Lakuntzako Udalak kultur etxeko teilatuan eguzki plaken instalazioa jarri du. Han sortuko den elektrizitatea partekatutako autokontsumorako izanen da eta kultur etxean bertan, eskolan eta udaletxean kontsumituko da. Udalak jakinarazi duenez, jarritako instalazioak urtean 29.326 kWh sortuko ditu eta udal eraikinen energia kontsumoaren %49,5 beteko da horrela. Horren ondorioz, udalaren energia fakturak txikituko dira. Baina hori gertatzeko, udalak Iberdrolaren zain dago, enpresa hori baita argindarraren sarbide puntua baimendu behar duena. Lanak 32.534,48 euroko aurrekontua izan du eta, horretarako, udalak Industria Departamentuaren Trantsizio Energetikorako Zerbitzuaren 17.893,98 euroko dirulaguntza izan du. Electricidad Lizarragak egin du instalazioa.
Energia kontsumoak murrizteko beste neurri bat du esku artean udalak: eskolan inguratzaile termikoa jartzea. Proiektua idaztera 9.970,40 euro bideratu ditu, baina 5.000 euroko dirulaguntza du. Udalak finantzazio iturriak bilatuko ditu.