Argi berdea Sakana kooperatiba handitzeari

Guaixe 2024ko urr. 7a, 11:13

Lakuntza eta Arbizuko ikuspegia Bakaikuko Hartzabaldik. ARTXIBOA

Foru administrazioak enpresaren egitasmoari, baldintzak jarrita, oniritzia eman dio.

Lakuntzako Udalak hirigintza planean aldaketa egitea onartu ondoren, orain Nafarroako Gobernuaren oniritzia iritsi da. Ingurumeneko zuzendari nagusiak ingurumen txosten estrategikoa eman du udalak onartutako aldaketa onartzeko. Hartutako erabakiek Sakana kooperatibaren instalazioen hazkunde eta ekoizpen beharrei erantzun nahi diete. Beste aukerak zailtasunak dituztenez, industria eremuaren handitze hori Lakuntza udalerriko mugarantz eginen da, eta Arbizuko bizitegi-hirigunera hurbiltzea ekarriko du. Etxeak eta lantegia banatzeko berdegune bat sortuko da. 

Lizarragabengoko bidea luzatu eginen da. Eremuaren antolamenduak gehienez 15.000 m²-ko okupazioa aurreikusten du industria erabilerarako, eta aparkalekuetarako eremu publiko bat izanen da bidearen ondoan. Esparruaren mendebaldeko muga 3.746,34 m²-ko azalera izanen duen espazio publiko gisa planifikatuta dago, eta parke zuhaiztu gisa diseinatu da, oinezkoendako eta bizikletendako bide bat izanen duena, zeinak NA-2410 errepidea eta industrialdeko kalea lotuko baititu. Bidea 350 metro luze izanen da gutxi gorabehera eta gutxienez 3 metroko zabalera. Bide tarte horren erdia baino gehiago industrialdearen itxiturarekin mugakidea izanen da. Bertako zuhaitz eta zuhaixken landaketa mistoa egitea aurreikusten da, dentsitate handia izanen du, ikusizko hesia eginen du.