Bizitza da ipuinetan gertatzen dena

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko abe. 16a, 11:29

Garazi Arrula Ruiz idazle, itzultzaile eta editorea. GOIENA.EUS

Garazi Arrula Ruiz idazlearen 'Lurraz beste' ipuin bildumaren inguruko Literatur solasaldia antolatu du Sakanako Mankomunitateak eta Lakuntzako Udalak abenduaren 18an, asteazkena, Lakuntzako liburutegian

Idazle, editore eta itzultzaile da Garazi Arrula Ruiz. Bata eta bestearen jarduna "oso banatuta" dituela eta "oso toki desberdinetatik" abiatzen dela esan du, baina batak bestea elikatzen du eta "irakurketa konpartitzen" dute. 2023an Lurraz beste zortzi ipuinez osatutako liburua kaleratu zuen, eta "bai liburu honekin eta bestearekin ere zorte handia izan dut, Euskal Herri barna ibili naiz". Abenduaren 18an, asteazkena, 18:30ean, Lakuntzako liburutegian egonen da, Sakanako Mankomunitateak eta Lakuntzako Udalak antolatutako Literatur solasaldian. "Nik kontatzen dut galdetzen didatena eta nik egin dudana; irakurleenarekin osagarri da".

Lurraz beste zortzi ipuinen bilduma bat da. Tokiak garrantzia handia du, eta pertsonaiek desplazamendu asko egiten dituzte, ez bakarrik modu fisikoan. "Egia da desplazamendu asko daudela; idatzi bitartean ez nuen horrela ikusten, ez nintzen ohartu". Argitaratu zenean konturatu zen desplazamendu asko daudela, " eta horiek lotura daukate pertsonaien barne desplazamenduekin".

"Ipuin gehienak Nafarroako erdialdean kokatuta daude. Horiek dira nik ezagutzen ditudan espazioak eta iruditzen zait hor kokatzeak niri laguntzen didala, naturalagoa egiten zait". Idazleak gaineratu duenez, "ikus-entzunezkoak lagunduta ere", Tennesseko ibai ertz bat irudikatzeko erraztasun gehiago dago, Txantrean edo Tafallan irudikatzeko baino, "eta literarioki berdinak dira".

Ezaugarriak
Arrula pertsonaien eraikuntzan "pausatzen" da, eta arreta handia jartzen du: "Pertsonaiak ezaugarritzen ibiltzen naiz eta ezaugarri horietatik hamar bat iritsiko dira liburura". Ezaugarri horiek "behar" dituela esan du idazleak, "ongi jakin behar dut gaileta bat jatean zer nolako gaileta jango lukeen edo harrituko bada nolako harridura erakusten duen ezagutzeko". Koherentzia ematen dio pertsonaiari. Pertsonaietan "hainbeste sartzen" denez, aurreko ipuin liburutik "geratu" zitzaizkion bi lagunen adiskidetasun harremana berreskuratu du.

Lurraz beste liburuko ipuinetan "ez dago etxafuegoerik, ez dago distira handiko gertaerarik". Egunerokotasunezko egoerak agertzen dira, "barne desplazamenduak daude eta pertsonaiek ez dute bukatzen hasitako puntu berean". Gertatzen dena bizitza da, gauzak gertatzen dira,"baina ez dira atzemangarriak". Irakurleak noizbait "kexatu" izan direla esan du idazleak: "Ez dituzu ipuinak bukatzen! Denetarako dago... Ez zait inporta. Batzuetan bukaerak irekiak direnean edo bi aukera posible uzten denean zer gertatu den galdetzen didate, eta haiena nirea bezain balekoa da". Bidea intesresatzen zaio, "puntu horretaraino zer aldaketa egon diren pertsona batean edo harreman batean".