Astekaria

"Denbora tarte polita pasatzen duzu herriko jendearekin"

Guaixe 2025ko urt. 20a, 13:00

Juani Lazkano Azpiroz suaren ondoan. UTZITAKOA

Ilbeltzaren 20an San Sebastian eguna izanda ere, ilbeltzaren 17tik, ostiraletik hasita festa nagusi da Lakuntzan. Lagun eta senideekin egoteko garaia da festa, ongi pasatzekoa. Lakuntzan baita piperropilak partekatzeko unea ere, Juani Lazkano Azpirozek esan bezala.  

Lakuntzako neguko festetan hutsik egiten ez duen ekitaldia da piperropil lehiaketak, udaletxean jokatuko zena ilbeltzaren 17an. Lehiaketak aurrera egiteko parte hartzaileak behar ditu. Baina baita epaileak ere.

Piperropil lehiaketako epailea, nolaz?
Urtero antolatzen dute. Udaletik jendea hots egiten dute epaile izateko, urtero jende desberdina izaten da. Joan den urtean niri hots egin zidaten, baiezkoa eman eta han egon nintzen. 

Zer behar da lehiaketako epaile izateko?
Gustua. Piperropilak gustatzea eta bakoitza pixka bat bereiztea. Normalean, saskietan aurkezten dituzte. Zinegotziak egoten dira. Beraiek hartzen dituzte piperropilak, zenbaki bat jartzen diete. Epaileek ez dute ikusten zeinek eramaten dituen. Zenbakiak dituztela, epaileek probatzen dituzte. Gehiago edo gutxiago gustatu zaigun esaten da, eta puntuazioa ematen da.   

Epaile bakarra egoten da?
Ez. Mahaian lauzpabost pertsona egoten dira. 

Zer hartzen da kontuan piperropil bat baloratzerakoan?
Goxoena izatea. Baina ez gozoa delako. Baloratzen da testura. Baita gustua ere. Anis edo azukre gehiegi duen edo ez. Harro dagoen edo gogor. Halakoak baloratzen dira. 

Anisarekin edo azukrearekin pasa gabe. Baina gutxi ere, kalte!
Bai, noski! Hor neurri bat egon behar du ez gehiegi, ez gutxiegi. 

Testura aipatu duzu. Gogorra edo biguna?
Gogorra ez, ez. Biguna. Baina ezta oso biguna ere. Batzuek labean egiten dituzte eta, hala eginda, gogorra ateratzen da. Oso garrantzitsua da piperropila beheko suan egitea. Han eginda piperropilak oso harro, ongi gelditzen dira.

Begiekin ere jaten dugu. Kolorea ere baloratzen da?
Bai. Baita itxura ere. Batzuk oso zakarrak egoten dira, beste batzuk oso politak. Baina oso politak edo oso zakarrak egoteak, gero, gustuarekin behar bada ez dute bat egiten. Beharbada oso zakarra da eta zaporez besteak baino askoz hobea da. 

Piperropil batek tamaina jakin batekoa izan behar du?
Ez, neurririk ez dago. Tamainan denak nahikoa antzekoak dira. Batzuek, beharbada, handixeagoa, txikixeagoak besteak, baina, normalean, denak nahikoa antzekoak dira. 

Joan zen urteakoa, aurreneko aldia zen epaile aritu zinela? 
Ez, beste batean egon nintzen, duela urte batzuk. Joan den urtekoa bigarren aldia zen. 

Zer moduzko esperientzia da epaile izatea?
Polita. Herriko festetako giroa dago, eta polita da. Oso gustura egoten gara. Denon artean probatzen ditugu, jendea begira dugu. Gainera, lehiaketara aurkeztutako piperropilekin puskak egiten dira eta joaten den jende guztiak jaten du. Denbora tarte polita pasatzen duzu herriko jendearekin. 

Jakina, jendeak piperropil irabazlea probatu nahiko du!
Noski! (barrez). Baina beste gainerakoak ere goxoak dira. 

Bakarren batek epaile izan nahi balu, zergatik animatu beharko luke?
Hasteko, herriko ohitura bat delako. Oso gauza polita da. Tradizio hori, nik uste, mantendu egin behar dela. 

Lehiaketara piperropil asko aurkezten dira?
Dezente, hamabi edo hamabosten bat, bai. 

Etxera afalduta joan zineten epaileak?
(Barrez) Ez, ez. Hori probatzeko besterik ez da. Ondoren afaltzera joaten gara. 

Piperropilak jan bai, baina egin egiten dituzu?
Bai, egiten ditut. Gaur eginen ditut. Baina ez dut ohiturarik lehiaketara aurkezteko. Etxean jateko eta lagunei emateko egiten ditut. Horretarako egitea gustatzen zait, jendearekin partekatzeko. 

Zein da piperropil on baten sekretua?
Uiii. Bakoitzak berea izanen du. Badago bat, beti irabazten duena. Egia da oso-oso goxoak egiten dituela. Niretako goxoenak. Sekretua ez dakit zein izanen den, 

Piperropilena negu garaiko errezeta da? Edo urte guztian egiten duzue?
Negukoa da, bakarrik San Saastin festetarako egiten da. 

Lehiaketan aurkezteko asmoa duenarendako aholkuren bat?
Ufff. Batez ere, beheko sua egiteko. Goxoenak hor ateratzen dira.