Lakuntzako udaletxeko beheko solairutik ganboikora pasa zen liburutegia joan zen urtean. Udalak 100.000 euro inguruko inbertsioa egin zuen hutsik zegoen ganbara egokitzeko. Horretarako Landa Garapenerako Programako 50.000 euroko dirulaguntza izan zuen. Lanak despedituta, liburutegiko altzariak eta funtsak gora igotzea falta zen. Lan horiek bi auzolanetan egin zituzten lakuntzarrek. Gaur egun ganboikoan altzariak muntatuta eta funtsak kutxetan sartuta daude.
Lakuntzako Udalak aurtengo aurrekontuak eta udalaren plantilla onartu zuen ilbeltzaren 18ko bilkuran. Oihane Oihane Uribeetxebarria Garmendia alkateak azaldu duenez, "plantillan liburuzain lanpostua sortu dugu. Aurrekontu proiektuan ere jasoa dago lanpostua. Hori eginda, liburuzain izateko pertsona bat kontratatzeko deialdia eginen dugu. Dena ongi badoa, liburutegia iraileak zabalduko lituzke ateak".
Alkateak zehaztu duenez, proposamena da liburuzainak %54 inguruko lanaldia izatea eta liburutegia 16:30etik 20:30era zabalik egotea. Kontratazioa aldi baterako izanen da eta hiru bat urteren buruan lanpostua betetzeko lehiaketa deituko du udalak. Behin kontratazioa eginda, udalaren asmoa da liburuzainarekin batera liburutegirako proiektua zehaztea. "Guk ideia batzuk ditugu, baina, esaterako, langilearekin batera espazioaren banaketa eta bestelakoak zehaztu nahi ditugu; proiektua elkarrekin egin osatu nahi dugu", jakinarazi du alkateak.
Sarea
Nafarroako Liburutegi Sareko arduradunak Lakuntzako udaletxean bisitan izan ziren abenduan. Liburutegira udalak bideratutako espazioa bertatik bertara ezagutu zuten, baita udalak dituen asmoen berri jaso ere. Haien balorazioa ona egin zuten arduradunek. Udalari jakinarazi ziotenez, behin eman beharreko pausoak eman eta liburutegia zabalik dagoenean, Lakuntzako liburutegia lagundu eginen dutela. Horretarako, bi erakundeek hitzarmena sinatuko dute. Behin hori eginda, Lakuntzako liburutegia Sarean sartuko dute eta, horrela, besteak beste funtsen katalogoa berritzeko laguntza izanen da. Itxi eta zabaldu ibili den udal zerbitzuaren ibilbide irregularra horrela egonkortuko da.
Bitartean, liburutegiak hartu zuen beheko solairuko espazioa haur txokoa da 2022tik. 6 urte arteko umeak jolasten egoteko tokia da gaur egun. Guraso talde baten eskaera jaso zuen udalak eta oniritzia emanda, haiek dira kudeaketaz arduratzen direnak.