Aimar Tadeo Arkauzen bigarren urtea da aurtengoa amateurretan, Finisher taldearekin. Nafarroako Itzulian lehen nafarra izan zen, eta ekainaren 22ko Espainiako Txirrindularitza Txapelketetako errepideko proban bosgarren sailkatu zen, ederki arituta.
Joan zen urtean debutatu zenuen, eta aurten esperientzia gehiago duzula agerikoa da.
Iaz nahiko ongi ikusi nuen neure burua kategoria berrian, eta aurten pauso handiagoa eman nahi nuen, baina hasiera ez zen oso ona izan, bakteria batekin arazoak izan nituelako. Buelta eman nion, eta orain nahiko ongi ari naiz.
Zer egiten zaizu zailena?
Ordu asko sartu behar direla, eta gauza batzuk utzi behar dituzula bizikletan ordu gehiago sartu ahal izateko. Abiadura handia da, eta etapa lauetan kosta egiten zait, ni mendian askoz ere hobeki moldatzen naizelako. Aldapan gora hobe.
Bi itzuli garrantzitsuetan aritu zara, Nafarroako Itzulian eta Volta Castellonen. Nafarroako Itzulian lehen nafarra izan zinen.
Bai. Nahiko indartsu ikusten nuen neure burua, baina ez nuen espero horrenbesteko maila emango nuenik. Nafarroako maillota janztean ilusio berezia sentitu nuen, baina, bestalde, nahiko urduri jarri nintzen, eta hirugarren etapa ez nuen oso ongi eraman. Baina denetatik ikasten da. Poz handia izan zen lehen nafarra izatea. Volta Castellonen ez nintzen horren ongi ibili, lehengo beroak izan zirelako.
Beroarekin ez al zara ongi moldatzen?
Eguraldi hotza eta freskoarekin hobeki aritzen naiz, eta horregatik aurten berora egokitzeko prestaketa egiten ari naiz. Entrenatzera beranduago ateratzen hasi naiz, bero gehiago egiten duenean, eta etxean berozko arrabola delakoa dut. Etxeko leku itxi batean aritzen naiz arrabolan, berogailua ondoan dudala, gorputza sentsazio horretara egokitzeko. Nahiko gogorra da, baina, gutxika, ohitzen ari naiz.
Larunbatean Espainiako Txapelketetan amateurrek San Lorenzo del Escorialen jokatu zenuten errepideko etapa, 160 km-ko etapa luzea.
Luzea, eta gorabeheratsua. Igo, gero pixka bat jaitsi, atzera ere gora... horrela joan zen lasterketa guztia. Gustura, nire territorioa baita hori: etapa gorabeheratsuak ongi datorzkit. Nafarroako selekziotik argi genuen ahalik eta jende gehiena sartu behar genuela eguneko ihesaldian, pentsamendu horrekin atera ginen, eta lau sartu ginen. Adrian Martinez eta Martxel Etxeberria aurrean egon ziren tarte batean, eta tropelean Mikel Uncillak lan handia egin zuen. Tropelarekin zegoen distantzia mantendu nahi genuen, baina azkeneko 500 metrotan tropelak harrapatu gintuen. Hala ere, bosgarren `postua lortu nuen, eta oso pozik nago lortutakoarekin.
Top 5ean sailkatzea sekulakoa da.
Momentuan ez nuen gehiegi pentsatu, egia esan, baina gero buelta batzuk eman nizkionean... Banekien nahiko ongi iritsi nintzela txapelketetara, baina halako maila emango nuenik ez nuen espero. Finisherren ere oso pozik daude. Gainera, Pablo Carrascosa taldekidea seigarren sailkatu zen, eta biak Top 10ean sailkatu izana ilusio handia da.
"Uztailean Aostako Giroa jokatuko dut. Egunotan altuera lantzen ari naiz Aretten"
Nola dator egutegia?
Uztailaren 17tik 21era Aostako Giroa jokatuko dut Italian, eta horretarako prestatuko naiz. Maila handiko lasterketa da, eta ikastera goaz. Egunotan Aretten egongo naiz, altuera lantzen.
Afizionatuen mailan bost sakandar lehiatu zineten Espainiako Txapelketetan. Maila handia dago hemen.
Txikitatik ikusi dugu Sakanan txirrindulari profesionalak atera izan zirela. Eta horrek animatzen zaitu, egingarria ikusten duzu; ilusio estra bat da.
Lakuntzan, egun, Adrian Martinez eta biok zarete afizionatuak. Tropelean aurkariak, baina lagunak.
Tropelean lehia hori dago, bi taldekoak garelako, baina lasterketa bukatzen denean lagun handiak gara, hori oso argi dugu.