Txirrindulariak

Luca Martinezen garaipen hunkigarria, jaioterriko festetan

Guaixe 2024ko ira. 4a, 11:10

Luca Martinez txapelduna, eta Sakana Group-Alea talde onena izan ziren Lakuntzan. UTZITAKOA

Lakuntzarrak herriko kadeteen mailako lasterketa irabazi zuen, Lizarragako Katean erasoa jota. Bere taldea, Sakana Group-Alea, talderik onena izan zen

Abuztuaren 27an kadeteen mailako Lakuntzako Udala Saria jokatu zen, Lakuntzako Sakana Group-Alea Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatutako 69 km-ko lasterketa, Nafarroako Kirol Jokoen kadeteen txapelketako azken proba. Luca Martinez Los Santos lakuntzarra zen lasterketa irabazteko faboritoetako bat, hala espero zuten lakuntzarrek, eta gazteak ez zuen huts egin. Lizarragako Katean erasoa jota, tartea atera eta bakar-bakarrik eta poz-pozik iritsi zen Lakuntzako helmugara (1:21:06), atzetik jarraika zituen Eino Mutaneni (Koiviston Isku) eta Markel Tulebrasi (Aranako) 40 segundo aterata. Martinezek denboraldiko bere hirugarren garaipena lortu zuen, eta, horretaz gain, mendiko sailkapena irabazi zuen. Gainera, bere taldea, Sakana Group-Alea, izan zen onena. Hortaz, sariak etxean geratu ziren, eta, festak izaki, lakuntzarrek gustura ospatu zituzten herritarraren eta etxeko taldearen lorpenak. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Oier Olaberria (Quesos Albeniz) hamahirugarren sailkatu zen; Erik Laiglesia (Sakana Group-Alea) hamazazpigarren; Ekai Erdozia (Sakana Group-Alea) 22.; Manex Huarte (Sakana Group-Alea)27.; Mikel Arrizabalaga (Quesos Albeniz) 42.; Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) 47.; Urko Oiarbide (Sakana Group-Alea) 48.; Ibai Galarza (Quesos Albeniz) 55.; Unax Etxeberria (Sakana Group-Alea) 56.; Alex Gonzalez (Sakana Group-Alea) 57.; Janitz Zufiaurre (Sakana Group-Alea) 61.; Xabier Curiel (Quesos Albeniz) 63.; eta Juan Carlos Gil de Gomez (Quesos Albeniz) 65.