

Lakuntza Kings League
“Piquek eta Ibaik antolatzen duten Kings League torneoa jarraitzen dugu; asko gustatzen zaigu. Horregatik, geuk ere udan antzeko zerbait egin ahal genuela pentsatu genuen” azaldu dute Lakuntza Kings League txapelketako antolatzaileek. 2009an, 2010ean eta 2011n jaiotako gaztetxoak dira, 12 eta 14 urte bitartekoak. 

Pentsatu eta ekin. Instagramen kontu bat zabaldu (lakuntzakinsgleague) eta bertan azaldu zituzten txapelketaren baldintzak. Horrekin batera, torneorako beharrezko dituzten elementuak prestatzen hasi ziren: kartak, dadoa eta bestelakoak. Torneoko baldintza nagusia adina zen. “2009an eta 2011 urte bitartean jaiotakoek eman zezaketen izena, ez zaharragoek ezta gazteagoek ere”. Txapelketa Lakuntzako parkeko pistan jokatuko zenez, ez zen futbolekoa izango, areto futbolekoa baizik. “Berehala hasi zen jendea txapelketan izena ematen. Bost ordutan guk aurreikusitako kopurua bete zen, zortzi talde, eta izena ematea gelditu genuen” diote antolatzaileek. Talde bakoitzak 10 euro ordaindu zituen, “sariak prestatzeko”. 

Gaztetxoek Kings League torneo ofizialaren arauak hartu dituzte oinarri. “Nahiko antzekoak dira, baina gurea areto futbola da, eta moldaketa txiki batzuk egin ditugu”.  Horrela, Lakuntza Kings Leaguen partida bakoitzak 15 minutuko bi zati edo denbora ditu. Zazpi jardunaldiko ligaxka jokatzen ari da  –uztailaren 30ean seigarren jardunaldia jokatu zen, azken aurrekoa –, eta oraindik zehaztu ez den datan Final Fourra edo Lauko Finala jokatuko da, hau da, finalerdiak eta final handia, biak egun berean. 

Zortzi taldeak
Lakuntza Kings Leaguen lehiatzen ari diren taldeak zortzi dira: Sakana FT (lakuntzarrak, arbizuarrak eta uhartearrak); Mamadu (lakuntzarrak eta bakaikuar eta etxarriar bana); Lakuntzako Dinosauriyuek (lakuntzarrak, irintarrak eta arbizuar, olaztiar eta etxarriar bana); Etxarri FC.  etxarriarrak); Erreka (altsasuarrak); M.L.K. (altsasuarrak); Los robacartas (lakuntzarrak, arbizuarrak eta etxarriarrak) eta Lakaka (altsasuarrak). Kings Leaguearen araudiari jarraiki, talde bakoitzak presidentea eta entrenatzailea ditu. “Presidenteak 2009 eta 2011 urteen artean jaiotakoa behar du izan, jokalariak bezala. Entrenatzailearen adinak, aldiz, ez du axola. Nahi izanez gero, entrenatzailea eta presidentea pertsona bera izan daitezke”. 

"Piquek eta Ibaik antolatutako Kings Leaguea jarraitzen dugu. Geuk ere udan antzeko zerbait egin ahal genuela pentsatu genuen"

Kartak
Talde bakoitzak atezaina eta lau jokalarirekin jokatzen du. “Hasieran, aulkian jokalari bat edo ordezko bat egotea zehaztu genuen, baina ikusi genuen jokalariak nahiko nekatzen zirela eta azkenean, talde bakoitzak aulkian bi jokalari edo ordezko izatea erabaki genuen. Partidan talde bakoitzak nahi dituen aldaketa guztiak egin ditzake” diote antolatzaileek. 

Partida hasieran talde bakoitzak karta bana hartzen du, bere ezkutuko arma izango dena. 
“Karta bakoitzak egoera bat jasotzen du. Esaterako, penalti bat suertatu ahal zaizu, edo gol bikoitza, presidente penaltia (taldeko presidenteak jaurti beharreko penaltia), 2 minututan jokalari bat gutxiagorekin jokatzea... halako gauzak. Talde bakoitzak, arbitroari esanda, partidan nahi duenean atera dezake bere karta, beti ere lehen edo bigarren zatia bukatzeko baino bi minutu lehenago baldin bada. Eta une horretan, partida gelditzen da eta kartak dioena egin beharko da. Jokaldi estrategikoa da” diote gazteek. 

Txapelketa berezi honetako araudiari jarraiki, partidako azken bi minutuetan gola sartzen bada, gol horrek balio bikoitza du, bi gol izango balira bezala. Partida ere modu berezian hasten da, baloia zelai erdian jartzen delako eta bi taldeetako jokalariak korrika ateratzen direlako baloiaren bila. Beste berrikuntza bat da partida ezin dela berdinketarekin bukatu. Berdinketa badago, zelai erditik abiatuko diren penalti jaurtiketekin erabakiko da irabazlea. 

