Txirrindularitza

Aimar Tadeoren Finisher, ilusioz gainezka

Guaixe 2024ko mar. 7a, 09:15
Finisher taldearen aurkezpena Orkoiengo Andia Hotelean egin zen. FINISHER

Kern Pharma talde profesionalaren harrobiko taldea da afizionatuen Finisher, eta bigarren denboraldia egingo du Aimar Tadeok. Staffean profesional sakandarrak daude

Otsailaren 23an, afizionatuen hegoaldeko lasterketak hasi baino lehen, Finisherrek 2024ko taldea  aurkeztu zuen. Kern Pharma talde profesionaleko harrobiko taldeak erronkaz betetako egutegi zabala du aurretik, eta “ilusioz handiz” daudela nabarmendu zuen Finisher eta Kern Pharma taldeetako manager Juanjo Orozek. “Finisher taldean ametsak eraikitzen dira eta Kern Pharma taldean errealitate bilakatzen dira. Ilusio handia duten txirrindulariak ditugu, hemen trebatzeko eta hazteko aukera dutena. Finisher taldearen motorra da” gaineratu zuen. 

Finisherrek 21 txirrindulari ditu aurten, eta tartean dago Aimar Tadeo Arkauz. Lakuntzarrak bigarren denboraldia egingo du bertan. Helburua egituraren barruan hazten jarraitzea, taldeko balioetan trebatzea, eta datozen erronketan dena ematea da. 

Aimar Tadeok taldekide bikainak ditu: Alejandro Abril, Daniel Artero, Ibai Azanza, Pablo Carrascosa, Daniel Criado, Haimar Etxeberria, Adrià Franquesa, Nil Gimeno, Ismael Goñi, Ben Houlihan, Kaiet Iribarne, Albert Muntanya, Iñaki Ordoki, Raul Ostiz, Ugaitz Otxandroena, Unai Ramos, Sergio Romeo, Hugo Tapiz eta Ho Yen Yi. 

Staffean, Joseba Juango masajista da eta mekanikarien artean Andoni Ocaña urdiaindarra dago.