1980 urtean sortu zen Aralar Txirrindulari Taldea, Lakuntzan. Horrela, aurten bere 44. denboraldiari ekin dio taldeak, eta martxoaren 9an egin zuen aurkezpena, Harivenasa (Alea) babesleak Etxarrenen duen egoitzan.
Aralar klubetik adierazi dutenez, Alea-Sakana Group eskolen mailako taldeetan 25 neska-mutiko trebatuko dira aurten: promesen mailan txirrindulari bat, hasi berrietan zortzi, kimuetan hamaika eta haurren mailan bost. Kadeteen Sakana Group-Alea, aldiz, hamar txirrindularik osatzen dute, eta aurten, tamalez, ez da juniorren talderik atera. Kadeteen taldeak martxoaren 16an Fortunan (Murtzia) hasi zuen denboraldia, Espainiako Kopako bigarren lasterketan. Sei txirrindulari lehiatu ziren, bigarren urteko Erik Laiglesia, Janitz Zufiarre eta Luca Martinez, eta lehen urteko Ion Unai González, Ekai Erdozia eta Alex Gonzalez.
Alea eta Sakana Group dira Aralar Txirrindularitza Taldeko babesle nagusiak, bestelako babesleekin batera: Permagsa, Barranquesa, Kia Sakimovil, Rotugrafik, Argiro, Bikain, Xalok... "beraiei esker Sakanako txirrindularitza zaletasuna bizirik mantentzen dugu". Aralartik makina bat txirrindulari profesional atera dira: Javier Garziandia, Jose Luis Arrieta, Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Javier Etxarri, Josu Etxeberria eta Igor Arrieta.