Ane Zubeldia Morras lakuntzarrak bere lehenengo marrazki erakusketa mustu du Lakuntzako Sorginak tabernan. Urriaren 13tik aurrera ikusgai daude tabernako hormetan 20 urteko gazteak sortutako pertsonaiak. Manga estiloa marraztea gustatzen zaio Zubeldiari, duela zenbait urte jarraitzen du estilo hori. "Oso pozik" dago erakusketarekin, eta dagoeneko jende asko gerturatu da bere lanak ikustera. Manga estiloa jendearengana gerturatzea nahi du, eta erakusketaren "gustatuko" zaiola uste du.
Noiz hasi zinen marrazten?
Txikitatik gustatu izan zait marraztea, eta denborarekin ere marrazten jarraitu dut. Gustatzen zait.
Pintura ikastaroetara joan zara?
Bai, txikitan hemen, Lakuntzan, pintura eskoletara joaten hasi nintzen. Marraztu, koadroak eta horrelako lanak egiten nituen.
Zein estilotako marrazkiak egiten dituzu?
Orain manga estiloko marrazkiak egitea gustatzen zait, animazio telesailetakoaketa. Horiek ikustea ere izugarri gustatzen zait. Txuri beltzak eta koloreak nahasten ditut; batzuetan batzuk eta beste batzuetan beste batzuk egiten ditut.
Zergatik manga?
Estilo horietako gauzak ikusten ditudalako. Ez dakit azaldu zehazki zer duten. Animazio horiek gustatzen zaizkit; desberdinak dira. Pertsonaiak ere desberdinak dira.
Eta marrazteko orduan desberdintzen dira?
Bai. Desberdinak dira. Marrazten dudanean itxura eta elementuak desberdinak dituzte: aurpegiak, begiak, baita gorputzak ere, guztiz desberdinak dira.
Zaila da manga estiloko marrazkiak egitea?
Denetarik dago. Marrazki zailak eta errazak, era guztietakoak.
Mangaren historia ezagutzen duzu?
Japoniatik datorren animazio estilo bat da.
Manga mundu bat da, zer ikustea gustatzen zaizu?
One Piece, esaterako. Pirata batzuen istorioa kontatzen du. Beste animazio batzuk ere ikusten ditut.
Noiz hasi zinen manga ikusten?
Pandemiako itxialdian hasi nintzen mangaren munduan sartzen. Ez dakit nola iritsi zitzaidan, ikusten hasi nintzen, eta gustatu zitzaidan.
Komikiak jarraitzen dituzu?
Manga estiloko libururen bat edo beste badut, baina denak txuri beltzean dira, eta niri tartekatzea gustatzen zait.
Pertsonaia faboritorik?
Asko ditut, egia esan. Ezin dut bakarra aukeratu.
Eta zeren arabera egiten dituzu txuri beltzean edo koloretan?
Garaiaren edo egunaren araberakoa izaten da, batzuetan txuri beltzean egitea gustatzen zait, eta bestetan koloreak nahiago ditut.
"Marrazki zailenak egiteko agian hamar ordu inguru egon naiteke marrazten"
Gutxi gorabehera zenbat denbora behar duzu marrazki bat egiteko?
Marrazki zailenak egiteko agian hamar ordu inguru behar izaten ditut.
Zer material erabiltzen duzu?
Arkatza, errotulagailuak eta boligrafoak.
Nonbaiten ikasi duzu manga marrazten?
Nik bakarrik ikasi dut. Animazio telesailak ikusten hasi nintzen eta horiei jarraituz marrazten hasi nintzen. Antzekoak egiten ditut, baina nire ukituak ematen dizkiet. Oraindik ez dut pertsonaia propiorik sortu, horretan nabil; pixkanaka.
Zenbat marrazki erakutsi dituzu Sorginak tabernako erakusketan?
Marrazki pila ditut, asko. Gutxi gorabehera hamalau bat jarri ditut erakusketan, baina askoz gehiago geratu dira jarri gabe. Beste batean izan beharko da.
Eta zergatik aukeratu dituzu horiek?
Jendearendako bitxienak edo deigarrienak izan daitezkenak hartu ditut. Desberdinenak edo direnak.
"Gehien-gehienetan pertsonaiak agertzen dira; eszena desberdinetan"
Nolakoak dira?
Gehien-gehienetan pertsonaiak agertzen dira, telebistako saioetan oinarritutakoak. Eszena desberdinetan agertzen dira.
Nola sortzen duzu? Zein da prozesua?
Marrazkia sortzeko hasteko irudia pentsatzen hasten naiz, zer nahi dudan marraztu pentsatzen dut. Arkatzarekin gutxi gorabehera marrazten dut, bozetoa egiten dut, eta ondoren, boligrafoarekin errepasatzen hasten naiz. Ondoren, txuribeltzean edo koloreetan egingo dudan erabakitzen dut. Hobekien zein geldituko den pentsatzen dut. Beraz, bozetoekin hasten naiz eta gero pixkanaka osatzen eta erabakitzen joaten naiz.
Marrazteko giro berezia behar duzu?
Lasai nagoenean marrazten dut, nire lasai egoteko momentua da.
Pintura klaseak ematen jarraitzen duzu?
Orain ez. Hamahiru edo hamalau urterekin Lakuntzako pintura tailerra utzi nuen, baina nire kabuz marrazten jarraitu nuen, orain arte, marraztea gustatzen zaidalako eta, gehienbat manga marraztea gustatzen zait.
Pinturarekin zerikusia duen zerbait ikasten ari zara?
Arte grafikoak ikasten ari naiz, Iruñeko Salesianosetan. Ez dugu asko marrazten, baina artearen munduarekin zerikusi pixka bat badu.
Marrazten jarraitzen duzu?
Marrazten jarraitzen dut, eta jarraitzea gustatuko litzaidake, bai.