Aralar klubeko Sakana Group-Alea taldeko txirrindulariek asteburuan mustu zuten denboraldia, Murtzian, Espainiako Koparako baliagarria zen Fortunako Hiribildua lasterketan (57 km). Lasterketa eroa izan zen, emozio handikoa, ihesaldi eta erorikoekin, tartean Sakana Groupeko Alex eta Janitzen erorikoak. Biek lasterketa utzi behar izan zuten. Azkenean, hamar txirrindularien arteko esprintean erabaki zen garailea eta Javier Muñoz (+Vatios Qatar) izan zen txapelduna (1:26:47).
Luca Martinez hamahirugarren iritsi zen (1:26:51). Top 20an sailkatzeaz gain, lakuntzarrak mendiko saria irabazi zuen. Bestalde, Erik Laiglesia 27. postuan sartu zen (1:28:26), baina sari ederra ekarri zuen, tartekako helmugen saria. Bukatzeko, Ekai Erdozia 41. sailkatu zen (1:28:38), eta Ion Unai Gonzalez 67. (1:32:54).
Beraz, egindako talde lan bikainarekin eta bizitako esperientziarekin oso kontentu itzuli da talde sakandarra.
Nafarroako kadeteen denboraldia, hastear
Nafarroako kadeteen denboraldia martxoaren 23an hasiko da, Tafallan, 16:30ean abiatuko den El Caserio Valsay Trofeoarekin (53 km).