Afizionatuen mailako Nafarroako Itzuliak lau etapa eta egun gogor bizi zituen maiatzaren 23tik 26ra. Azkenean, Artaxoan despeditutako azken etapan Rural Kutxa-Alea taldeko Alex Diazek lortu zuen itzulia irabaztea (15:13:22), Laboral Kutxako Iker Trigori 50 segundo eta Finisher taldeko Nil Gimenori 56 segundo aterata.
Nafarren sailkapenari dagokionez, lehen etapan Ailetz Lasa ziordiarra izan zen lehen nafarra, helmugara hirugarren iritsi eta gero, baina bigarren etapan Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarrak (Finisher) kendu zion postua, bigarren etapan hirugarren izan eta gero, eta bukaerara arte nafarren sailkapenari eustea lortu zuen Tadeok. Horrela, Nafarroako Itzuliko lehen txirrindulari nafarra izan da, (sailkapen orokorrean hemeretzigarren, 8:07ra), itzuli ikusgarria egin eta gero. Tadeok aitortu zuenez, ez zuen lehen nafarra izatea espero. “Ez ginen espektatiba horrekin etorri, baina maillotari eusteko ongi ikusten nuen nire burua eta maillot urdina lortzera joan gara. Oso pozik nago, eta Nil Gimeno taldekidearen hirugarren postuarengatik baita ere”.
Mikel Uncillak (Rural Kutxa-Alea) eta Ailetz Lasak ezin izan zuen Nafarroako Itzulia despeditu.