Lakuntzako Gure Nahia elkarteak bazkide eguna ospatu zuen

Guaixe 2023ko ira. 25a, 09:01

Lakuntzarrak elizan Paz de Ziganda helduen abesbatzaren kontzertua entzuten. UTZITAKOA

Irailaren 17an, igandearekin, izan zen eta eguerditik iluntzera arte iraun zuen ospakizunak. Osasuna hizpide zuen hitzaldi bat izan zuten hurrengo egunean

Lakuntzako Gure Nahia jubilatu elkarteak bazkidearen eguna ospatu zuen hilaren 17an. Ospakizunen egitaraua Paz de Ziganda ikastolako helduen abesbatzaren kontzertuarekin hasi zuten. Hura entzutera Lakuntzako elizan ehun pertsona baino gehiago elkartu ziren. Musika emanaldiak aho zapore ona utzi zien, "ekitaldi polita eta ikusgarria" izan zela jakinarazi baitute. 

Bazkaltzera, mahaiaren bueltan, 78 pertsona elkartu ziren. Aurten urrezko ezteiak ospatu dituzten hiru bikote omentzeko ere baliatu zuten bazkide eguna. Ezkonduta 50 urte bete dituzten eta aitortza jaso zuten bikoteak Juan Mari Olasagarre eta Rosario Zubeldia, Felipe Artieda eta Mari Jose Imirizaldu eta, azkenik, Loli Goikoetxea eta Joaquin Sarda izan ziren. Diamantezko ezteiak bete zituen bikoteari aitortza elizan egin zioten: Angel Andueza eta Marisol Larrañaga. Bazkaldu ondoren, mus txapelketa azkarra jokatu zuten lau bikotek eta akaberan sariak banatu ziren. Iñaki Bizkai akordeoilariaren doinuek elkartean zeuden guztien arratsaldea alaitu zuen. 

Irailaren 18an, astelehenean, berriz, elkarteak Josean Pinedo mediku donostiarraren Pandemiaren ondoren, zer? izenburuko hitzaldia hartu zuen. Osasun krisi horren ondorengo beldurrak, jendea nola gelditu den... Pinedok ez zuen aurreneko saioa Lakuntzan. Jendeak gogoko du "hurbila" delako, eta harekin gustura egoten dira.  Elkarteak, bestetik, patata tortilla dastaketa ere antolatu zuen.

Elkarteaz
Gaur egun 228 bazkide ditu Gure Nahia jubilatu elkarteak. Lakuntzarrak, herritik kanpo bizi direnak, Altsasuko batzuk... denetariko bazkideak dituzte. Ahal diren guztiak bazkidetzen saiatzen dira. Zuzendaritzako kideen asmoa egoitza "bizirik" egotea da. Horregatik, ahaleginak egiten dituzte jarduerak antolatzeko. Ikasturte hasi berrian dagoeneko martxan dituzte pilates, eskulanak eta crochet ikastaroak. Azken hori berria da. Mus eta partxis txapelketak antolatzen dituzte. Euskara praktikatzeko Mintzakide taldea ere badute, astean behin elkartzen dena. 

Tarteka bidaiak ere antolatzen ditu Gure Nahia elkarteak. Urtean behin bidaia handi bat egiten dute. Horren erakusle, Turkiara joanen dira maiatzean. Gainera, urtean zehar egun bakarreko iraupena duten hiruzpalau txango egiten dituzte. Eta bost eguneko iraupena duten bidaia pare bat edo ere egiten dituzte. Olaztiarrekin batera egiten dute. Irurtzundar batzuk ere animatzen dira haiekin joatera. Jendeak gustura hartzen du eskaintza. 

Modu batera edo bestera, jendea elkartera erakarri nahia dago guztiaren atzean. Zuzendaritzan uste dute haien egoitza bizirik dagoela, baina sikiera astean behin joateko gonbidapena egin dute. Hala ere, aitortu dute garai bateko eta gaur egungo adinduen beharrak aldatu direla, desberdinak direla. "Ez da beti egoitzan egotea, bestela ere nahiko sozializatzen dugu. Hala ere, etorri beharra dago".