Lakuntzako Udalak plazan estalpe finkoa egiteko 180.456,58 euroko (BEZ barne) aurrekontua duen proiektua du, eta lanak emateko deialdia egina du. Lan horiek finantzatzeko udalak, Cederna-Garalurren bidez, Landa Garapenerako Programari dirulaguntza eskatu zion. Eskaera onartuta, 60.000 euro jasoko ditu udalak, aurrekontuaren herena. Udalaren nahia da lanak uda akaberan hastea eta neguko festetarako prest izatea.
Estalpe finkoa udaletxearen eta autobus markesinaren artean eraikiko da, eta erabilera anitzak izanen ditu. Estalpeak 236,50 m2-ko azalera izanen du. Bere gehienezko altuera 6 metrokoa izanen da eta gutxienekoa 3,5ekoa; zabaleran 10,5 eta 12,5 metro artean izanen ditu, eta luzeran 21,5 metrokoa. Estalpearen egitura altzairu laminatuko profilekin eginen da eta altzairuzko txapaz inguratuta egonen dira. Barneko bigarren egitura egurrezkoa izanen da. Teiladuran, berriz, txapa eta argia pasatzen utziko duten polikarbonatoko xafla gardenak izanen dira.
Landa Garapenerako Programak Europako Nekazaritza Funtsaren eta Nafarroako Gobernuaren dirua jasotzen du. Nafarroako Mendialdeko eskaerak Cederna-Garalurren bidez aurkezten dira eta haiek aztertuta ebazten dute laguntza nori eman.