Juan Jose Lanz Ezkurdiak Nafarroako Unibertsitateko Zientzia eta Industria Ingeniarien Eskolan egin zituen ikasketak. Berehala Lagun Arok kontratatu zuen, Lakuntzako Sakana kooperatiba egiteko. “Kooperatibaren diseinu eta eraikitze lanetan parte hartu nuen. Nire lehen lana izan zen ingeniari gisa, eta produkzio prozesuaren lehen zatian ere bertan egon nintzen, 2 urte guztira”. 1975-1976 urteak ziren, garai gogorra: metalgintzaren krisia. “Sakana fundizioarendako, hasiera oso gogorra izan zen”. Krisiagatik, kanpora ateratzea izan zen bere erabakia. “Australiako kontsulatuan, onartzen zituzten profesionalen kopurua beteta zegoela esan zidaten. Ondoan Venezuelakoa zegoen; han ez zegoela profesionalak hartzeko mugarik entzunda, animatu nintzen”.
Ordutik, Venezuelan bizi da Lanz, Puerto Ordazen. “Diseinuak erakartzen ninduen, industria nabeak egiteko egiturazko kalkulua, baina nire bizitza galdategietara lotuta egon da beti”. Berehala galdategi batean lana eskaini zioten, eta handik urte batera Puerto Ordazeko Tameca galdarategiak (Talleres Metalurgicos Caranoco) kontratatu zuen, 28 urte zituela. “Egoera ekonomiko oso txarrean zegoen, eta gogorra izan zen, baina enpresa errentagarri bilakatu genuen. 29 urterekin bertako kudeatzaile nagusi izendatu ninduten. Urte oso onak izan ziren” dio Lanzek. Venezuelan formazioa falta zen, eta atzerriko ingeniari eta teknikari asko zegoen bertan, “oso ongi ordaintzen zelako. Alemaniarrek gehiago irabazten zuten Venezuelan”. 15 urte pasata, bere enpresa propioa sortu zuen lakuntzarrak, Fundiciones Lanz. “Aceros Moldeados de Lacunza-ren antzeko galdarategia da, pieza txikiagoak funditzen dituena, material anitzekoak. Puerto Ordazen kalitate erreferentziadun enpresa izatea lortu genuen”.
Puerto Ordaz, toki estrategikoa
Orinoco ibai erraldoiari Caroní ibai handia batzen zaio, eta bertan dago Puerto Ordaz. Baliabide hidriko eta hidrauliko ikusgarriak ditu. Caroní ibaiak desnibel handiak ditu, eta lau presa egin ziren. Lehena, Guri, bere garaian Hego Amerikako handiena izan zen. Baliabide hidraulikoekin elektrizitatea sortzen zen, eta bertako mehatzetatik aluminioa eta bestelako burdinak ekoizten ziren. Puerto Ordaz izugarri handitu zen. Duela 60 urte 2.000 biztanle ziren, eta 20 urteren buruan 800.000 ziren”. Planifikatutako hiriburua izan zen, garai hartako munduko hirigile onenek diseinatutakoa.
Tamalez, aspalditik krisi ekonomiko larrian dago Venezuela. “Enpresa mantentzen dut, baina aktibitatea oso baxua da. Garai batean hamasei galdarategi ginen Puerto Ordazen eta egun hiruk eusten dugu; %15ean ari gara. Venezuela abeltzain herrialdea zen, baina petrolioarekin industriala bilakatu zen. Ez zuen kontsumo produktuen industriarik garatu, eta guztia inportatzen zen. Industria eta azpiegitura handi horiek erori direnean, guztia erori da. Egoera ekonomikoa dramatikoa da, eta jendeak biziraun beharra du. Nire etorkizuna bermatuta dago, baina nire langileengatik mantentzen dut enpresa; tarteka kontraturen bat ateratzen da, eta gastuak estaltzeko ematen badu, horrekin konformatzen naiz”.
