Lakuntzak UEMAko kide izatea erabaki du

Guaixe 2024ko mar. 25a, 09:00
Jendea Lakuntzako udaberriko azokan. ARTXIBOA

Datu soziolinguistikoak ahalbidetzen dutenez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabaki zuen atzo. Euskararen normalizazioaren aldeko erakunde horretan dagoen Sakanako laugarren udala izanen da, Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranatzekin batera.

Korrika aurreko egitarauaren barruan, Lakuntzako Udalak aurkezpen solasaldia antolatu zuen: Lakuntza udalerri euskaldunen artera: zergatik UEMA? Martxoaren 13an udalak lakuntzarrei jakinarazi zien herriak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko baldintzak betetzen dituela. Izan ere, lakuntzarren artean euskararen ezagutza handitu egin da eta %65 inguruk badaki euskara. Euskararen ezagutzak gora egin ondoren, azken datu soziolinguistikoen arabera udalerri euskaldunen multzoan dago orain Lakuntza. Horri helduta, Lakuntzako Udalak UEMAko kide izatea erabaki zuen martxoaren 21eko osoko bilkuran. "Aukera hori euskararen bizi-iraupenari eta erabilerari bultzada emateko baliatu nahiko genuke", adierazi du Oihane Uribeetxebarria Garmendia alkateak.

UEMAk, eragile politikoa izateaz aparte, bere kide diren udalei euskara zerbitzua ere eskaintzen die. Horren baitan, administrazioa euskalduntzeko zerbitzuak, udalerriak euskalduntzekoak, herritarrak ahalduntzeko zerbitzuak eta udalerriaren zaintza eta garapenari begirakoak ere eskaintzen ditu. UEMAk 107 kide ditu, horietatik hamazazpi nafarrak dira, eta Lakuntzarekin, lau sakandarrak: Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranatz. 

Kezka 
Euskararen ezagutzak eta kaleko erabilerak apur bat gora egin duten arren, kaleko erabilerarekin oso kezkatuta dago udala. Uribeetxebarriak adierazi duenez, "erabilera bultzatzea da hurrengo urteetarako erronka. Izan ere, Lakuntzan erdara da nagusi kalean. Erabilera bulkatzeko, elkarlana eta auzolana ezinbesteko lanabesak izango dira. UEMAren esperientzia eta udalerri euskaldunetarako duen hizkuntza politika Lakuntzarako ere bidelagun izan daitezkeela sinesten dugu".

Euskaldunen eta ia euskaldunen ehunekoak apur bat gora egin du Lakuntzan, eta horrek ahalbideratu dio udalerri euskaldunen multzora iristea. Kaleko erabilerak ere gora egin du, baina, hala ere, %34,3koa da oraindik. Hori iraultzea da udalak hartuko duen erabakiaren helburuetako bat.