Joseba Perez Fernandez (2008-03-05) lakuntzarrak 15 urte ditu, eta Villarreal futbol klubeko kadeteen mailako jokalaria da bigarren urtez. Gazte Berriak taldearekin infantilen mailan jokatzen ari zela, 13 urterekin hartu zuen Villarrealera joateko erabakia, bere bizitza hankaz gora jarri zuena: beste herrialde bat, beste futbol talde bat, beste ikasketa batzuk... Tamaina hartu dio Castelloneko bizimoduari eta talde horiari, baina “oso pozik” itzultzen da Lakuntzara oporretan, eta libre duen guztietan.
Lakuntzako Lagun Artea taldean hasi zinen futbolean trebatzen, baina gero Antsoainen jarraitu zenuen ibilbidea, Gazte Berriak taldean.
Bai, baina Gazte Berriak taldean hasi baino lehen areto futbolean probatu nuen, Xotan. Ongi ibili nintzen, baina futbolera itzultzea erabaki nuen. Futbolean jokatzeko espazio gehiago dago, eta jokoa ezberdina da. Nik futbolean jokatzen gehiago disfrutatzen dut. Eta orduan Gazte Berriaken hasi nintzen.
Infantiletan denboraldi bikaina egin zenuen Gazte Berriakekin. Aldi berean, 14 urtez azpiko Nafarroako futbol selekzioarekin ere aritu zinen. 2022 urte hasieran, oraindik 14 urteak bete gabe zenituela, Villarrealekin fitxatu zenuela jakin genuen, 2022/2023 denboraldian bertan hasteko. Erabakia, gainera, zuk hartu zenuen, ez zure gurasoek.
Bai, hala da. Villarrealera joateko erabakia nik neuk hartu nuen. Gurasoek argi eta garbi esan zidaten nire erabakia izan behar zela, nik erabaki behar nuela zein taldetara jo behar nuen, aukera hau ez zelako eurendako, niretako baizik.
Izan ere, beste talde batzuek, esaterako Errealak, Osasunak eta Athletic-ek zugan interesa ere bazuten. Zergatik Villarreal?
Argi nuen. Villarrealen harrobia estatuko hoberenetarikoa da, eta animatu nintzen. Noizbait nigan interesik ez badute edo zerbait gertatzen bada, etxera itzul naiteke eta inguruko taldeetan probatu. Beti dago etxeko taldeetara bueltatzeko aukera.
Aita realzalea eta ama athleticzalea dituzu; eta zu, berez, gorritxoa, osasunazalea. Ez al zenuen Osasunan geratzeko tentaziorik izan?
Argi nuen Villarrealera joan nahi nuela, uneren batean zerbait gustuko ez badut bueltatu naitekeelako.
"Hasieran taldera egoitzea kostatu egin zitzaidan, beroarengatik. Pixkanaka, ohitu nintzen"
BIZIMODU ALDAKETA
Aldaketa handia, Nafarroatik Castellonera. Ez zen soilik futbol talde aldaketa izan, ikasketak eta bizimodua bera aldatu baitzitzaizun, familia eta lagunetatik urruti. Non bizi zara?
Villarrealeko Manuel Llaneza Kirol Hiriko erresidentzian. Kirol Hiria oso handia da. Bederatzi futbol zelai ditu, eta erresidentzia, eta bestelako zerbitzuak. Kanpotarrak garenak bertan bizi gara. Aldiz, bertakoak direnak euren etxeetan bizi dira.
Eta ikasketak, non egiten dituzu?
Erresidentzia ondoan dagoen institutu publiko batean ikasten dut. Villarrealen gauden kanpotar gehienak bertan ikasten dugu.
Andra Mari ikastolan ikasketak euskaraz egitetik Castellonen valentzieraz eta gazteleraz egitera, aldea handia izango da.
Bai. Euskara utzi, eta valentziera eta gaztelaniera hartu behar izan nituen. Hasieran zaila egin zitzaidan, baina denborarekin ohitu nintzen. DBH 3 egin nuen joan zen urtean; eta aurten, DBH 4 maila.
Pentsatzekoa da Villarrealeko hasierako egunak ez zirela errazak izango.
