bingen amadoz

"Garbi neukan nire betebeharra bizitutakoa idaztea zela"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko eka. 20a, 14:12

Bingen Amadoz 'Palestina. Harria eta olibondoak' liburuaren aurkezpenean.

Bingen Amadoz Lakuntza kazetari eta idazleak duela hamar urte baino gehiago Palestinara egindako bidaia batean bizitutakoa liburu batean jaso zuen.

2011n Bingen Amadoz Lakuntzarekin harremana duen kazetaria Palestinan egon zen. SODePAZ Gobernuz Kanpoko Erakundearekin eta brigadista talde batekin egin zuen bidaia. Bi urte beranduago, 2013an, han bizitutakoa liburu batean bildu zuen: Palestina. Harria eta olibondoa. Kazetaritza lan bat da, ele biz aurki daiteke eta argitaratu eta hamaika urte pasa direnean "tamalez" berrargitaratu dute. "Beharrezkoa ikusi dugu; SODePAZek hala uste izan du, eta berarekin berriz gaude". Maiatzaren amaieran Lakuntzan aurkeztu zuen eta solasaldia egin zuen. 


Bingen Amadoz kazetariak alboan Txuri Ollo aktibista eta internazionalista zuela aurkeztu zuen Lakuntzan liburua.

Nola sortu zen zu eta Palestinarekiko lotura hori? 
SODePAZ GKEk Palestinara bidaia solidario horietako bat antolatu zuen, eta hemendik hamar lagun joan ginen. Palestinako errealitatea ezagutu genuen, bertako jendea, eta aukera paregabea izan zen hura. Hori aurretik 2009an Libanora joan ginen eta bertan ere gertutik ezagutu nuen egoera, Libanon palestinar asko daudelako errefuxiatuta. Ein el Helwe errefuxiatu eremua ezagutu genuen eta ikaragarria izan zen guretako. Bagenekien zer zen, baina errealitatearekin topatzen zarenean eta ikusten duzunean benetan zer den bizitza kilometro karratu baten barruan, inguratuta eta hesiekin, oso harrigarria izan zen. 100.000 errefuxiatu zeuden Libanoko hegoaldean. Gero Palestina bera ezagutu genuen, batez ere Zisjordania. Gazan ezin izan genuen sartu. Orduan dagoeneko Gazako bideak eta atariak itxita zeuden. Zisjordania goitik behera ezagutu genuen, hori bai, eta gero Golango lurrak ere ezagutu genituen. Siriakoak ziren eta Israelek okupatu zituen. Nazareten egon ginen, Zisjordaniatik kanpo gelditzen den eremu hori. Hango beste GKE palestinar batekin harremanetan egon ginen, eta horien bitartez ezagutu ahal izan genituen hainbat pertsona, jende herri... Oso aberatsa izan zen. Aldi berean deigarria; han bizitzen den egoera oso apartekoa da, desberdina, ez dakit parekorik daukan munduko beste lekuren batekin. 

Harako bidea hartu zenuenean argi zeneukan zure egitekoa liburua bat idaztea izango zela? 
Ez. Aldez aurretik ez nekien. Baina hantxe geunden bitartean beraiek behin eta berriz esaten ziguten, eta nik mezu hori oso ongi jaso nuen: "Esaiezu besteei zuek ikusten duzuena".  Argi dago hara joan ginenok oso gutxi garela, eta beraien borondatea hori zen: Egon eta kontatu. Orduan, hor bai ikusi nuen nire betebeharra zela. Azken finean, ordurako beste libururen bat neukan kaleratuta eta nire bizitza osoan kazetari moduan ibili naiz eta lanerako asko idatzi dut. Orduan, nori tokatzen zitzaion hori egitea? Bada, niri. Garbi neukan nire betebeharra zela, eta horrela izan zen.

Liburuan apartheida, eskubide urraketa... mila istorio kontatzen dituzu.

"Nik azentua gizakiengan jartzen dut; hori da aberastasun handiena"

Egia esan, nik batez ere azentua gizakiengan jartzen dut. Pertsonak ezagutzen dituzu, eta hori hangoa, hemengoa eta edozein tokietako aberastasun handiena da. Gu gara, pertsonak. Orduan, gizonemakumeak ezagutu genituen; hainbat, denetarik, haurrak eta zaharrak... Okupazioa oso ikusgarria da alde guztietatik eta hainbat gauzatan ikusten delako; nola bizi behar duten horren mugatuta. Alde berean jendeak erakusten dizu bere izaera eta Palestinako jendea ez badituzu bertatik ezagutzen ez dituzu imajinatzen ere. Oro har, nire sentsazioa zen oso jende gozoa dela, ongietorria ematen dizute, eta beraiek oso gozo hitz egiten dute. Gozotasun hori nolabait galtzen da sufrimenduaren arabera. Sufrimendu maila handia denean jendeak nolabait tonua igotzen du. Normalean jendea gozoa da, baina ikusten baduzu, kasu bakar bat ikusi nuen, baina ez da bakarra izango, gizon batek kontatu ziguna bere 12 urteko semea kartzelan zegoela eta beste bat uste dut gazteagoa zela alde eginda zegoela, ezkutatuta, soldadu israeldarrak bere atzetik zebiltzalako... Haren sufrimendua hain zen handia galduta zeukala horretaz hitz egiteko gozotasuna. Zaila da gozoa izatea egoera horretan. Jende asko pasa da kartzelatik, eta, hala ere, sufritu dutela jakinda ere, berreskuratu dute gozotasun hori eta gurekin oso jende hurbila eta gozoa zen.

