Ekainaren 9an, igandea, Lakuntza-Aralar mendi lasterketa jokatuko da, Zabalarte klubak antolatuta. Aurten izena emate gehiago daudela nabarmendu du Zabalarteko Iraitz Berastegik, eta korrikalari eliteek izena eman dutela, lasterketa Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa izango delako.
Lakuntza-Aralar lasterketa aldi berean Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa izateak antolakuntza lan gehiago dakar?
Ez. Antolaketa berdina da, baina txapelketa denez, korrikalari gehiagok ematen dute izena. Iazko izena ematearekin alderatuta dezente nabaritu da.
Oraindik zabalik dago izena ematea?
Ekainaren 6a da izena emateko azken eguna. Lasterketa motzean (13,3 km, 640 m desnibel +) izena emateak agortu dira, eta oso pozik gaude. 150 korrikalari dira. Motzean emakumeen partaidetza asko igo da; herenetik gora dira emakumeak, eta berri pozgarria da. Lasterketa luzean (26 km, 1.200 m desnibel +) 120 korrikalari inguru daude izena emanda, eta 50 korrikalariendako tokia dago. Hemen normalean %80 gizonezkoak izaten dira. Horretaz gain, mendi martxa dugu ere. Ibilbide motzeko ibilbidea kontrako norantzan egiten da, eta 8:30ean abiatuko da. Lasterketak, aldiz, 9:30ean.
Haurrendako zerbait antolatu duzue?
Haurrengan zaletasuna sustatu nahi dugu, eta 10:00etatik aurrera lasterketa labur batzuk egingo ditugu plazan, haurrek beraien tartetxoa izan, eta lasterketaren parte izateko. Dortsalak egunean bertan jasoko dituzte, eta bukaeran sorpresa izango dute. Bestalde, 18 urtez azpiko lakuntzarrek parte hartzea dohainik izango dute, bai lasterketa laburrean, eta baita mendi martxan ere.
Korrikalari ezagunak etorriko dira?
Oilar guztiak edo gehienak izena emanda daude, eta uste dugu lehia handia egongo dela. Data oso zailak dira hauek, ekitaldi askorekin, baina hala ere lasterketari oso onek eman dute izena.
Guztia antolatzeko zenbat ari zarete lanean?
Lan taldean bost pertsona gaude, lasterketaz gain mendi irteerak eta beste prestatzeko. Egunean bertan 90 boluntario inguru egongo gara lanean. Pozgarria da herritarren laguntza hori izatea. Aurten deialdi moduko bat egin dugu, belaunaldi erreleboa prestatzen hasteko. Pixkanaka gazteak sartzen ari dira, eta hori pozgarria da.
Lasterketa luzea Irumugarrietaraino (1.431 m) iristen da, eta korrikalari askok ikusgarria dela diote.
Ibilbidea oso polita da, bereziki Guardetxetik aurrerako ibilbide guztia, Aralarko parke naturala ikusgarria baita. Berde-berde dago guztia, oso ederra. Motzak Guardetxeraino (1.035 m) egiten du bidea luzearekin batera, baina gero beste bide bat hartzen du. Hasiberriendako edo horrenbeste km egin nahi ez dutenendako oso egokia da. Ez dauka luzeak dituen ikuspegiak, baina ibilbidea polita da.
Egun horretan goizetik egoten da mugimendua.
Goizeko 8:00etan hasten gara dortsal banaketarekin eta giroa sortzen da. Lasterketa plazan ikustea polita da, baina Guardetxera igotzea ere aukera ederra da, lasterketako puntu ezberdinak ikus daitezkeelako. Eta lasterketa jarraitzeko beste aukera polita mendi martxan parte hartzea da. Jendea lasterketa ikustera etortzera animatzen dut; ongi pasako dute.
Etiketa Berdean sartu zarete; beste pauso bat.
Triku Trail, Uharte Arakil Beriain eta hirurok mendizaleak gara. Horrela, aspalditik datozen balioak dauzkagu, eta balio horiek mantentzea da helburua, hau guztia ez degradatzea. Jasangarritasuna sustatu, korrikalarien arteko berdintasuna bermatu, eta euren arteko elkar laguntza eta giro ona sustatu, hori da nahia.