Astekaria

"Ikaskuntza zailtasunak ez dira arazo bat, ondorioa baizik"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko urr. 15a, 09:30

Osasuneko profesionalak eskolan haur bat aztertzen. UTZITAKOA

Elena Montoro Villanueva Lakuntzako Herri Eskolako orientatzaileak 'Geroaren bidea' proiektua landu zuen aurreko ikasturtean, eta emaitzen aurkezpena egin zuen.

Neurogarapenean oinarritutako proiektu bat martxan jarri zuen Lakuntzako Herri Eskolak Lehen Hezkuntzako 4. mailako gelarekin. Ikaskuntza arazoak bideratzea lortu zuten Elena Montoro Villanueva orientatzaileak. Irailaren 27an proiektuaren eta emaitzen berri eman zuen.

Zein da proiektuaren hazia?
Orientatzaile gisa, besteak beste, ikasleek dituzten ikaskuntza zailtasunak aurkitzeaz arduratzen naiz, lantaldearekin bideratzeko edo, ahal bada, zuzentzeko. Konturatzen ginen eskolan denek lan handia egiten genuela eta emaitzak ez zirela behar bezain handiak: ikasleek jarraitzen zuten akats berak edukitzen. Neurogarapena ikasten hasi nintzen. Lakuntzako eskolan Maia Ginea ezagutu nuen, orain zuzendaria dena, eta Andrea Etxabarria, pedagogia terapeutikoko irakaslea. Eta Eloy Capapai ezagutu genuen, neurogarapenean espezialista. Laurok zailtasunen inguruan hitz egiten hasi ginen.

Guretako ikaskuntza zailtasunak ez dira arazo bat, ondorio bat baizik. Haurra edo ninia garatzen ari denean, burmuina garatzen ari dela, gerta daiteke garatze horretan arazo batzuk edukitzea: entzumenekoak, ikusmenekoak, motorrak... gauza asko izan daitezke. Garatzean arazo horiek badaude, oso ohikoa da ikaskuntza zailtasunak edukitzea. Maiak, Andreak eta hirurok erabaki genuen eskolan proiektua martxan jartzea. Gurasoekin eta klaustroarekin hitz egin genuen.

Zein zailtasunez ari zara?
Normalean baloratzen ditugunak dira: irakurtzeko edo idazteko zailtasunak, matematiketan zailtasunak. Izan daitezke ere arreta eta kontzentrazio arazoak edo hizkuntzaren garapenaren arazoak. Ikaskuntzaren nahasmenduez ari naiz, ez matematiketan arazoak dituzula. Nahasmenduak zailtasun handiak dira. Horiek eskolan detektatzen ditugu, eta Hezkuntza Departamentuak ematen dizkigun jarraibideekin tratatzen ditugu.  

Neurogarapenean oinarrituta, gu konturatu gara zailtasun horiek guztiak ondorioak izan daitezkeela. Esaterako, ninia estreinakoz katuka hasten denean sistema bestimularra (oreka), sistema propiozeptiboa (motorra eta sentsazioak) eta ikusmena aurrenekoz konektatzen dira. Ongi garatuko ez balira: ez badu katuka ongi egiten, jaiotzean bentosa edo forzepsa erabiltzeagatik garunean trauma pittin bat badauka, kolpe bat izan duelako... Edozer gauza izan daiteke arrazoia hiru sistema horietakoren bati eragiteko. Garunak eremu asko ditu eta agian batean trauma modukoa gelditzen da. Sinapsiak (zelula batek beste batekin egiten duen kontaktua) ez dira behar bezala ibiltzen. Garunak ohitzeko bere lana egiten du. Baina gero haurrengan zailtasun horiek aurkitzen ditugu hiru sistema horietan. Horregatik, komenigarria da, prebentzio moduan, eskoletan txikiak direnean ikusmena eta entzumena tratatzea eta lan motor handia egitea.

Kezka zuena zen? Gurasoena? 
4. maila aukeratu genuen Haur Hezkuntzan zeudenetik arazo batzuk zituztelako. Haur Hezkuntza konfinamenduan bizi zuten. Jokabide arazo pila izan dituzte, eserita egoteko, beraien bulkadei eusteko... Hortik idazketa eta irakurketa ikasteko eta matematiketan arazo pila. Askotan uste dugu ikasle bat ez zela esertzen, oso inpultsiboa delako eta ezin delako gelditu. Eta uste izaten dugu arreta-gabeziagatiko nahasmendua duela eta medikura bidaltzen dugu. Batzuetan ez da hori, txikitatik erretiratu ez den erreflexu bat da, galant erreflexua, eta ezin da eserita egon.