Jakina. Familia eta lagunak uztea gogorra egiten da. Behin betiko joan baino lehen, egun batean familiarekin harrera egin ziguten, Manuel Llaneza Kirol Hiriko instalazio guztiak ezagutzeko, erresidentzia barne. Gero, Lakuntzara bueltatu ginen, eta 2022ko udako oporren ondoren jada ni bakarrik joan nintzen.
2022/2023 denboraldian Valentziako Liga Autonomikoko kadeteen mailan jokatu zenuen. Zer moduz egokitu zinen talde berrira?
Hasieran kostatu egin zitzaidan, beroarengatik. Villarrealen sekulako beroa egiten du, eta berora egokitu beharra dago. Gutxika, ohitu nintzen. Taldekideekin, aldiz, hasieratik oso gustura aritu nintzen. Lehenengo egunetik harreman ona egin nuen eurekin.
Nongoak dira taldekideak? Bertakoak ala kanpotarrak?
Villarrealeko harrobian gehienak kanpotarrak gara; proportzioan, bertakoak baino gehiago. Andaluziar asko daude. Estatuko jendea: nafarrak, madrildar pare bat...
Villarrealen helburuetako bat harrobi indartsua izatea da. Estatu guztian barna ikuskatzaileak dituzte, jokalariei jarraitzen. Harrobia sortzeko apustu handia egin dute. Horregatik zaudete kanpotar gehiago?
Valentzian jokalari oso onak daude, baina Villarreal lehen mailako harrobia egiteko lanean dabil, eta harrobi sendo hori sortzeko nahian jokalari asko kanpotik ekartzen dituzte.
"Aurre denboraldia jubenilekin egin nuen, klubak hala eskatuta. Gustura aritu nintzen, ongi"
IKASI, ENTRENATU, JOKATU
Nolakoa da zure egun normal bat Villarrealen?
Egun guztiak berdinak dira: jaiki, eskolara joan, eta bazkaldu ondoren etxeko lanak egiteko ordu bat izaten dugu. Laguntza ematen diguten irakasleak ditugu alboan, ditugun zalantzak argitzeko eta ikasketak egunean izateko, klubak ikasketei garrantzia handia ematen baitie. Eta, ondoren, entrenatzera goaz. Egunero ordu bat eta erdi, gutxi gorabehera. Liga hasten denean, astebururo partidak ditugu. (Irailaren 9an hasi zen Valentziako Liga Autonomikoko kadeteen 2023/2023 denboraldia, eta Villarrealek 1 eta 3 galdu zuen El Rumbo taldearen kontra).
Zer moduz joan zen aurreko denboraldia?
Joan zen denboraldian kadeteen lehen urtean nengoen, eta Roda taldean jokatzen nuen. Izan ere, kadeteetan bi talde ditu Villarrealek: Villarreal eta Roda. Rodan lehen urteko kadeteak aritzen ginen bereziki, baina arerio asko bigarren urtekoak genituen. Ligan ongi hasi ginen, baina gutxika behera egin genuen eta, azkenean, mailaz jaitsi ginen. Aurten kadeteen Villarreal taldean jokatuko dut, bigarren urteko kadeteetan. Joan zen urtean hirugarren sailkatu zen.
Zein dira aurtengo helburuak?
Liga irabaztea. Valentziako kadeteen liga maila handikoa da, zaila. Villarrealez gain, Valencia eta Levante taldeen harrobiko taldeak ere oso onak dira, baina baita gainontzeko taldeak ere. Badaukagu irabazteko eta goian egoteko presio hori.
"Valentziako kadeteen liga maila handikoa da, zaila. Badaukagu goian egoteko presio hori"
Aurre denboraldia abuztuaren 7an hasi zenuten, ezta?
Kadeteena bai, baina nik aurten aurre denboraldia jubenilekin egin dut. Lakuntzan oporretan nengoela jubenilekin entrenatuko nuela esateko deitu zidaten. Uztail bukaeran joan nintzen Villarrealera. Espero baino lehenago. Gustura aritu nintzen eurekin, ongi. Baina 2023/2024 denboraldia kadeteen Villarreal taldean egingo dut. Pentsatzen dut Jubenilekin entrenatu nuela esperientzia gehiago hartu eta kadeteetan hobeki aritzeko.
