Thiès-en (Senegal) jaio zen Sokhna Diagne, Dakar hiriburutik 90 kilometrora, ekialdera. 320.000 biztanlerekin, Senegalgo hirugarren hiririk handiena da Thiès; hiri estrategikoa. “Senegalen, edozein tokitara zoazela, nire hiritik pasa behar duzu” dio Sokhnak. Senegalgo trenbide-korapilo nagusia da Thiès, bertatik abiatzen baitira Senegalgo hiri eta gune nagusietara doazen tren linea guztiak.
Sokhnaren senarra, El Haddi Diouf, lan bila etorri zen Lakuntzara. “Berak Lakuntzan lan egiten zuen, eta ni Djiby gure semearekin Thièsen bizi nintzen. 3 eta 4 urte bitarteko haurren irakaslea nintzen han, eta, horretaz gain, lagun batek eta biok joskintza tailerra geneukan. Lagunak tailerrean jarraitzen du oraindik”. Bi urte zituela Djiby semeak arnas arazo batzuk izan zituen. “Thiéseko medikuaren diagnostikoa izan zen asma zeukala. Senarrak oporretan Lakuntzara etortzea proposatu zidan, bertako medikuek Djiby arta zezaten. Hona etorri ginen, duela 13 urte inguru. Djibyk ez zuen asmarik, bestelako arazo bat baizik, berehala sendatu zena. Oporren ondoren Senegalera bueltatzeko asmoa genuen, baina ez ginen itzuli; haurdun geratu nintzen, eta Lakuntzan geratzea erabaki genuen”.
Gutxika, Lakuntzako bizimodura ohitu zen. “Senegalen wolof-a da gure hizkuntza, guztiok hitz egiten dugu. Horretaz gain, gehienek frantsesa hitz egiten dugu, eta tribu asko daudenez, bakoitzak bere aparteko hizkuntza hitz egiten du”. Familia hazi zen. Djibyren atzetik, Aissatou, Badara eta Mame Diarra seme-alabak jaio ziren. “Pozik gaude. Haurrek euskara eta gaztelania ikasi dute eskolan, eta hemengoak dira”.
Sokhnak ia lau urte daramatza sukaldari laguntzaile Arbizuko kanpinean. “Lankide oso jatorrak ditut; gustura nago”. Arbizuko azken Txistor Egunean, Zahra eta Patricia lankideekin batera Sokhnak egindako pintxoa izan zen irabazlea. “Izugarri poztu ginen”. Ezin izan du irakasle lanbidean jarraitu, “hizkuntzarengatik. Hezkuntza Departamentura jo nuen hasieran, baina orduan ez nuenez gaztelaniaz oso ongi hitz egiten eta euskaraz ez nekienez, ezinezkoa zen. Hizkuntzak ikasi behar nituen, baina haurdun nengoenez eta seme-alaba txikiak nituenez, ez nuen ikasteko denborarik”.
Gustura, eta lasai
Lakuntzan egiten du bere bizitza Sokhnak. “Herri lasaia da, eta lasaitasuna gustuko dut. Ongi bizi gara”. Txingurriye taldeko kidea da. “Txingurriyekoa jende oso jatorra da, ekimen asko egiten ditu kanpotik etorri garenok herrian integra gaitezen. Txangoak antolatzen dituzte, baina ni orain ezin naiz joan, asteburutan Arbizuko kanpinean lanean aritzen naizelako”. Lakuntzan bizi den Aysha senegaldarrarekin ere harreman handia du. Sokhnaren familia musulmana da, eta Aysharena kristaua, baina hori ez da inolako traba bi lagunendako. “Senegalen, gehiengoa, %90 inguru, musulmanak gara; eta gainontzekoak, kristauak. Aysha oso lagun ona da, jatorra, eta harreman estua dugu”.
Lakuntzako pikotaren ondoko etxean bizi da, eta hain zuzen ere, pikota eta Lakuntzako plaza dira, berarendako, herriko txoko kuttunenak. “Ni ez naiz etxetik asko ateratzekoa, egia esan. Haurrak txikiagoak zirela parkera joaten nintzen, baina orain beraiek moldatzen dira. Batzuetan pikotan esertzen naiz haurrekin, edo herriko plazan, eta gustura egoten gara. Pikota txoko berezia iruditzen zait”.
Abenduan Senegalera joango da familia bisitatzera. “Noizbait, ez dakit noiz, Senegalera itzuli nahiko nuke, eta bertan negozio bat zabaldu. Hori da nire ametsa. Baina seme-alabek ez dute nahi. Lakuntzarrak dira” dio.