Mugimenduarekin tratatu behar da, desagerrarazteko. Ikaslea esertzera eta aulkian bere jarrera mantentzera iristen da, besteak bezala. Guztia gurasoei azaldu genien. Gurekin konfiantza zuten, eta ez zekiten zer egin ikasleekin. LHko 4. mailan zeuden eta ez genuen ikasketa mailan bideratzea lortzen. Ikasturte guztian harremana eta kontaktua mantendu dugu. Esperientzia berria zela jakinda, gainean egon ginen eta kontrol handia mantendu genuen. Gurasoei esan genien: "ona ez dela ikusiko bagenu, moztuko dugu". Zorionez, ez zen horrela izan.

Nola bideratzen dira zailtasunak?
Ez beti, baina, orokorrean, bideratzen dira. Lehen aipatutako hiru sistemak gure garapenaren oinarria dira. Batera garatzen dira, baina gerta daiteke batean zerbait ondo ez joatea. Esaterako, ikasle hori txikia zenean belarrian mukia izan zuen eta ez zuen ongi entzuten. Ikasleak ez du ondo entzuten eta ez ditu hitzak edo gramatika egiturak ondo barneratzen. Hor hutsune bat dugu. Entzumenak, ikusmenarekin batera, informazioaren sarrera dira, barruan deskodifikatzeko. Mukia dagoelako informazioa ez bada ongi sartu, ezin izanen du behar den moduan atera. Ikasleak hitz egiten duenean ez du ongi hitz eginen. Eta artikulazioari, ahoan dugun tresna motorrari eragiten badio, dislaliarekin hitz eginen du, eta arazo horiek mantenduko dira denboran ez badugu horren gainean lan egiten.

Batzuetan arazo horiek mantentzen dira, eta 2. mailara ailegatzen gara arazo pila bat irakurketa eta idazketa garatzeko. Baina atzera jo eta entzumena, soinua, artikulazioa eta beste lantzen hasiko bagina, segur aski lortuko genuke hori bideratzea. Batzuetan familiek esaten dute "ez du asko irakurtzen, ez du gustuko". Jakina, ezin du. Eta ezin baduzu, irakurtzea gorrotatzen duzu. Hori gaizki badoa, ez da zuzentzen gehiago irakurtzen. Komenigarria atzera jotzea nondik heldu den ikusteko: ikusmenekoa, entzumenekoa, motorra, emozionala. Jokabide arazoak askotan oso emozionalak dira.

Gure proiektua horretan oinarritua zegoen. Jakin nahi genuen lehenago zenbat gauza gertatu ziren gerora ondorio horiek edukitzeko. Egia esan, emaitza oso politak lortu ditugu. Jokabide arazoak ia-ia desagertu dira. Ikasleek autoestimuan irabazi dute. Niretako hori adierazgarriena izan da. Emaitza akademiko onak ere baditugu. Baina autoestimua, arazoak ikusteko modu desberdina eta haien buruak ikusteko ere. Niretako hori izan da indartsuena.

Gurasoekin, harreman estua? 
Oso kontaktu estua mantendu dugu, bai. Beti saiatzen ginen gurasoekin larunbatetan bilerak egiten, denak egon ahal izateko. Eta bilera guztietan kontatu dugu beti zer egiten ari ginen. Bileretara ere ikasleak etorri dira eta beraien iritziak, nola sentitzen ziren esan dute. Gurasoek etxean izandako aldaketak kontatzen zizkiguten. Etxean aldaketak, batez ere, jokabidekoak izan dira, baita ere oso emozionalak eta autoestimukoak. Esan ziguten: "orain ailegatu da etxera eta esaten dit, ama irakurri nahi dut". Estreinakoz entzun genuenean guretako oso berri ona izan zen.

