Ikasturtearen amaieran, maiatzean, Lakuntzako Herri Eskolako ikasleek Lakuntzako hizkeran egindako Hau suertie dekaune! antzezlana egin zuten. Ane Miren Iruretagoiena irakaslea zuzendaria izan zen; lakuntzarrak sortu zuen antzezlana eta ikasleei irakatsi zien: "Gure ikasle gehienek arrotza dute herriko hizkera. Herri hizkera sustatzeko asmoz egin genuen". Esperientziarekin pozik guraso batek helduendako "horrelako zerbait" egitea proposatu zuen. "Baina hor gelditu zen". Iruretagoienak proposamena Aiaupenanik Lakuntzako euskara taldeari luzatu zion, eta ideia oso polita zela esan zioten, baina ez zuen aurrera egin, "eta ni ere ahaztuta nengoen". Duela aste batzuk guraso horrek, Mikel Peñak, berriz deitu zion eta proposamena Jon Zubiaga Osoron Lakuntzan bizi den aktoreari egin zion ere, "hirurok batzar bat egin, eta deialdi zabal bat egitea erabaki genuen". Azaroaren 20an egin zuten lehenengo batzar irekia; Herri Antzerkiaren lehenengo urratsak eman zituzten.
Bost pertsona bildu ziren Lakuntzako Herri Antzerkia sortzeko lehenengo batzar horretan, eta hurrengo urratsa jendea erakartzea izango zela erabaki zuten: "Datorren asterako bakoitzak beste pertsona bat eraman behar dugu". Bideo "txiki bat" egingo dute egitasmoa promozionatzeko.
Proiektu "xumea" egin nahi dute; antzerki ariketak egiten hasiko dira, astelehenetan
Ihabarko Herri Antzerkia dute eredu. "Herri ia guztiak parte hartzen du. Hori izugarria litzateke". Momentuz, proiektu "xumea" egin nahi dute. "Deialdia hain zabala egin genuenez, agian jendea larritu da". Zehaztasunak antzeztutako "bideotxoen" bidez emango dituzte, baina Iruretagoienak aurreratu duenez astelehenetan 18:30ean 20:00etara bilduko dira, Lakuntzako kultur etxean, eta "nahi duenak parte har dezake, belaunaldi guztiei eta jatorri guztiei zabalduta egongo da; hizkuntza aldetik ere ez da arazorik izango".
"Lehendabizi ariketak egingo ditugu, Jonek asko kontrolatzen du; ahotsak aldatzeko, kofidantza hartzeko eta abar. Oinez hastea da". Esketx laburrak edo bideoak egitea ideia bat da: "Aspaldi Ama begira zazu antzezlana egin zuten eta lau pertsonek lau esketx egiten zituzten, haien artean erlaziorik ez zutenak. Horrelako zerbait egitea pentsatzen ari gara". Esketx laburrak egiteko "gai" direla ikusten dute, "beldur gara gauza luzeak edo asko entseatu beharra dutenak egiteko".
Lehenengo urratsak baino ez ditu eman Herri Antzerkiak, "ez dakigu zer aterako den, baina bakarrik horretan pentsatuz irribarrea ateratzen zitzaigun".