Okupazioa zertan ikusten da?

"Israeldarren okupazioa gauza guztietan ikusten da; badakite zertan ari diren"

Gauza guztietan ikusten da. Matrikulak palestinarrak berdeak dira eta israeldarrak gorriak, eta bakoitzak errepide bat dauka. Palestinarrak ezin dira edozein errepidetik joan eta toki batetik bestera joateko buelta handiak eman behar dituzte eta denbora asko behar dute. Ikaragarria da. Bitartean israeldarrak zuzen joaten dira autopistak dituztelako. Palestinarrak XIX. mendean bezala bizi dira okupazioagatik. Beste gauza bat, terraza batean igotzen zarenean, esaten dizute ura arazo handia dela, eta beraiek biltegi moduko batzuk dituzte terrazetan euriaren ura jasotzeko. Baina biltegi horiek behean zulatuta daude tiroekin sionistek eraso dituztelako eta horrela ezin dute euriaren ura ere bildu. Hain beharrezkoa dutena. Orduan, biltegietan jaso beharrean ura erostera joan behar dute, eta ura okupatzaileek saltzen dute, jakina. Hainbat eta hainbat gauza daude. Askotan galdetzen diozu zure buruari nola bizi daitekeen horrelako egoera batean.

Itxaropena eta erresistentzia. Bizitzen baduzu ere sinesgaitza, ezta?
Erresistentzia da aurrera egiteko modua. Nola bestela? Erresistentzia egiten diote egoerari, eta horri esker, nolabait, bizi dira. Benetan oso gogorra izan behar zara horrela bizitzeko.

"Munduan dagoen egoera gogorrenetarikoa Palestina da; oso gogorra da"

Oso egoera gogorrak izanen dira munduan, baina gogorrenetarikoa Palestinakoa da. Beharbada Kongon bizitzea ez da erraza izanen, baina Palestinakoa oso gogorra da. Esaterako, Hebron hirian kolonia bat egin dute hiriaren gainean, ez baduzu bertatik ikusten ez duzu sinesten; kolono gutxi bizi dira, baina gainean eta zabor guztia behera botatzen dute, eta behean palestinarrak daude. Kale komertzial guztien gainean sare batzuk daude, eta horrela zaborra sareetan gelditzen da, baina zuloak daude eta txoko batzuk dena zaborrez beteta daude. Kolonoek botatako zaborra. Gaiztakeria da, jendeari bizitza zailagoa egiteko. Ez du beste zentzurik. Nahiko lukete palestinarrek alde egitea; hori da haien helburua. Lur guztia beraientzako izatea. Horretarako egiten dute ahal duten guztia. Kolonoak oso muturrekoak dira, ideologikoki oso estremistak. Ez dira pertsona arruntak eta badakite zertan ari diren.

Nolako liburua da? 
Gertuko bizipenak dira, hainbat jenderekin izandako topaketak. Bilera asko izan genituen. Adibidez, emakume taldeak ezagutu genituen eta emakumeek esaten ziguten genero indarkeria bazegoela, horrelako arazoak edozein tokitan daudela, baina beraien arazorik handiena okupazioa zela. Oso garbi zuten, denen kontrakoa zen okupazioa. Haien lehen kezka eta arazoa okupazioa da. Emakumeen arteko sareak zeuden eta emakume zaharrak, erretirorik gabe bizi zirenak, laguntzen saiatzen ziren. Emakumeen arteko elkartasun hori bazegoen. Baina denendako kezka nagusia okupazioa da. Kartzeletan lan egiten duten elkarteekin ere egon ginen eta esaten zuten kartzeletako egoera oso gogorra zela. Hainbat haur daude preso. Sinestezina iruditzen zaigu pentsatzea 12 edo 13 urtetik aurrera daudela preso. Eta zer egin dute? Tankeei harriak bota. Harrapatzen dituztenean kartzelara sartzen dituzte, eta han egoten dira denbora luzean. Hainbat jende kartzeletan inolako epaiketarik gabe dago, zain, baina urteak. Hiltzen badira gorpu horiek ez dizkiete familiei ematen, kartzelan lurperatzen dituzte, bertan zigorra bete arte. Horrelako gauzak kontatzen zizkiguten, benetan larria. 