Eskolan ere harreman estua izan dugu. Eskolara bi osteopata sei aldiz etorri dira, eta ikusi dutenarekin lan egin dute: kolpe bat buruan, aldaka okertu bat...  Audiometriak egin dira, kaskoekin entzumen entrenamenduak egin dituzte. Optometristak hirutan etorri dira, ikusmen arazorik bazen aztertzeko. Eta eskolan egin duguna. Ikasturte oso bitxia izan zen, mugimendu handia egon zelako eskolan eta klasean ariketa piloa egin zuten, bai ikusmenarekin lotuta, entzumenarekin, erreflexuak erretiratzeko...  Klaustroak gurekin pazientzia handia izan zuen. Denei esker posible izan da egitea eta bizitzea.

Zer emaitza lortu dituzue?
Matematika, irakurketa abiadura, irakurketa ulermena eta idazketa proba batzuk egin genituen hasieran. Guztietan emaitza askoz hobeak lortu zituzten. Aldaketa handia irakurketan eta, batez ere, idazketan. Orokorrean oso txarra zuten, nahiko ulertezina, oso haurren letra eta idazketan aldaketa oso-oso handia izan da. Askoz gehiago ulertzen da idazten dutena, idazten dutena egitura du. Hitzak ikusten dira, puntuatzen hasi dira.

Familiak esandako gauzetako batzuk dira: "lehen etxera etortzen zen lagunekin haserre. Orain pozik bueltatzen da, bere izateko modu atera duelako. Batek esan zuen bere alaba izaera ateratzen hasi dela. Beste batek: “nire semea askoz ordenatuagoa, langileago, da, batez ere etxeko lanetan. Lasaiago dago, kasketa gutxiago ditu”. Aurkezpenean ikasleen bideo bat jarri genuen. Esaten dute: "konturatu gara lehen nahiko gaizki geundela eta orain nola aldatu garen. Orain jo ordez arnasa hartzen hasten naiz eta erlaxatzen naiz. Jada ez naiz hain erraz haserretzen. Lagundu digute gure emozioak sentitzen eta ezagutzen. Asko hobetu dut letra eta gehiago ulertzen dut. Uste dut asko hobetu dudala". Askotan esaten dute "inor ez da bestea baino gehiago". Beraiendako esperientzia honetako esaldia da.

Hori guztia ikusita, orain zer?
Ezin dugu errepikatu, borondatez egin dugulako. Baina, prebentzio moduan, gauza asko egin daitezke Haur Hezkuntzan lanean hasten bagara. Irakasle guztiei esaten diet guk egin duguna edo guk proposatu duguna jada eskoletan egiten dela. Baina ez dago sistematizatuta. Zergatik? Batzuetan garrantzia gehiago ematen diogulako curriculumak eskatzen diguna egiteari. Eta gauza horiek batzuetan aisialdi momentuetan egiteko uzten dira. Aisialdian egiten dutenak duen garrantzia ez dugu ikusten. Hori sistematizatzen badugu, ikasleak txikiak direnetik hainbat arlotan laguntzen ditugu. Ariketa asko oso errazak dira eta, gainera, materiala eskoletan dago. Prebentzio polit bat izanen duzu, beti jolas moduan. 

Lanketak segida izanen du? 
Lakuntzako eskolan segituko dute. Beste lekuetan gogoa edo interesa baldin badute, gu erakusteko prest. Oso erraza da. Behar dugun guztia eskoletan dago jada, gorputzarekin eta klasean ditugun tresna guztiekin egiten da. Txipa aldatzea da. Guk ez dugu hori esaten, neurozientziak esaten du. David Bueno i Torrensek esaten duenez, ikasle batek ez duela ezer ikasi behar Lehen Hezkuntzako 3. maila arte. Ordura arte hezkuntza artistikoa, musika eta jolasten egon behar duela, hau da, mugimendua. 3. mailara arte, pentsa! Askotan aurreratzen gara. Askotan garuna ez dago oraindik prest horrelako lana martxan jartzeko: idazketa, irakurketa. Eta ikusita nola dugun Hezkuntza sistema antolatuta, eskatzen digutena jarraitu behar dugu. Eta batzuetan burmuin horiek ez daude prest. Haur Hezkuntzan, batez ere lehen zikloan hasten bagara, guk egin behar duguna utzi gabe, gehitzen baldin badu hori jolas moduan, nik uste dut hobekuntzak lor daitezkeela. Ez dut esaten lortuko dugula guztiak aldatzea, hobetzea. Hori ez da egia. Baina, seguraski, ikaskuntzaren zailtasun asko ez lirateke emanen.