Adrian Martinez Los Santos lakuntzarrak aurten debutatu du afizionatuen mailan, Laboral Kutxarekin. Espainiako Txapelketetan zazpigarren sailkatu zen erlojupekoan, lorpen ikusgarria, eta "oso kontentu" dago.
Afizionatuen mailako lehen urtea oso gogorra omen da.
Bai, niri ere gogorra egin zait. Hasiera kaxkarra izan nuen, erritmoa hartzea kostatu zitzaidalako, baina lasterketak pasa ahala eta entrenamenduak hobetuz, erritmoa hobeki hartzen ari naiz eta gora egin dut. Zailena, kategorian dagoen maila handia da.
Aita Alberto Martinez duzu, Euskaltel Euskadiko txirrindulari ohia. Berak ere gaur egungo afizionatuen maila lehiakorragoa dela uste du?
Bai, askotan esan dit. Denak bezala, txirrindularitzak ere aldaketa handia izan du. Berak gehien sumatzen duena da gaur egun azkarrago joaten dela, eta dena profesionalizatuta dagoela. Aita gertu izatea luxua da. Berak bizimodu hau aurretik bizi izan du, eta asko laguntzen digu.
Nolakoa izan da denboraldia?
Denboraldia Iparraldeko Essor Basquen hasi nuen, eta ordutik Euskaldun Txapelketako lasterketak jokatu ditut gehien bat. Ataungoa berezia izan zen, Gari Ugarte taldekideak irabazi zuelako eta ni berarekin egon nintzelako ihesaldian. Ahal izan nuen guztian lagundu nuen.
Espainiako Txapelketetako afizionatuen erlojupekoan zazpigarren sailkatu zinen, hasi berri batendako, meritu izugarria.
Afizionatuen nire lehenengo urtean Espainiako Txapelketetara joan ahal izatea, hori jada opari bat izan zen, eta zazpigarren postua lortzea izugarria izan da. Oso kontentu nago.
"Bost sakandar geunden Nafarroako selekzioan. Maila oso handia dugu ibarrean"
Espero al zenuen?
Banekien ongi egin ahal nuela, erlojupekoak ongi egiten ditut eta. Ez dakit aitaren generen bat edo izango den, baina modalitatea ongi datorkit (kar-kar). Zazpigarren izatea... sekulakoa izan da.
33,4 km-ko erlojupekoa zen Galapagarrekoa, oso luzea.
Oso luzea, eta gogorra. Proban ongi sentitu nintzen, eta indarrak eta abiadura dosifikatzea oso garrantzitsua izan zen. Egun bikaina izan nuen, eta guztiak batera emaitza hori ekarri zuen. Ekainaren 2an beste erlojupeko bat egin nuen Vianan, Nafarroako Erlojupeko Txapelketa zena. 22 km ziren, eta luze egin zitzaidan. Pentsa Madrilgoa, 33 km! Gogor-gogorra izan zen. Nafarroakoan txapeldunordea izan nintzen, Ibai Azanzaren atzetik, eta pozik.
Hemendik aurrera zein egutegi duzu?
Euskaldun eta Lehendakari Txapelketetako egutegian jarraitzea espero dut, eta taldetik esan zidaten agian bueltaren batean sartuko nautela. Maila honetako itzuliak oso gogorrak dira, eta nire gorputza probatzea gustatuko litzaidake.
Aimar Tadeo lakuntzarra (Finisher) laguna eta arerioa duzu, aldi berean.
Bai (kar-kar). Entrenatzera biak batera ateratzen gara, Mikel Uncilla, Iker Agudelo, Aitor Ondarra eta beste sakandarrekin batera. Talde polita dugu, oso ongi moldatzen gara. Aimarrek eta biok harreman oso ona dugu, bai txirrindularitzan, eta baita kanpoan ere. Lakuntzan lagunekin ateratzen gara.
Aimarrek Espainiako Txapelketa oso ona egin zuen.
Aimar proba garrantzitsuetan ongi moldatzen da beti. Biak eguneko ihesaldian sartu ginen. Kilometroak pasa ahala Aimarrek aurrean segitzea lortu zuen eta bosgarren sailkatu zen, oso ongi.
Nahia Imazek brontzea lortu zuen erlojupekoan, eta Mikel Uncilla eta Martxel Etxeberria ongi ibili ziren errepidean. Nolako maila dagoen Sakanan...
Oso ona. Nafarroako selekzioan bost sakandar ginen; Nahia Imazek oso ongi egin zuen, eta gainontzekoek ere bai. Aurki junior eta kadete mailako Espainiako Txapelketak jokatuko dira Oviedon, eta bederatzi sakandar izango dira bertan. Luca anaiak ekainaren 23an kadeteen lasterketa irabazi zuen Agurainen, eta Oviedon izango da.