Sakanako Mankomunitateko Hondakinen zerbitzuaren bitartez hitzaldia eman zuen Kattuka haur eskolan.
1. Noiz hasi zinen pardel berrerabilgarriak erabiltzen?
Nik erabili izan ditut bi urtez, nire umearekin. Alai jaioberria zenean ez nituen erosi inbertsioa handia zelako denbora gutxirako, eta zuzenean handiagoak erosi nituen, sei hilabete zituenetik bi urtera arte erabili izan ditu. Neurri desberdinak daude, eta txikitu eta handitu ere egin daitezke. Orain alokairu sistema bat jartzeko proiektua garatzen ari naiz.
2. Nolakoak dira?
Oinarrizko printzipio bat dute eta da xurgatzaile bat eta estalki bat dutela. Badira batzuk denak bat deitzen direnak, biak elkarrekin daudenak, xurgatzailea barruan sartzen dena, baina lotuta daudenak; eta beste batzuk bananduta daude eta absorbenteak alda daitezke. Hori da oinarria. Mota eta marka asko daude; badira batzuk oihal bat direnak eta pintzekin hartzen direnak...
3. Nola erabiltzen dira?
Nik aukeratu nituen betiko erabilera bakarrekoak bezalakoak direnak, antzeko sistema dute. Erabiltzen duzu, aldatzen duzu eta garbitzeko ontzira botatzen duzu, eta beste bat hartzen duzu.
4. Zenbat izatea da gomendagarria?
Umearen arabera; umeak behar dituen aldaketen araberakoa izaten da. Pardel hauek ezin dira hiru egun baino gehiago garbitu gabe egon, orduan, bi egunetarako pardelak izatea da gomendagarriena; hamabost edo hogei pardelekin nahiko izaten da.
5. Zeintzuk dira abantailak?
Alde batetik, ez dituztela produktu toxikoak. Badakizu zure umeak ipurdian zer daukan, erabilera bakarrekoekin ez dakizulako oso ondo zer kimiko dituen hainbeste xurgatzeko. Bestetik, hondakin gutxiago sortzen duzula. Txoke handia eman zidan egunero poltsa bat beteta atera behar izateak.
6. Garbitzeko zerbait behar dute?
Bai. Perfumeek adibidez ez diete ongi egiten, perfume partikulak fibra tartean gera daitezkelako eta erreakzioa egin dezakete. Detergente gomendagarri batzuk daude konposizio berezia behar dutelako. Baina garbigailuan garbitzen dira; aurretik urberritzea egin behar zaie garbiketa programa motzenean eta ur hotzarekin eta gero 40 edo 60 graduko programa batekin garbitu.
7. Desabantailak?
Denok ezagutzen ditugu haurren kakak. Jaioberrienak normalean uretan disolbagarriak dira eta ez dute ezer berezirik behar, baina janariarekin hasten direnean pardelean forru biodegradagarri bat jarri behar da eta bertan plasta gelditzen da, nolabait esateko, hartu eta komunetik bota daiteke. Hori desatsegina izan daiteke; kaka gehiago manipulatzen duzula. Hasieran eragozpen gehiago ematen dizu, baina gero zerbait normaltzat jotzen duzu..
8. Eta haur eskolan erabiltzeko?
Kattukan egin genuen solasaldia prestatzeko Kataluniako marka batekin kontaktatu nuen eta horien bidez jakin nuen bertako haur eskola batean bi urte daramatzatela erabiltzen. Eskolan berrerabilgarriak erabiltzen dituzte, haiek garbitzen dituzte eta dena egiten dute. Hasieran hasi ziren haurra etxera pardel berrerabilgarriekin ateratzen eta familiek etxean kendu eta poltsa batean hurrengo egunean eraman behar zituzten. Konturatu ziren batzuk ez zutela manipulatu nahi, eta erabaki zutenak erabilera bakarrekoekin aterako zela.
9. Zenbatetik behin aldatu behar dira?
Neurriak daude, jaioberritik. Umearen tamainaren araberakoa da. Nik bi urtez erabili izan ditut, ez dakit zenbat garbiketa jaso dituzten eta oraindik erabiltzeko daude. Pixa kontrolatzen ari direnerako eroso jaisteko eta igotzeko ere badira. Gama handi bat dago. Posible da guzitz eraldatzea.
10. Inbertsioak merezi du?
Kalkulua egin nuen eta haur batek hiru urtez marka estandar bateko pardelak erosita, bakoitza 0,27 zentimotan, 2.500 euro inguru gastatzen dira. Nik 600 euroko inbertsioa egin nuen eta bi urtez erabili ditut. Jendeak dio ura edo elektrizitatea gastatzen dela, eta nire analisiaren arabera ez nuen askoz gehiago nabaritu.
11. Alokairu sistema bat garatzen ari zara.
Zer forma eman pentsatzen ari naiz. Esperientziak badaude, adibidez Valentziako neska batek egiten du. Hilabete eta bost tarteko epean alokatzen ditu proba bezala, eta gero familiak erabakitzen du uzten edo erosten dituen. Nire ideia da sistema batean sartzea. Ez bakarrik pardeletan inbertsioa egitea, jakin behar duzu zertan dantza, eta arazoak sortzen badira norbait egonb ehar da. Momentuz, ondareak.ak@gmail.com eposta martxan jarri dugu.