Ikusten ez diren gauza asko daude.
Zisjordaniako alde batean badago produktu kimikoak egiten dituen lantegi bat eta haizeak itsasotik barrura jotzen zuela kalkulatu zuten, baina batzuetan alderantziz egiten du, eta orduan okupatutako lurraldeetako israeldarrak kexatu ziren barrutik itsasora egiten zuenean kaltetzen ziela. Orduan, egun horietan ez du lanik egiten lantegiak. Baina beste aldera jotzen duenean palestinarrak kaltetzen dituzte, nahiko toxikoa da eta minbizi kasu asko daude. Ura arazo handia da, horregatik harresia egiten akuifero bat topatzen dutenean Israelen aldean uzten dute, palestinarrak urik gabe uzteko. Palestinarrei ur beltzak bidaltzen dizkiete. Erreka txiki batzuk ikusten dira eta ur beltzak dira. Horiek ere osasunean eragina dute. Ospitalera joateko palestinarrek beste aldera joan behar dute. Ospitaleren bat badago, baina erditzera edo gaixotasun larri batekin kontrolak pasa behar dituzte eta oso gogorrak dira. Oso gaixo badago agian ez diote pasatzen uzten eta han hiltzen da. Oso gogorra da. Osasuna ere haien menpe dago. 

Nola bizitzen ari zara egun gertatzen ari den genozidioa? 
 Batez ere ezagutu genuen jendea gogoratzen dut. Hau eta bestea nola egonen diren pentsatzen dut. Jendea ezagutzen duzunean, eta guk jende asko ezagutu genuen, benetan gozoa eta majoa, nola egonen den pentsatzen duzu. Gaza ari da jasaten, baina beste lekuetan gauzak ez dira hobeak izanen. Gero eta okerrago. Hemendik pasatu direnak diote guk ezagutu genuena baino askoz ere okerrago dela orain. Dena okerrera joan da. Oraingo egoerarekin emakume gozo nola egonen den, nola biziko den, pentsatzen duzu; eta hori bezala beste hainbat. Nola jasanen du egoera Argentinatik Jerusalemera bizitzera joan zen judutar ez sionista. Gutxi dira, baina denak ez dira berdinak. Egon ginen jatorriz argentinarra zen judutar batekin eta Jerusalemeko historia guztia kontatu zigun. Oso polita izan zen topaketa hura ere. Batez ere ezagututako pertsonekin gogoratzen naiz, zein minarekin eta tristurarekin biziko duten. Irudiei dagokionez... Dagoeneko ezin ditut irudi horiek ikusi. Ezin dut. 

Zer garrantzia dauka mundu mailako elkartasunak? 
Oso garrantzitsua da. Batzuek esaten dute guk pertsonalki zer egin dezakegun, guk geuk ezin dugula ezer egin, eta gobernuek edo erakundeek egin beharko zutela zer edo zer. Erakundeek zerbait egiten dute, batzuetan, zenbait tokitan; beste batzuek ez dute ezer egiten. Baina, hala ere, guk geuk beti dugu zerbait egiteko.

"Jende askok egiten badugu zerbait, eta egin ahal da, baliogarria da"

Ez dezala inork pentsa ezin dugula ezer egin. Gure ahalmena mugatua da. Baina bata bestearekin eta beste hori beste batekin... Jende askok egiten badugu zerbait, eta egiten ahal da, baliogarria da. Hori dena bat hartuta baliagarria da. Balio ez duena da beste alde batera begiratzen jartzea edo ukatzea. Norberak beti egin dezake zerbait. Gu toki pribilegiatu batean bizi gara, guren elkartasuna gero eta handiagoa da, eta hori ezin da ukatu. Jende asko mobilizatu da, eta jende askok erakutsi du elkartasuna Palestinarekin. Jende askok esan du ez dagoela ados genozidioarekin. Orduan, uste dut alde horretatik erraza dugula eta gertu dugula nora joan eta zer egin.  

Zer gertatuko da? Zer nolako etorkizuna irudikatzen duzu?  
Zaila da, ezta? Baina batzuetan jendearengan izan behar dugu esperantza. Munduan gaiztoak dauden bezala, onak ere badira. Historiak batzuetan harritzen gaitu eta sorpresaz harrapatzen gaitu gertatzen diren gauza batzuekin. Nik beti pentsatzen dut: nork pentsa zezakeen 1989 baino lehen Berlingo Harresia eroriko zela. Historiaren zelako buelta izan zen. Batek daki zer gertatuko den, baina uste dut sionismoa ari dela bere zeregina muturretara eramaten eta soka tiraka eta tiraka baldin badago batzuetan hausten da. Soka hori tiraka eta tiraka eta muturretara eramaten ari da sionismoa. Ez dakit etorkizuna zein den, baina ez dakit beraiendako ona izango den. Palestinarrendako txarra da, oso. Batez ere, ez dezagun ahaztu Palestina. Ezin dugu ahaztu. Palestina Libre ez den bitartean, gu ere ez gara aske izanen. Bertatik jaso dugun jende askoren mezua "bakea nahi dugu" izan da, eta hori da behar dutena, azken finean.