Urtero, bisitan
Lanzek 43 urte daramatza Venezuelan, eta urtero etorri izan da Lakuntzara. Ezkondu zenetik Claudia emaztearekin, eta gero Maialen alabarekin. “Gure balkoitik Beriain ikusten da, zoragarri, eta alboan haurrak parkean daude jolasten. Hori edertasuna da, bizitza”. Venezuelako bizimodua erabat desberdina da. “Egun guztietan 32-35 gradu arteko tenperatura dago, eta gauetan ez da 22 graduetatik jaisten. Kaleak hutsik daude, bero horrekin jendeak ez du paseatzen. Joan behar duzun tokira autoz zoaz, eta, geroz eta gehiago, etxe barruan egiten da bizia”.
Lakuntzan, aldiz, kalea dute ardatz. “Hona etorri, eta familia bisitatuta, lehendabiziko gauza kalera ateratzea da, lagunekin bildu eta vermoutha hartzera, herriko terrazetan egon, eta lakuntzarrekin egon. Alabak ere kuadrilla du; hasieran ordu txikitan Lakuntzan kalean lasai egotea sinestezina zen berarendako, Venezuelan ezinezkoa baita. Puerto Ordazen gauza hauek guztiak faltan botatzen ditut, batez ere jendea, kaleko giroa”.
Eguneroko paseoa ez du barkatzen. “Lakuntzako dermioak, presa, inguruak... paisaia ederra da”. Venezuelan oihana dago, “eta ezberdina da, ezin zara bideetatik atera. Itsasontzian Orinocon nabigatzen genuen familian, Caribe itsasoraino. Oihanean abionetan ibilia naiz, eta sabana handian ere egona naiz”. Lakuntza herri txikia da, “baina oinarrizko zerbitzu guztiak ditu eta ongi bizi gara. Gainera, herri irekia izan da betidanik. Gune industrial garrantzitsua izateaz aparte, dibertitzeko gunea izan da. Diskoteka genuen, eta toki guztietatik etortzen zen jendea: orduko giroa marabilla hutsa zen. Lakuntzarrek beti izan dugu disfrutatzeko grina”.
Gustatzen zaion beste gauza bat Lakuntzaren kokapena da. “20 minututan Iruñean zaude, 40 minututan Donostian... komunikazioa ikusgarria da. Zerbait egin nahi baduzu, bertan duzu”.
Lakuntzari ongi joan dakiola, hori da bere interesetako bat. “Industria sendoa du, eta parkea haurrez beteta dago; beraz, lana eta etorkizuna badu. Agian industria sektore eolikoaren eta metalurgikoaren menpe dago, gehiegi, eta horrek bere arriskua badu; beste bide batzuk aztertzea ez legoke gaizki”.
Noizbait itzuliko da
Azkenaldian, urtero udan eta Gabonetan datoz. “Ezin gara urtean 6 hilabete baino gehiago egon, erresidentzia galduko genukeelako”. Juanjo Lanzek argi du egunen batean Lakuntzara itzuliko dela. “Alabak 25 urte ditu, eta hemengo bizimodura ohitu da. Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak egin zituen, eta egun Dublinen lan egiten du. Ez du bere burua Venezuelan ikusten, eta nik ez dut bera aldarte horretan jarri nahi. 71 urterekin, argi dut: erabakitzen dudanean nire erresidentzia behin betiko aldatu nahi dudala, enpresa itxi, eta Lakuntzara etorriko gara. Erabakiak ez du atzera bueltarik izango, eta, beraz, gauzak ongi antolatu beharko dira; guztia ongi itxi. Sei hilabete eta egun bat pasatuta, Nafarroako bizilaguna izango naiz, eta nire ondasun guztiak bertan fiskalizatuko ditut, dagokidan zerga ordaindu ondoren”. Irailaren 4an itzuliko dira Venezuelara. “7 milioi pertsona atera dira Venezuelatik, egunen batean itzuliko direla esanez, baina etorkina ondo ezagutzen dut: ondoren itzultzea ez da erraza izaten. Venezuelaren errekuperazioa zaila, luzea eta konplexua izango da, enigma hutsa”.