Hegala zara, alboko jokalaria, ezkerra. Hortaz, oso preziatua.
Beno... (kar, kar)
Nola ikusten duzu zeure burua jokalari gisa? Hobetzen zoaz? Zure errendimenduarekin kontentu al zaude?
Oso kontentu nago. Ez dut lesio larririk izan, zortea alde, eta alde horretatik ere pozik nago.
Nolakoa da entrenatzailea? Zuen onena lortzeko asko estutzen al zaituzte?
Joan zen urtekoak ez gintuen gehiegi estutzen, baina, aurtengoak, Victor Herrerok, bai, ordea. Jatorra da: gustuko dut. Estutzen gaitu, eta hori da egin behar duena.
Villarrealera joateko hartutako erabakiarekin ongi egin duzula sentitzen al duzu?
Bai. Tarteka baditut une txarrak, eta behera egin nuen hasieran bereziki. Une horietan pentsatzen nuen esaterako Athletic aukeratuko banu, astebururo Lakuntzan nengokeela, familia eta lagunekin... Tarteka izaten ditut halako unetxoak, baina pasatzen zaizkit.
Nola hartu zuen familiak zure martxa? Eurendako gogorra izango zen.
Suposatzen dut gogorra izango zela, eta izaten jarraitzen duela. Hilero asteburu bat pasatzera etortzen dira, nirekin egon eta partida ikustera.
Hortaz, pozik etorriko zara Lakuntzara, oporretan eta libre duzunean.
Bai, deskonektatzen dut eta oso gustura egoten naiz lagunekin. Aurten taldekide bat egon zen egun batzuk pasatzen: Welle Babacar senegaldarra. Bera bakarrik etorri zen hona; bere familia Senegalekoa da. Bartzelonako zentro batean dago, futbol talde batean jokatzera joan zen, eta handik hartu zuten Villarrealen jokatzeko. Oso jatorra da, lagun ona. Oso gustura egon zen Lakuntzan. Aurten ere elkarrekin jokatuko dugu.
PIXKANAKA, GORA
Villarrealgo lagunekin ateratzen zaretenean zer egiten duzue?
Gehienak futboleko lagunak gara, eta normalean afaltzera edo zerbait hartzera ateratzen gara, eta tarteka, zinemara. Baina parrandarik, apenas. Asko zaindu beharra dugu.
Lehen mailako Villarrealen partidak ikusteko aukera duzue?
Bai. Gu bazkideak gara. Pasea ematen digute, eta partidak ikustera joaten gara. Villarreal ongi ikusten dut; Barçaren kontra nahiko ongi aritu zen, baina Cadizen kontra galdu egin zuen. Ligan goian urtero berberak egoten dira borrokan: Barça, Real Madrid, Athletico de Madrid... Eta gero, azken urteetan Reala eta Villarreal Champions postuen lehian egoten dira.
Villarrealek Valenciarekin eta Levanterekin lehiakortasun handia du kategoria guztietan. Derbiak emozio handikoak izango dira, estuak.
Bai. Oso. Aurreko denboraldian bigarren mailako Villarreal B eta Levante taldeen arteko derbian baloiak jasotzen aritzea tokatu zitzaidan, Levanteko zaleak zeuden harmailaren parean. Levanteko zaleak builaka, deiadarka, kexaka... Ez ninduen gehiegi harritu, hemen ere Osasuna zalapartatsua baita.
Goiko kategorietara, lehen mailara edo bigarrenera heltzea oso garestia izango da.
Nik ez dut horretan asko pentsatzen. Finean, urtero eta pixkanaka-pixkanaka igotzea da kontua. Kadeteak, gero jubenilak... Gizonezkoetan jubeniletan hiru talde ditu Villarrealek. Horrez gain, bigarren mailako Villarreal C taldea dago, eta, azkenik, lehen mailako Villarreal. Helburua, orain, kadeteetan lan ona egitea da.
Zaila izango da denboraldia?
Guztiak dira zailak. %100 eman beharra dago, eta ea nola ateratzen den!