Lakuntzako Zabalarte mendi klubak urtero zenbait mendi irteera egiten ditu, ekainean Lakuntza-Aralar mendi lasterketa antolatzen du, eta Zabalarte Eguna ospatzen du: mendi irteera bereziren bat, eta, nola ez, bazkari ederra. Pandemia garaian ohiko irteerak bertan behera geratu zirenez, Aralarko Lakuntzako ganbelak identifikatu eta berreskuratzeko ideia bururatu zitzaien Zabalartekoei, kide batzuen interesa aintzat hartuz. Urriaren 21ean, Zabalarte Egunean, ganbelak ikusteko ibilbide ederra egin zuten eta gustura ospatu zuten egindako lana.
Herriko altxorrak berreskuratu
Ganbelak edo askak iturriko ura jasotzen duten egiturak dira, gehienetan kutxa itxurakoak, abereek, animaliek eta pertsonek ura edateko aukera izan dezaten. Lakuntzan, herrian eta mendian ganbela dezente daude. Aralarko Lakuntzako dermioan dauden antzinako ganbeletan oinarritu dira Zabalartekoak. Klubeko Iñaki Arkauzek ganbela batzuen berri bazuen, eta, horretaz gain, gaztetan artzain izandako Felix Arregirengana (91 urte) jo zuten informazio eske. Guztien artean Aralarko Lakuntzako dermioan zazpi ganbela identifikatu zituzten: Etxatxeta, Sardano, Artazil, Harganbela, Arzubita, Saldizazpiko ganbela eta Labako Sare. Ganbelak eraberritzea erabaki zuten, "ganbelak Lakuntzako historiaren parte direlako. Pena da altxor hori galtzea" azaldu du Ainara Lopetegik.
Denetariko lanak
Ganbela batzuk egoera hobean zeuden, eta besteak kaxkarragoan, baina guztiek ere garbiketa eta konponketa lana behar zuten. "Garai batean zuten funtzioa galtzen joan direnez, aspaldian ez ziren konpondu eta hausten eta lehortzen joan ziren". Lantaldea martxan jarri, eta, gutxika, ganbelak konpontzen hasi ziren. Zabalartekoei herritar boluntarioak gehitu zitzaizkien. Whatsaap edo Facebook bidez egindako abisuekin jartzen zuten hitzordua, eta ahal zuena joaten zen. "Dozena bat herritar inguru aritu izan gara, bakoitzak ahal zuenean".
Egurrezko seinaleak
Ganbela bakoitzak bere beharrak zituenez, eraberritze lan ezberdinak egin dituzte. “Ganbelara iristeko bidea eta ganbela inguruak garbitu, ganbela bera hustu eta garbitu, lurpeko urak ganbelara bideratu, pitzadurak zementuz itxi, hodiak ongi jarri... denetarik" gaineratu du Ainara Lopetegik. Bide batez, Lakuntzako Udalari eskerrak eman nahi dizkiote, "falta zitzaigun erreminta eta materiala udalak jarri baitu".
Lehenik eta behin Etxatxeta, Sardano eta Artazil eraberritu zituzten; ondoren, Saldizazpiko ganbela. Arzubita, Labeko Sare eta Harganbela dira eraberritzeko falta direnak; aurki egingo dira egin beharrekoak. “Harganbela ganbela naturala denez, pixka bat txukundu eta garbitzearekin nahikoa izango da, baina Arzubitak eta Labeko Sarek lan gehiago dute, Arzubitak bereziki. Hura konpontzeko zementua igo beharko dugu, eta mendian nahiko goian dagoenez, nola egin erabaki beharko dugu”.
Ganbela guztietan Jose Ramon Garinek tailatutako egurrezko seinaleak jarri dituzte, bakoitzaren izenarekin, ganbelak behar bezala identifikatzeko.
Ganbelen ibilbidea
Zabalarte Egunean ganbelak ikusteko ibilbide polita prestatu zuten. Artazilekoa izan ezik, “ez zelako eskura geratzen, nahiko urruti”, gainontzeko sei ganbeletatik pasatu ziren, eta zurezko azkeneko seinaleak jarri zituzten Harganbelan, Labako Saren eta Arzubitan. “Egun polita pasa genuen. Lasai joanez lau ordu inguruko ibilbidea, 11 edo 12 km ingurukoa egin genuen Aralarko ganbeletatik barna. Buelta polita da” gaineratu du Zabalarteko Julian Martiarenak. Ondoren, Lakuntzako Pertza Elkartean bapo bazkaldu, eta poteo polita egin zuten. “Bikain pasatu genuen”.
Ganbeletara joateko ibilbidea markatu edo ez, oraindik ez dute erabakia hartu. Hori da Zabalartekoen hizketagaietako bat. “Gu ez gara mendia markatzearen oso zaleak, mendian inpakturik ez sortzeko. Agian ibilbidearen track bat egin daiteke eta publiko egin, baina ibilbidea markatu... ez gara oso aldekoak“ zioen Martiarenak. Gaia, bada, erabakitzeke dago.
Zortzigarrena?
Aralarko Lakuntzako dermioan berritutako zazpi ganbela horiek zortzi izan daitezke, Ernesto Floresek beste ganbela baten berri eman baitie. "Ganbela naturala omen da, eta ez dakigu izena. Laban dago, Sansaastin baselizatik gora dagoen eremu zabal horretan, Paatton. Beraz, orain lana badugu. Berriro ere artzainekin bildu, eurek ganbela honi buruzko berririk ba ote zuten galdetu, zein izena duen, eta, gero, jakina, garbitu eta zurezko seinalea jarri" dio Ainara Lopetegik.