Ametsetako parkea irudikatu dute Lakuntzan

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko urr. 14a, 09:00

Parkea eraberritzeko prozesua martxan jarri zuten. Iritziak eta proposamenak jasotzeko familiekin bi bilera egin dira eta bana haur, jubilatu eta eskolako Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailakoekin. Lanik gehienak auzolanean eginen dira

Lakuntzarrek herriko jolas parke berritua 2013ko lastailaren 12an mustu zuten. Zenbait mantentze lan egin behar ziren, eta espazioa baldintzatu behar zuen tirolina bat erosia zuen Lakuntzako Udalak. Hori dela eta, parkearen inguruko parte hartze prozesua abiatu zuen Lakuntzako Udalak udaberrian. Horren lehenengo faseari Amesten izena eman zion udalak, eta haren bidez herritarren proposamenak jaso nahi izan zituen. Hainbat adinetako lakuntzarrekin bilerak egin zituzten. Guztira 91 herritarrek parte hartu zuten.

Udalak makina bat proposamen jaso zituen. "Haiek kontuan izanik, udal arkitektoarekin espazio banaketa egin eta proposamen hori aurkeztu genuen irailaren 29an", azaldu du Oihane Uribeetxeberria Garmendia alkateak. "Bileran 30 bat pertsona izan ziren eta proposamena onartu zen. Orain Erabakitzen faseari ekinen diogu", gaztigatu du alkateak. Parkea nolakoa izanen den jakinda, orain hori egiteko behar direnak zein materialez egin behar diren erabaki beharko dute, besteak beste. "Diru gehiena materialean joanen da", azaldu du Uribeetxeberriak. 

Espazioari dagokionez, gaur egun dagoen futbol zelaia desagertu eginen da. "Belar gunea ordenatuko da eta bertan hainbat espazio berri sortuko dira", jakinarazi du alkateak. Futbolean aritzeko zelai txikiago bat eginen dute Ermineta kalearen ondoan. Larraina kaleari paralelo 30 metroko luzerako tirolina egonen da. Eta haren parean eserleku luze bat eginen da. Futbol zelaiaren eta tirolinaren artean hainbat espazio sortuko dira, guztiak kaskailuzko bidexka batek lotuko dituena. Futbol zelaiaren aldamenean kalistenia edo ariketak egiteko elementuak eta boleibolerako pista jarriko dituzte. Haurrendako jolas parkea frontoi aldean egonen da. Haren ondoan zuhaixkak landatu eta mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte. Horrela, itzalgunea sortu eta merendatzeko tokia sortuko da. Haren ondoan, Larraina kale aldera, egoteko gune bat prestatuko dute, emanaldiak edo bestelakoak har ditzakeena. 

Alkateak jakinarazi duenez, "lan gehienak auzolanean egin nahi ditugu. Batetik, aurrezteko. Bestetik, komunitatea egiteko eta, azkenik, egindako parkea norberak berea bezala sentitu dezan, eta zaindu dezan". Lan egutegiari dagokionez, Uribeetxeberriak azaldu du erabiliko diren materialen arabera izanen dela. Hala ere, jakinarazi duenez, "tirolina erosita dago eta aurten bertan jarriko du enpresa batek". Haren truke udalak 6.726, 32 euro ordaindu ditu. "Futbol zelaiko ateak tokiz aldatu beharko dira. Udaberri hasieran zuhaitzak landatu beharko dira. Eta bitartean mahaiak eta abarrak egin beharko dira. Izena ematen duen jende kopuruak baldintzatuko du lanak lehenago edo beranduago egiteak". Udalaren asmoa da zenbait lan talde martxan jartzea. Horietakoren batean parte hartzen interesa duenak info@lakuntza.eus posta elektronikoko helbidera idatzi edo 948 576 015 telefono zenbakira hots egin dezake.