Sansaastin festetako danborradan antolatzaileak, Lakuntzako Pertzak etena egiten du. Eta tarte horretan herriaren alde aritzen den lakuntzar baten edo herriko talderen baten lana aitortzen du. Ohorezko txanoa aurten Ione Peñari jantzi diote, Txingurriye taldearen izenean. Taldekideak aldamenean izan ditu oholtzan. Peñari elkarteko presidente Izaskun Anduezak jantzi zion txanoa.
Adur Kanpo Flores zeremonia maisuak azaldu duenez, "Lakuntza kanpoko jendea jasotzeko beti besoak zabalik izan dituen herri bat da, familia handi bat bezalakoa. Hasieran, industria hasi zenean, Andaluziatik eta Extremaduratik etortzen ziren langileak. Azken urteetan egoera aldatu da eta urrunagotik etorritako jendea ere jaso dugu". Gaineratu zuenez, "beste migrazio aldien aldean, honek beste hizkuntza, kultura eta ohiturak ekarri ditu Lakuntzara. Lakuntzan bada talde bat beste hizkuntza, kultura eta ohitura horiek dituztenekin kohesio handia sortu duena. Emakume talde bat da. Gazteen eskolaratzean laguntzen hasi ziren, hizkuntzarekin eta eskolan laguntzen. Orain ere helduekin ari dira. Pixkanaka, txingurrien moduan lanean ari den taldea da, isilean".
Txingurriyeren izenean, Ane Miren Iruretagoienak aitortzagatik eskerrak eman zizkien antolatzaileei. Txingurriyekoek eskerrak eman zieten ere 15 urteko ibilbidean antolatu dituzten jardueretan parte hartu dutenei. "Sentitzen dugu zuen berotasuna". Gonbidapena egin zuten parte hartzen segitzeko. Herri batuagoaren aldeko aldarria egin zuten, "ez elkarren ondoan bizi beharrean, elkarrekin bizitzeko deia egin dute. Lakuntza hobea egiteko".
Lakuntzako danborradak omendutakoak
1997 Arantza Urzelai. Danborradan parte hartu zuen emakumezkoa izateagatik.
1998 Lakuntzako kirol guztiari aipamena. Tartean Itziar Pazos, Sakanako kirolari onena izandakoa Kirol aitortza.
1999 Edor Zubeldia eta Luis Mari Razkin. Edor hasierako danborradetako doinuak akordeoiarekin jotzeagatik, Juan Ramonen furgonetan sartuta. Luis Mari Razkin elizako organista izateagatik. Bere aita Jacinto zenari aipamen berezia.
2000 Juan Martin Flores, Sakristuzarrako Miguel, Zaprako Genariko, Miguel Lazkano eta Angel Alegria. Lakuntzako ezkil jotzaile izandakoak eta egungoak
2001 Emilio Andueza, Ramon Andueza, Felipe Flores Urdilzale izana, hil ondorengo aitortza. Urdilzale izana, hil ondorengo aitortza. Urdilzale izana.
2002 Pedro Mari Ruiz eta Iñaki Lazkano. Olentzeroren etorrera antolatzeagatik. Errege magoen etorrera antolatzeagatik.
2003 Lukas Andueza eta Migel Areta, Elai Alai dantza taldea. 53 urtez Lakuntzako abesbatzako kide izateagatik. 20. urteurrena ospatzen zuelako.
2004 Erraldoien konpartsa eta Bil Toki. Erraldoiak eta buruhandiak egiteagatik eta festetan egunero ateratzeagatik.
2005 Angel Luis Goñi, Xanti Lopetegi, Ander Lopetegi eta salletar anaiak. Musika eskolako zuzendaria eta akordeoi irakaslea. Hand-bike txapelketan bitan txapeldun. Bikoteka munduko pilota txapelduna. Lakuntzako eskola laboralean egindako lana eskertzeko.
2006 Karmele Garmendia. Lakuntzako ikastolako aurreneko irakaslea, ikastolaren sustatzaileen izenean.
2007 Milagros Lazkano eta Lakuntzako Pertzako boluntarioak. 11 urtez elkarteko garbitzaile izandakoa. Lakuntzako Pertza eguna antolatzeagatik.
2008 Guardetxeko familia. 97 urtetan lakuntzarrei egindako harreta beroagatik.
2009 Mari Jose Imirizaldu. Eskolako irakasle 40 urtez izandako eta jubilatu berri zen irakaslea.
2010 Jose Ramon Garin eta Joxe Flores. Lakuntzarrek danborradari emandako babesagatik alkateak jaso zuen txanoa. Danborradako sustatzaile eta aurreko 10 urteetako zuzendari izateagatik.
2011 Joxe Migel Olano. Elkartearen eta herriko kirolaren alde egindako lanagatik.
2012 Jesus Arraiza, Santiago Mendinueta eta Javier Andueza. Hil ondorengo aipamena Lagun Artea futbol taldean egindako lanagatik. Hil ondorengo aipamena futbol taldean eta elkartea handitzean egindako lanagatik. Lagun Artea futbol taldean egindako lanagatik.
2013 Anastasio Lazkoz eta Joxe Andueza. Urtetan herriko apaiza izandakoa eta 2013an bertan jubilatua. Aralar txirrindulari taldean urte luzez egindako lana aitortzeko.
2014 Parkea martxan ekimena. Parkea egiteko baliabiderik ez zegoen eta auzolanean parkea egin zen.
2015 Juan Jose Burillo, Joxe Lazkano, Toto Jesus Mari Zabarte, Casto. Urtetan danborradako estandartea eramateagatik. Lakuntzar unibertsala izateagatik, herrian oso ezaguna eta estimatua. Edozein fabore egiteko prest dagoelako, beti laguntzeko prest.
2016 Ander eta Joseba Ganboa. Bi anaiak danborradan ibilitakoak, aurrenekoa 2015ean ehiza istripuan hil zen.
2017 Sabino Navarro. Gozogilea urtetan San Saastin eguneko erromerian piperropilak banatzegatik.
2018 Jokin Alegria, Kale. Margolariak egiten duen lana eskertu zioten.
2019 Yeray Lanz Azpilikueta. Danborradan hutsik egiten ez zuen gaztea 2018an hil zen.
2020 Garikoitz Flores Aristorena. Rallyetako gidaria.
2021 COVID-19 pandemiagatik bertan behera
2022 COVID-19 pandemiagatik bertan behera
2023 Oihane Aldabe Andueza. Tronpetista eta gaitaria.
2024 Migel Angel Asurabarrena Barado. Lakuntzako Pertza elkarteko astoaren zaindaria.
2025 Txingurriye taldea. Kulturartekotasunaren alde egindako lanagatik aitortuta.