Hiru hamarkada pasatu ez balira bezala

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mar. 26a, 11:23

Delirium Tremenes taldea Lakuntzako kultur etxean.

Delirium Tremens taldearen kontzertua izan zen, Lakuntzako kultur etxean. Iñigo Muguruzaren omenaldi kontzertuan "sabelan zerbait piztu", eta hiru hamarkadako etenaren ondoren eszenatokietara itzuli zen taldea.

Delirium Tremens musika taldea 1980ko eta 1990ko hamarkadetan Euskal Herriko rock talde erreferente izan zen. Hiru hamarkadatako etenaren ondoren, 2022an, taldeak 35 urte bete zituenean, oholtzara itzuli zen eta disko berria kaleratu zuten: Hordago. Martxoaren 23an talde mitikoa Lakuntzako kultur etxean izan zen.

"Gazteak ginen eta ez genekien ondo non sartzen ginen eta nola joango zen. Beste gazte asko bezala, gure potroengatik talde bat egin eta hortik aurrera bukaera arte". Andoni Basterretxea Delirium Tremens taldeko abeslaria da, eta taldearen hasierak gogoratu ditu. 1991ko azaroaren 30ean eman zuen taldeak garai hartako azken kontzertua. Bost urtetan lau disko kaleratu zituzten: Hemen denak berdinak dira 1987an, Ikusi eta ikasi 1989an, Hiru aeroplano 1990an eta Bilbo Zuzenean 91-5-24, ordura arte agur diskoa zena. "Bidea oso polita izan zen, eta ezin hobeto pasa genuen. Oroitzapen polit asko tartean,baina agian politena taldea uzterakoan denok lagun on bezala bukatzea izan zen, agur eder bat eskainiz".

Itzulera
2019ko irailean Iñigo Muguruza taldeko kide izandako hil zen, eta urte horretako abenduan egin zen kontzertu omenaldi batera gonbidatu zituzten taldekideak: "Han parte hartu eta dirudienez sabelean zerbait piztu, eta berotu ginen. Pare bat hilabete eztabaidatu eta gero bueltatzea erabaki genuen". Presarik gabe eta kantu berriak tartean zirela bueltatzea erabaki zuten, "segidan pandemia sartu zen...". 

"Zuzeneko polit eta potentea egiten saiatzen gara, ahal dugun guztia ematen dugu"

Azkenean, 2022. urtean, taldeak 35 betetzen zituen urtean, itzuli zen eszenatokietara. "Polita izan da. Lehenengo kontzertu ofiziala BECen eman genuen, jende pila baten aurrean, eta hemen gabiltz oraindik batera eta bestera". Bihar, esaterako, Lakuntzan izanen dira. "Gure kontzertuek ez daukate itzeleko berezitasunik, gure aurpegiak ezik...". Zuzeneko "polit eta potentea" egiten saiatzen direla esan du Basterretxeak, "argiak eta soinua ahaztu gabe, ahal dugun guztia ematen eta ondo pasatzeko, jendeak gurekin ondo pasa dezala". Bestela, Delirium Tremens taldearen kontzertuak nolakoak diren ezagutzeko modu hoberena, "etorri eta ikusi!".