Mendi lasterketak

Lakuntza-Aralar, beti berdin, baina aurten ikusgarriago

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 14a, 10:00

Ainara Alcuaz, luzeko emakumezko txapelduna, Ander Unzurrunzaga etxarriarrarekin iritsi zen helmugara.

Aitor Blancok eta Ainara Alcuazek irabazi zuten XIX. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa luzea, eta motzean Owen Davies eta Maite Etxezarreta gailendu ziren. Nafarroako Kluben arteko txapelketan, A4xKM eta Hiru Herri izan ziren txapeldunak

Ateri jokatu zen Zabalartek antolatutako XIX. Lakuntza-Aralar lasterketa, ekainaren 9an. Hasteko, 30 mendizale abiatu ziren mendi martxa egitera, eta segidan proba luzean aritu ziren 138 korrikalariak eta motzeko 160ak atera ziren. Guztira, 330 kirolarik hartu zuten parte. Bi ibilbideek batera jo zuten Guardetxeraino (1.035 m). Luzekoek Unagako putzura segi zuten (1.185 m), Irumugarrietaraino (1.431 m.). Buelta hartuta, Desao (1.229 m) eta Arangundik Lakuntzara jaitsi ziren (26 km). Ibilbide Motzekoek Guardetxetik Aubigañara (1.099 m) heldu ziren, Arangundik Lakuntzara heltzeko (13,3 km).

Mustutze ezin hobea
Ibilbide Luzea Txantrea Traileko Aitor Blanco 28 urteko gazteak irabazi zuen (2:05:39), Arronizko Jesus Maria Alegriari minutu pasa ateraz (2:06:47). Pozez zoratzen zegoen Blancok azaldu zuenez, “talde indartsua atera gara. Xabier Zarranz tiraka hasi da, eta Irumugarrietara biok iritsi gara batera. Jaitsierak gustuko ditut, eta hor aprobetxatu dut. Lohia zegoen, eta izugarri gozatu dut”. Lehengo aldiz aritu zen Lakuntzako proban, eta “oso ederra” iruditu zitzaion. Ander Unzurrunzaga etxarriarra izan zen lehen sakandarra (2:36:46), eta Asier Gartziandia, lehen lakuntzarra (3:06:04).

Emakumezkoetan, Ainara Alcuaz (Hiru Herri) burlatarra gailendu zen (2:36:46). 10 minutu atera zizkion bere taldekide Irene Artazkoz iruindarrari (2:46:12). Alcuaz lehenengo aldiz aritu zen Lakuntzan, eta primerako mustutzea egin zuen. “Lohia gustuko dut, eta gustura aritu naiz. Ibilbidea, ikusgarria”. Artazkozekin batera iritsi zen Irumugarrietaraino, baina jaitsieran bakarrik egin zuen aurrera. Ez zen sakandarrik aritu.

Sakandar gehienak, laburrean
Korrikalari sakandar gehienak ibilbide motzean lehiatu ziren. Atarrabiako Owen Davies izan zen txapelduna (1:03:45), Idiazabalgo Julen Balerdiren (1:04:43) aurretik. Lehen sakandarra Ivan Sobredo “Triki” altsasuarra izan zen, helmugan seigarren (1:07:44). Lakuntzarren artean Koldo Razkin izan zen azkarrena, 100. (1:37:24). Txalo gehienak, ordea, Ramon Romero (1:43:01), Eneko Razkin (1:43:02) eta Xabat Arraiza (1:43:03) gazteek jaso zituzten.

Emakumezkoetan, Maite Etxezarreta azpeitiarra ikusgarri aritu zen (1:10:22). Bigarren Noaingo Marija Brecko izan zen, ezin sinisturik (1:21:55). Lehen sakandarra Erkuden San Martin etxarriarra izan zen (1:33:05), eta lehen kadetea haren seme Jon Orella, helmugan 35. (1:22:00).

Luzea Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa izan zen. Gizonezkoetan A4xKM izan zen txapelduna, Hiru Herriren eta Txantrea Trailen aurretik, eta emakumezkoetan Hiru Herri, lehiatu zen bakarra.

Etiketa Berdea, praktikan
Lakuntza-Aralar Etiketa Berdea lasterketa etiko gisa mustu zen. Ingurumena babesteaz gain, korrikalarien "mendiko betiko balioak" sustatu zituen. Praktikan jarri zen, mendizale batek haustura izan baitzuen Irumugarrietan, eta alboko korrikalariek lagundu baitzioten, antolakuntzakoak eta erreskate taldekoak hurbildu arte. 

Sakandarrak Lakuntza-Aralarren
Luzea (26 km)
Gizonak
1. Aitor Blanco 2:05:39
34. Ander Unzurrunzaga 2:36:46
48. Ioseba Iza 2:42:51
67. Asier Gartziandia 3:06:04
71. David Oroz 3:11:45
77. Ricardo Palacios 3:17:44
90. Sergio Sanca 3:38:23
*Miguel Angel Asurabarrenak ezin izan zuen proba bukatu.

Emakumeak
1. Ainara Alcuaz 2:36:46


Laburra (13,3 km)
Gizonak
1. Owen Davies 1:03:45
6. Iban Sobredo 1:07:44
7. Israel Arbizu 1:09:54
12. Asier Estarriaga 1:11:54
16. Aimar Araña 1:14:44
19. Felix Benjumea 1:16:39
27. Jose J. Beregaña 1:18:22
28. Asier Leiza 1:18:30
29. Fran Araña 1:19:20
30. Santi Galarza 1:20:08
32. Roberto Ziordia 1:21:26
35. Jon Orella 1:22:00
41. Inhar Olabide 1:23:16
42. Ekhi Olabide 1:23:16
46. Patxi Arakama 1:25:13
73. Jorge Vitoria 1:30:35
74. Roberto Zornoza 1:30:52
100. Koldo Razkin 1:37:24
101. Aritz Irigoien 1:37:37
114. Ramon Romero 1:43:01
115. Eneko Razkin 1:43:02
116. Xabat Arraiza 1:43:03


Emakumeak
8. Maite Etxezarreta 1:10:22
82. Erkuden San Martin 1:33:05
102. Maitane Txueka 1:37:57

Erlazionatuak