Lakuntzarrek udal informazioa jasotzeko beste aukera bat dute

Guaixe 2024ko mar. 4a, 11:00
Lakuntzarrak udaletxe ondoan. ARTXIBOA

Udala WhatsApp aplikazioaren mezularitza zerbitzuaren bidez hasiko da informazioa zabaltzen.

Lakuntzako Udalak bere jardueraren berri emateko herrian barna dauden iragarki taulak, lakuntza.eus webgunea eta Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialak ditu. Udalak jakinarazi duenez, komunikazio kanal berria izanen du aurrerantzean: WhatsApp aplikazioaren mezularitza zerbitzuaren bidez herritarrei informazioa zabaltzeko beste bide bat jarri du martxan. Lakuntzako Udalak azaldu duenez, "zerbitzu berri horrekin, arin, azkar eta kosturik gabe, nahi duten herritarrek informazio guztiaren berri izanen dute: komunikazioak, kultur programazioa, jarduerak eta bestelako udal informazioa".

Zerbitzuaren erabiltzaile izan nahi dutenek bi pauso eman beharko dituzte udal informazioa jasotzeko. Aurrena, telefono mugikorreko kontaktuen zerrendan 672 778 598 telefono zenbakia gordetzea. Hori egin ondoren, zenbaki horretara whatsapp mezu bat bidali behar da ALTA hitzarekin. Ordutik aurrera udal informazioa jasotzen hasiko da eskaera egin duenak. Zerrenda horretatik baja emateko aukera ere badago. Horretarako, aipatutako telefono zenbakira WhatsAppeko mezu bat bidali behar da BAJA hitzarekin. Jaso ondoren, udalak ahalik eta lasterren ezabatuko du zabalkunde-zerrendatik, eta komunikazioak jasotzeari utziko dio.

Lakuntzako Udalak nabarmendu duenez, "sortutakoa ez da WhatsApp talde bat, hedapen zerrenda bat baizik. Izena emanda daudenen telefono zenbakia administratzaileak bakarrik ikusiko du". Bestetik, zerbitzua "udalaren intereseko informazioa jasotzeko prestatuta dago. Mezuei eta deiei ez diegu inola ere erantzungo, ez da bi norabideko komunikazio-kanal bat izanen". Aldi berean, Lakuntzako Udalak jakinarazi du zerbitzuak ez duela balioko izapideak, proposamenak, kexak edo iradokizunak egiteko. "Horretarako, bitarteko eta bide ofizialak erabiliko dira: 948 57 60 15 telefonoa, info@lakuntza.eus posta elektronikoa edo egoitza elektronikoa". Azkenik, emandako datuen tratamenduaren arduraduna Lakuntzako Udala dela gogorarazi du.