Astekaria

"Ahalegina da, baina 600-a begiratu eta zein polita den ikustea satisfazio handia da"

Maider Betelu Ganboa 2024ko urr. 15a, 14:00

Iñaki Lazkano Rosaren Seat 600 D-ak 55 urte ditu eta zoragarria da.

Iñaki Lazkano Rosa lakuntzarrak bere Seat 600 D urdina eraman zuen Bakaikuko VII. Katxarro Egunera.

Lehenengo edizioan izan ezik, guztietan parte hartu du.

1. Seat 600 D urdin eta eder baten jabea zara. Noiztik?
2004an erosi nuen. Nire kapritxo bat izan zen, baina gurasoen etxean aurretik Seat 600a izan genuen. Nire izeba bati zozketa batean tokatu zitzaion, eta errege egun batean ekarri zuten, ni gaztetxoa nintzela. Izebak gida baimenik ez zuenez, aitak erabiltzen zuen. SS 99669 matrikula zuen, eta, egun, ilobarena da. Nik erosi nuena SS 85986 da. Bi autoak 1969 urtekoak dira. 

2. Non erosi zenuen?
Ilobak deitu zidan: “osaba, Idiazabalen 600 bat dago salgai”. Une horretan bertan Idiazabalera joan nintzen, eta egunean bertan tratua egin genuen. 

3. Zaharberritu behar izan zenuen?
Txuria zen, eta Iruñeko tailer batera eraman nuen ongi jartzera. Ni ere bueltaka ibili nintzen, piezak lortu behar zirelako. Auto guztia desmuntatu genuen. Motorra originala da; ongi garbituta, primeran zegoen. Txapa aldetik lana bazuen, pixka bat utzita zegoelako. Pieza guztiak originalak dira, berriak. Galizian Seat-en pieza originalak saltzen dituen etxe bat dago, eta Bilbon ere badago beste bat. Azkenik, urdinez margotu nuen. Urdin argi hori Seat 600 D-ren kolore originaletako bat da, eta argi nuen kolore hori nahi nuela.

4. Autoa asko ibiltzen da?
Gasolinazkoa da. Ez du abiadura asko hartzen, 80-90 km/o tartean. Garai batean gehiago ibiltzen zen, baina orain hortxe ibiliko da. Ez dut behartzen.

5. Autoa zaharberritzean dirua dezente gastatuko zenuen. Kapritxo ederra!
Dirua barra-barra joaten zaizu, egia da, baina egindako zaharberritzearen ondoren, begiratu, eta zein polita den ikustea satisfazio handia da. Tarteka ibiltzen naiz, ITV-a egunean duelako.

6. Zer sentitzen da halako auto klasiko batean zoazela?
Poza. Jendeak begiratzen zaitu, agurtzen zaitu... Xelebrea izaten da, autobian kamioi handi horien parean poxpolo kaxa batean bezala zoazelako, baina beraiek ere bozina jotzen didate, eta aurrera. Haurrak pozarren jartzen dira ikusten nautenean. Bozina jotzeko eskatzen didate.

7. Betidanik gustatu al zaizkizu auto klasikoak? Tentazioan erori, eta gehiago dituzu?
Beti gustatu izan zaizkit. Beste hiru auto ditut: garai batean izan nuen Seat 131a, 1990ko Jaguar Sovereign bat, eta 1936ko Opel Olympia. Auto guztien zergak ordaintzen ditut, baina hiru hauek ez ditut mugitzen, ITV-a egunean jartzea da falta zaien bakarra. Seat 131k errepaso bat beharko luke, baina besteak prest daude. Opel Olympiak historia polita du. 1936ko gerran halako sei auto etorri ziren Bilbora. Toki gehiago izango banu, auto klasiko gehiago erosiko nituzke, aitortzen dut. Behin hiru auto batera eskaini zizkidaten, baina tokirik ez dudala erantzun nion. Hori da nire arazoa.

8. Argi dago mundu honek harrapatzen zaituela.
Bai, guztiz. Tarteka, hitzordua jarri eta ibilbideak ere egiten ditugu. Halako gauzak.

9. Urriaren 12an VII. Katxarro Eguna izan zen Bakaikun. Egun ederra.
Primerakoa, oso polita. Jende asko joaten da, eta giro bikaina dago. Lehen urtean izan ezik, gainontzeko edizio guztietan parte hartu dut, eta aurten ere han izan naiz, 600-arekin. Momentuz beste autoak ez ditut eman. Harreman handiak egiten ditugu, eta pasadizoak kontatzeko egun aproposa da, bakoitzak bere historia kontatzen baitu. Garai bateko autoak, kamioiak, motorrak, bizikletak... denetatik ikus daiteke. Antolakuntza ona dago atzetik. 

10. Halakoetan autoa salgai duzun galdetuko dizute maiz.
Urtero galdetzen didate. Nire zaletasuna da, eta horretarako erosi nituen. Ez dute preziorik. Kapritxoa duenak edozein gauza pagatuko luke gustuko duen autoarengatik, baina ez ditut salgai.

11. Klasikoetan zein da zure auto kuttunena?
Auto normaletan Eskarabajoa, eta goi mailakoetan, Rolls Royce Phantoma. Behin, Andorrako garaje batean nire Jaguarra bezalako auto bat zegoen, konpondu gabe, eta sekulako Rolls Royce Phantoma, zaharberritua. “Hau bai dela auto berezia!” esan nion garajekoari. Berak, ordea, Jaguarra gustukoagoa zuela esan zidan. Jaguar eraberritua nuela aipatu, eta nire Jaguarra eta bere Phantoma aldatzea proposatu zidan. Andorran geundelako eta paper mordoa eskatzen dituztelako, bestela... Phantoma etxera. Hura bai dela trastea!