futbola

Lagun Arteak futbol inklusiboaren aldeko apustua egin du

Guaixe 2024ko ira. 10a, 10:30

Lagun Arteako infantilak, entrenatzen. LAGUN ARTEA

Futbol talde bat sortu nahi du ‘Nire gaitasuna kirola ere bada’ ligan parte hartzeko. Izena ematea zabalik dago

Lakuntzako Lagun Artea Kirol Elkarteak futbol talde bat sortu nahi du ‘Nire gaitasuna kirola ere bada’ ligan parte hartzeko. Aipatu liga proiektu sozial bat da, eta futbol inklusiboa sustatzen du. “Proiektu horren bidez Nafarroako Futbol Federazioak ahalegin handia egiten du futbolean aritu nahi duen orok horretarako aukera izan dezan. Horrela, futbol txapelketa bat antolatuko du, beste gaitasun batzuk dituzten pertsonek euren taldeak osatu ahal ditzaten, Nafarroako hainbat kluben bidez. Helburua futbol inklusiboaren aldeko apustua egitea da, eta Lagun Arteak bat egin du ekimen honekin” azaldu dute Lakuntzako klubetik. Milakolore taldearekin elkarlanean ariko da. 

‘Nire gaitasuna kirola ere bada’ liga mistoa da eta 16 eta 99 urte arteko gizon eta emakumeek har dezakete parte. “Kirol kluba garen aldetik, harro egoteko moduko ekimena da futbol talde hau aurrera ateratzea, gure inguruko pertsonek futbolean jokatzeko eta harreman berriak egiteko aukera izan dezaten” gaineratu du Lagun Arteak. Izena emateko, ondoko telefonoak daude: 606 504 526 edo 619 979 764. Jokalari bakoitzak 150 euroko kuota ordainduko du denboraldi osorako eta kuotaren barruan polo bat eta jertsea jasoko dute, guztiak berdin janzteko. 

Printzipioz, entrenamenduak hileko bi ostiraletan izanen dira, 17:00etatik 18:00etara, Lakuntzako Sakana pilotalekuan, baina, beharrean arabera, egutegia moldatu ahalko da. Hilean partida bat jokatuko dute Iruñerriko hainbat talderen kontra. Partida bat etxean izanen da, eta bestea kanpoan, txandakatuz. “Lagun Artea futbol inklusiboaren alde, animatu eta zatoz gurekin jokatzera!” animatu du klubak.