Dado erraldoia
Kings Leagueri jarraiki, Lakuntzako torneorako gazteek prestatu duten dado erraldoia erabakigarria izaten da partidetan. “Lehen zatiko 13. minutuan arbitroak partida gelditzen du, eta dadoa bota behar da. Bat zenbakia ateratzen bada, talde bakoitzak jokalari bakarrarekin jarraitu beharko du lehen zatia bukatzeko falta diren 2 minutuak. Jokalari bat beste baten kontra. Ate batean bata, eta bestean bestea. Talde bakoitzak edozein jokalari aukeratu ahal du geratzeko, ez du zertan atezaina izan. Ezin izango dira markatutako ilargi erdi itxurako gunetik pasatu. Beraz, espazio horretatik jaurtiketak egin beharko dituzte” diote antolatzaileek. 

Dadoan bi ateratzen bada, bi biren kontra aritu beharko dira; hiru ateraz gero hiru hiruren kontra; eta, horrela, errenkadan. Dadoak ez du sei zenbakia, talde bakoitzak bost jokalari dituelako. “Seiaren ordez Lagun Artearen armarria du gure dadoak. Armarria ateratzen bada, talde bakoitzean atezaina eta jokalari bat geratuko dira. Kasu honetan, atezainak ezingo dira areatik atera, eta beste bi jokalariek bat bestearen kontra jokatuko dute, erregateatzen eta jaurtiketak egiten. 

Arbitroarekiko errespetua
Arau asko dira, arbitroarendako ere nahikoa lan. Antolatzaileak hasi ziren partidak epaitzen, “baina arbitratzea ez da erraza. Gainera, geu ere jokalari garenez, ez genuen nahi inork pentsatzea bata edo bestearen alde egiten genuenik. Horregatik, Oskar Maizari faborea eskatu genion. Arbitro zorrotza da, ona. Baietz erantzun zigun, eta bera da orain arbitroa, gutako baten laguntzarekin”. 

Araudiak jasotzen duenez, arbitroaren erabakiak errespetatzea da garrantzitsuena. Eta irainak eta bestelakoak ez dira onartzen. Bestela, zigorrak aurreikusten dira. Arbitroak partidan txartel horia ateratzen badu, jokalariari santzioa jarriko zaio: 2 minutu, jokatu gabe. Txartela gorriak dakarren santzioa handiagoa da: 5 minutu jokatu gabe. Horretaz gain, ezingo du hurrengo partida jokatu. 

Txapelketa biziagoa
Arau horiek guztiek bizia ematen diote torneoari. Kings League formatuko partidak “ohikoak baino entretenigarriagoak dira. 6 eta 2 galtzen joan zaitezke, baina gol bikoitzari eta kartari esker, partidari buelta eman ahal diozu. Futbol partida normal batean zailagoa da hori” diote gaztetxoek. 

Lakuntzako torneoak duen mailari “oso ona” deritzote. “Xotan eta Nafarroako selekzioan jokatu duen jendea dago, jokalari oso onak. Jende oso ona dago, gure adineko Sakanako jokalari hoberenak. Eta baita horren onak ez direnak”. Etxarri Aranatz jotzen dute faborito. “Gol asko sartzen ditu, eta talde oso ona du”. Lakaka eta Lakuntzako Dinosauriyek ere ongi omen dabiltza. 

Bere xumean antolatutako torneoak halako harrera izango zuenik ez zuten espero. “Jende asko hurbiltzen da parkera partidak ikustera, Sakanako herri askotatik etorrita. Giro ona egoten da. Txapelketa antolatzearekin oso ideia ona izan dugula esan izan digute”. 

Ligaxkaren ondoren, Lauko Finala edo Final Fourra jokatuko dute ligan lehen bi postuetan sailkatzen diren lehen bi taldeek eta play-offak gainditzen dituzten beste bi taldeek. “Ligan hirugarren sailkatu den taldeak seigarren sailkatu den taldearen kontra jokatuko du eta laugarren sailkatu denak bosgarren sailkatu denaren kontra. Bi talde irabazleak Final Fourrerako sailkatuko dira”. Lauko Finalerako ez dute datarik jarri. “Oporrak daude tartean, ez da erraza data jartzea. Oraindik ez dakigu, baina Lakuntzako festak baino lehen izango da”. Uztailaren 30ean ligaxkako seigarren jardunaldia jokatu zen, azken aurrekoa. 

Guztiendako dominak
Kings League Lakuntza torneoko antolatzaileak sariak prestatzen ari dira, guraso batzuen laguntzarekin. “Parte hartzaile guztiendako dominak egongo dira, eta txapeldunendako kopa. Ez dakigu sari gehiago prestatuko ditugun” diote. 

Gurasoen laguntzaz gain, Lakuntzako Udalaren laguntza eskertu dute. “Parkean torneoa antolatzeko baimena emateaz gain, Udalak Kultur Etxean tokia eta bertara sartzeko txartela utzi digu. Eskertuta gaude, baita Oskar Maiza arbitroarekin ere”. Aurtengo txapelketa ongi ateratzen ari da, eta ez dute datorren urtean beste bat antolatzea baztertzen. “Ikusiko dugu, baina izan daiteke” diote irribarrez.