Lakuntza, festatik dolura

Guaixe 2023ko ira. 6a, 11:46

Imanol Azpiroz Armendariz “Kaixer” udala osatu zen egunean. ARTXIBOA

Imanol Azpiroz Armendariz 'Kaixer' zinegotzia festetako laugarren egunean hil zen.

Lakuntzako festetako astearte arratsaldean, agorrilaren 29an, txirrindulari lasterketa probaren ondoren, herria jota utzi zuen albistea zabaldu zen: Imanol Azpiroz Armendariz Kaixer hil zen. Bat-bateko heriotza, horrek jota utzi zituen lakuntzarrak. Lakuntzako Udala, ahal bezain azkar, Aiaupenanik euskara taldeko eta gazte eguneko antolatzaileekin batzartu zen, eta momentu hartan bertan festak bertan behera uztea erabaki zuten aho batez. Beraz, aurreikusitako festa egitarau guztia bertan behera gelditu zen. Udalak lakuntzarrak gonbidatu zituen Azpirozi maitasuna adieraztera, eta, horretarako, festetako atorrak etxeko balkoietan jartzera. Hala egin zuten askok eta askok. 

Azpiroz udaleko zinegotzia eta kultura eta festa batzordeko burua zen. Festetan hainbat eginkizun izan zituen: hasierako txupinazoan bera ibili zen suziriak prestatzen, 2022an jaiotako haurren zapi banaketako aurkezlea izan zen, auzateetan lanean, eta abarretan. Udalean bazuen eskarmentua 2007 eta 2011 urteen artean Eusko Abertzale Ekintzako zinegotzia izan baitzen. Lakuntzar guztiek, haur, gazte eta heldu, ezagutzen zuten. Izan ere, Lagun Artea futbol taldeko jokalaria izana zen, Gure Ametsa jubilatu elkarteko taberna kudeatu zuen, herriko erraldoi eta buruhandien konpartsako kidea zen, Ozarki Txarangako kidea eta Al Karajo musika taldeko abeslaria. Hutsune handia utzi du lakuntzarren artean.