Atletismoa

Adur Senar, bigarren Etxauriko Krosean

Guaixe 2024ko mar. 25a, 10:30

Adur Senar, Etxaurin gora. ITXASO SAGARDOY

David Palomo eta Maria Ordoñez gailendu ziren Etxauriko portua igotzeko lasterketa ezagunean. Adur Senar korrikalari lakuntzarra bigarren izan zen, 24 segundora, lesioa gainditu eta gero

Martxoaren 17an XLIII. Etxauriko Krossa jokatu zen, Etxauriko plazatik abiatu (407 m) eta Etxauriko portu gainan (840 m) despeditzen den lasterketa berezia. 7 kilometrotan 433 metroko desnibelari egin behar izan zioten aurre korrikalariek, proba gogorra. Aurten 93 korrikalarik lortu zuten proba despeditzea, David Palomo (29:22) eta Maria Ordoñez (33:43) buru zirela. 

Adur Senar Asurabarrena lakuntzarrak lasterketa ederra egin zuen. Bigarren sailkatu zen, Palomotik 24 segundora (29:46). Jose Antonio Salgado beterano altsasuarra 66. sailkatu zen (43:13), eta Miguel Yerro 85. (50:12). 

Adur Senarrek urte zaila izan du hankako lesioarengatik. Ohikoa da lakuntzarra Dantzalekuko pistetan serieak egiten eta entrenatzen ikustea, eta badirudi ahaleginak emaitza ona izan duela. Lasterketan bere burua ongi ikusi zuela aitortu zuen lakuntzarrak helmugan. "Lasterketa ongi prestatu nuen, eta lesioaren ondotik azken asteetan ongi sentitu naiz. Hasieratik erritmoa hartu eta goraino erritmo bera mantentzen saiatu naiz. Ezin izan dut lehendabizikoarekiko distantzia gutxitu" azaldu zuen, gogorrena bukaera izan zela gaineratuz. "Nekea pilatzen da, eta orduan asko sufritzen da".