40 taldek parte hartu zuten Herri Urratseko lehenengo maketa lehiaketa, eta horietatik Lakuntzako Muga Zero taldea izan da irabazlea. Epaimahaiaren iritziz, "azpimarratzekoa" da 40 lanen kalitatea eta "agerian geratu da euskal eszena indatsu dagoela". Erabakia ez dela batere erraza izan eta lehia estua izan dela gaineratu dute epaimahaikideek. Maketa lehiaketaren irabazleak, Muga Zerok, kontzertu emanen du maiatzaren 12an, Senpereko lakuaren bueltan eginen den Herri Urratsean, Nafarroa gunean.
Herri Urratsek antolatutako maketa lehiaketara aurkeztutako 40 taldeetatik sei iritsi ziren finalera: Arrasateko Banana Shake punk-rock-ska taldea; Baionako Kuma no Motor hardcore-punk taldea; Barakaldoko Laztana-laztana elektronika-reggaetoia taldea; Ipar Euskal Herriko Mizelium elektronika taldea; Baionako RTZ rap taldea, eta Muga Zero punk-rock talde lakuntzarra.
"Punk klasiko eta itsaskorra"
Hamar lagunek osatzen zuten epaimahaia, Herri Urratseko kideek, Badok-eko kideek eta musikariek, eta Muga Zerotik "punk klasiko eta itsaskorrak harrapatu ditu". Euskal punkaren hastapenetara bidaiatzeko aukera ematen duela gaineratu du epaimahaiak. Jon Miranda Lazkoz Joni gitarra erritmiko joleak, Ibai Lanz Betelu gitarra joleak, Ander Gasko Lizarraga bateria joleak eta Oier Larumbe Lizarraga baxu joleak osatzen dute Muga Zero taldea. 2023aren hasieran lehen diskoa kaleratu zuten.
Herri Urratsek eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten talde eta bakarlari guztiei: "Oraindik harrituta gaude lehiaketak izan duen arrakastaz, izugarri ederra da ikustean zenbat talde dauden euskaraz abesteko hautua egin dutenak, eta dagoen maila". Lehenengo edizioaren arrakasta ikusita datorren urtean bigarren maketa lehiaketa martxan jarriko dutela aurreikusi dute.