Astekaria

"Egun, gazteek errespetua dute autobusean, portaera lasaiagoa"

Maider Betelu Ganboa 2024ko uzt. 15a, 14:30

Joseba San Sebastian, sanferminetan egindako zerbitzu batean. UTZITAKOA

Joseba San Sebastian Gaztelumendik 20 urte baino gehiago daramatza Burundesan lanean, eta sanferminak "eromena" izaten direla dio. Momentu xelebreak eta txarrak, denetatik bizi izan ditu lanean.

Egun jendea hobeki portatzen dela uste du.

1. Nuestra consigna por San Fermin, que trabaje la Guardia Civil! dio Aldapa peñaren ereserkiak.
(Kar-kar) Pena da, baina Burundesan lan handia izaten dugu. Sanferminak erokeria izaten dira, eta aurten bezala direnean, bi asteburu, are gehiago, makurrena asteburuetan delako. Astean zehar ere lana egoten da, baina beste martxa bat izaten da.

2. Nolako ordutegia duzue?
Burundesan hasi nintzenean, duela 20 urte inguru, txofer gutxiago ginen, eta ordu gehiago sartzea tokatzen zitzaigun. Orain txofer gehiago gara, eta bi txanda daude, goizekoa, 6:00etatik 18:00ak arte luzatzen dena, eta arratsaldekoa, 12:00etan hasi eta suen ondoren, 01:30ean bukatzen dena. Ni gehiago goizez aritzen naiz. Dena den, ez daukagu ere lan planifikazio itxirik, batzuetan, jende asko badago, lana luzatu daitekeelako. Autobusen zerbitzua planifikatzea zaila da, nahiz eta gaur egun hobeki gabiltzan.

3. Zergatik?
Jende askok, gazteek bereziki, txartelak online erosten dituztelako aurretik. Eta horrek, autobusak antolatzerakoan, lana errazten du. Arraroa da, baina noizbait gertatu izan zaigu, sanferminetako ordu eta egun jakinetan online saldutako txartelekin autobusak betetzea eta txartela ez duen jendea geltokian geratu behar izatea. Egun berezi hauetan txartela aurretik erostea gomendagarria da, ezin baita %100ean ziurtatu txartela ez duen jendeak tokia izatea. 

4. Sanferminetako klasikoetako bat: autobusean lokartu, eta zurea ez den herri batean esnatu.
Klasiko-klasikoa, urtero errepikatzen dena. Herrietara iristerakoan begiratzen dugu, ea jendea jaisten den, baina ezin dugu denetara egon. Gasteizera iritsi, eta norbait lo dagoela ikustea sarritan gertatzen da. Hurrengo autobusean sartzen dugu bueltan.

5. 20 urte hauetan denetariko pasadizoak biziko zenituen. Burura etortzen zaizunetako bat?
Momentu xelebreak egoten dira, txarrak ere bai. Gogoan dut behin Asier Beltza eta Etxarriko kuadrilla igo zirela, punttu oso xelebrearekin, nire atzean eseri, eta jende guztiari adarra jotzen ibili zirela. Oso ongi pasa nuen.

6. Urte hauetan bidaiarien portaera aldatu da?
Nik uste dut orain jendea lasaiago ibiltzen dela. Gazteek beste era batean egiten dute parranda, eta ez dira horren liskartsuak. Norbaitek autobusean botaka egiten badu, putakeria da, baina garbitzen duzu eta listo. Baina txarrena da gurekin erasokor jartzen direnean; errespetu falta hori. Gertatu izan zait, eta lankide bat baino gehiago jo dituzte. Zorionez, gutxi batzuk dira. Gaurko gazteek errespetua dute, eta parranda egiteko modua asko aldatu dela uste dut, ez dira horrenbeste aztoratzen. Hori asko nabaritzen da sanferminetan, jaibusean eta egunerokoan. Lehen jaibusean sarritan izaten genituen arazoak, su-itzalgailuak zirela, batak bestea jotzen zuela, jarlekuak apurtzen zituztela... orain lasaiagoa da jendea.

7. Norbaitek detaile politen bat izango du zurekin, ezta? Txurro batzuk ekarri, elkarrizketan aritu...
Jendea tenple onean eta umorez datorrenean guztiek hitz egiten dizute eta denetatik eskaintzen dizute, ardoa zahatotik edatea baita ere (kar-kar). Edo autobus aurrean korrika hasi, entzierroa bailitzan... Barrenetik bada ere, barre ugari egiten dugu, denetik ikusten dugulako. Gainera, hori da politena, festako giroa.

8. Goizean jendea txuri-txuri eramatea eta gero zikin-zikin etxera bueltatzea, eguneko ogia.
Hori beti! Behin Uharteko gazte bat txupinazora eraman nuen. 11:45ean utzi nuen, eta 13:30ean ekarri nuen bueltan, dena zikinduta, arropa puskatuta... Ordu eta erdian ez dakit zer egin zuen.

9. Maitasun kontuak ere izango dira autobusean, ezta?
Bai, noski! Bikote berriak ikusten dira, bikote ez hain berriak, giro ona, giro txarra... Denetatik.

10. Lakuntzan bizi zara baina lesakarra zara, eta bertan ere sanferminak ospatzen dituzue. Baduzu tarterik joateko?
Saiatzen naiz, baina azken unera arte ez dakit zein egunetan libratzen dudan. Dagokidan egun librean, familia hartu eta Lesakara edo Iruñera goaz, tokatzen denera. Iruñeko sanferminak oso gustuko ditut, egunekoak. Gosaldu, txarangak ikusi, zezen plazako bidean peñen igoera ikusi, kontzerturen batera joan... sanferminak aprobetxatu.

11. Modus Operandi musika taldeko baxu jolea zara, eta uztailaren 7an kontzertua eskaini zenuten Pasai Antxon. Sanfermin ia guztiak ezagutzen dituzu...
(Kar-kar) Goizean autobusean lan egin, arratsaldean baxua hartu, eta kontzertura joan nintzen. Hurrengo egunean lanean logure galanta, baina ohituta nago. Gustuko tokian, aldaparik ez.

 

 

 

Erlazionatuak