Luca Martinez Los Santos lakuntzarra etxeko taldean, Sakana Group-Alea Aralar taldean trebatu da txirrindularitzan. Aurten kadeteen bigarren urtea du, eta emaitza ederrak lortu ditu. Abuztuaren 27an Lakuntzako festetan jokatutako lasterketan denboraldiari ginga jarri zion, kadeteen mailako azken lasterketa zena irabazi baitzuen, bere hirugarren garaipena, herritarren txalo eta animoen artean.
Aurretik beste bi garaipen zenituen, baina jaioterrikoak zapore gozoagoa izan al zuen?
Lehen garaipena Agurainen lortu nuen, bigarrena Maulen, eta oso pozik, baina Lakuntzakoak oso zapore ona izan zuen. Kadeteen denboraldiko azken lasterketa zen, eta etxean garaipena lortzea ikaragarria izan zen.
Lasterketa hasi baino lehen jende guztiak zuk irabazi behar zenuela zihoen. Nolako presioa, ezta?
Eskertuta nago, jendeak nigan konfiantza handia zuelako, baina halakoak broma gisa hartu behar dituzu, bestela... Nik, txantxetan, esaten nien: “irabazten badut halako keinua egingo dut” (kar-kar). Txantxa moduan hartuta, ez da presio handia izaten.
Nolanahi ere, asmatu zuten, garaipen sendoa lortu zenuelako. Segika zenituen Eino Mutanen (Koiviston Isku) eta Markel Tulebras (Aranako) txirrindulariei 40 segundo atera zenizkien, eta mendiko txapelketa irabazi. Non jo zenuen erasoa?
Lizarragako Katea igotzen ari ginela, Lizarragako herria pasatuta. Leku aproposena hori zela banekien, erasoa beherago joz gero agian portua luzeegia egin ahal zitzaidalako, eta gorago agian ez zidalako denborarik emango. Argi nuen Lizarraga pasata izan behar zuela, eta aurreikusi moduan atera zen.
Atzekoei halako aldea aterako zeniela uste al zenuen?
Helburua nik bakarrik ihes egitea zen. Halakoetan errazagoa izaten da, atzean bizpahiru txirrindulari geratzen badira euren artean elkar ulertzea lortzea zaila izaten delako. Goian, portuan, ez nien tarte handirik atera, 15 segundokoa agian. Unanuko jaitsieran tarte handiagoa ateratzea lortu nuen.
Bukaeraraino topera joan zinen. Ziztu bizian iritsi zinen helmugara.
Kadeteetan zenbat denborako abantaila dugun jakiteko modurik ez dugu. Ikusleen albotik pasatzerakoan esaten zidaten “15 segundo”, baina ez zaude ziur, eta ez nuen atzera ere begiratu nahi izan. Neurera segi nuen, eta herrira ere oso azkar sartu nintzen.
"Hiru garaipen eta zortzi bigarren postu, denboraldia oso ona izan da. Pozik nago"
Helmugan nola sentitu zinen?
Ikaragarria izan zen. Jendearen babesa oso gertutik sentitu nuen. Lagunek eta herritarrek garaipenarekin zuten poztasuna ikustea sekulakoa izan zen. Eskerrak eman nahi dizkiet, jendearen kariño hori sentitu nuelako; hori oso handia da. Kuadrillarekin festetan gustura ospatu genuen garaipena.
Sari ematean herri guztia zegoen.
Bai. Gainera, Sakana Group-Alea Aralar etxeko taldea da, eta taldekako txapelketa irabazi genuenez, taldekide guztiak igo ginen podiumera. Dena dela, bitartean beste kontu bat nuen buruan bueltaka. Lakuntzan helmugara sartzen ari nintzela, joan zen urteko lasterketan gertatutakoaz oroitu nintzen, proba bukatu berritan jakin baikenuen Kaixer hil zela; egunak oso amaiera tristea izan zuen. Aurten, helmugaratzean ez nituen Kaixerren senitartekoak ikusi, baina hurrengo egunean haien etxera joan nintzen irabazlearen lore sorta eskaintzera, eurendako egun zaila zenez, detaile polita izango zelakoan. Polita izan zen.
Denboraldi itzela egin duzu. Hiru garaipen eta bigarren postu ugari, tartean Urdiain, Bera eta Los Arcosekoak. Kadeteen mailako sakandar onena izan zara.
Zortzi bigarren postu lortu ditut guztira denboraldian, eta hiru garaipen. Oso pozik nago.
Nafarroako Kirol Jokoen Kadeteen Txirrindularitza Txapelketan hirugarren sailkatu zara, Joanes Olaizolaren eta Aitor Mataren atzetik. Erregularra izan zarenaren seinale.
Txapelketak lasterketa guztiak hartzen ditu kontuan, eta hirugarren postuak denboraldia ona izan dela erakusten du. Lehen bi lasterketetan ez nuen puntuatu, datek ikasbidaiarekin bat egiten zutelako. Bertan puntuatuz gero, garaipenaren borrokan egongo nintzateke, baina kontentu nago, hirugarren postua ongi dagoelako.
Nafarroako selekzioarekin Espainiako Txirrindularitza Txapelketetan aritu zinen, eta primeran. Taldekako erlojupekoan laugarren, eta errepidekoan zazpigarren.
Taldekako erlojupekoarena pena izan zen, podiumera sartzetik oso hurbil geratu ginelako, 2 segundora. Errepideko proban hobetu genuen, taldekide bat bigarren sailkatu zelako, eta ni zazpigarren. Ongi aritu ginen.
Adrian anaia afizionatuen Laboral Kutxako txirrindularia da, eta Alberto aita Euskalteleko txirrindulari ohia eta Sakana Group-eko jubenilen zuzendaria. Zuenean txirrindularitzaz deskonektatzea ia ezinezkoa izango da.
Oso zaila. Batak lasterketarik ez badauka, besteak du, beti dago zerbait. Denboraldi bukaeran hilabete eta erdi izaten dugu deskonektatzeko, baina gero berriz hasten gara.
Denboraldia guztiz bukatu duzu?
Berez kadeteen txapelketa bukatu da, baina denboraldi bukaeran bigarren urteko kadeteek jubenilekin batera bizpahiru lasterketetan parte hartzen dugu, hurrengo urtean jubeniletan zer datorren ikusteko. Saltoa nabarmena izango da, eta egokitu beharko dugu. Taldetik lau igoko gara eta irrikaz gaude, baina urte osoa daramagu bizikleta gainean, eta atseden hartzeko gogoa ere badugu.