Lakuntzako udako festetako txupinazoa txaranga berri batek girotu zuen: Zarata Txaranga. Lakuntzan sortutako txaranga honen berezitasuna haren kideak dira, herri eskolako musika instrumentuak ikasten ari diren ikasleak dira. Dena 2021-2022 ikasturtearen amaieran hasi zen, Amaia Razkin eskolako musika irakasleak azaldu bezala. Urriaren 27an, ostirarala, hasi zituzten Herritik tira festetan atera zen txaranga berriro.
"2021-2022ko ikasturte amaieran jo zuen lehenengo aldiz txaranga izango zenak"
"Zenbait guraso musikari gurasoen elkartekoekin hitz egin zuten ikasleek zerbait egiteko, eta lehenengo aldiz 2022ko ikasturte amaieran jo zuten". Hurrengo ikasturtean, 2022-2023an, Razkin eskolako musika irakasle hasi zen, "eta kontatu zidaten ikasturte amaieran jo zutela eta pentsatu nuen agian berriro egin genezakeela, eta eskolako Olentzeroren egunean kalejira egin genezakeela pentsatu nuen". Ikasle musikariekin hitz egin zuen, abestiak errepasatu zituzten, eta Olentzero egunean atera ziren. "Hori izan zen gure lehenengo emanaldia eskolako txaranga bezala". Ondoren etorri ziren Inauteriak eta eskolan mozorrotzen direnean atera ziren ere eta ikasturte amaierako festan eta egunean ere aritu zen txaranga berria.
Ofiziala
2022-2023ko ikasturte amaierako festarako txarangaren izena, logoa eta kamisetak mustu zituzten. "Ikasle guztien artean izena eta logoa erabaki genuen; bakoitzak logo bat ekar zezala eskatu genuen, eta bat aukeratu genuen. Kamisetak sortu genituen ere". Udan udaletxetik deitu zieten ea abuztuko festetako txupinazoan jotzea gustatuko litzaiekeen eta bertan izan ziren. "Festa bereziak izan zirenez eta lehenago bukatu zirenez, asteburuan egin behar dituzte, eta ateratzeko esan digute".
Txarangaren berezitasun nabarmenena kideen adina da, baina txaranga baten errepertorioa jotzen dute: "Kalejiran jotzen direnak prestatu genituen, baita euskal dantzenak ere. Inauteriak zirenez, musika audio batean jarri beharrean, zuzenean jo genituen dantzak: Esku dantza, Txulalai eta kalejirako Egun da Santimamiña, Bat bi hiru lau...". Eskolako kide ohiek eta guraso musikariek ere parte hartzen dute txarangan. Guztira, hogei kide baino gehiago ditu, eta haizezko instrumentuak, perkusioa eta trikia eta akordeoiak jotzen dituzte. Baldintza bakarra Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik gorako ikaslea izatea da, "instrumentuan gutxieneko maila bat dutenak".
Txarangan parte hartze boluntarioa da, "nahi duena etortzen da", eta herri eskolaren inguruan sortu den txaranga den arren, entseguak eskolatik kanpo egiten dituzte. "Data bat gerturatzen joaten denean, pare bat aste lehenago, entseguak egiten hasten gara, arratsaldetan". Gaztetxoak "gogotsu eta ilusioz" egoten direla esan du Razkinek: "noiz entseatuko dugun galdetzen dute. Beste gauza batzuetarako tiraka ibili behar gara, baina honetarako prest daude. Aurreko entsegua ostiralean egin genuen, eta denak etorri ziren. Azkenean, etxean eta klasean jotzen duzun instrumentu hori kalean jotzea politena da, beste batzuekin, taldean, musika egitea". Oso txaranga gaztea da, eta kalitate "nahiko polita"du.
Razkinek azaldu duenez txarangak eragina izan du musika ikasketetan: "Ikasle txikiek ikusten dute zaharragoak txarangan ateratzen direla, eta asko animatu dira eskolaz kanpokoetan musika hastera, instrumentu jakin bat aukeratzera...". Eskolako txarangan jotzea helburu bihurtu da askorendako. "Gogoa kutsatzen da".