Udalak eskolako lanak emateko deialdia egin du

Guaixe 2025ko ots. 13a, 11:16

Lakuntzako eskola. ARTXIBOA

Inguratzaile termikoa jarriko du.

Lakuntzako Udalak herriko eskolako inguratzaile termikoa hobetu nahi du, eta obra emateko deialdia egin du. Eskaintza aurkezten interesa duen enpresak martxoaren 14ko 23:30era arteko epea du. Obra bere gain hartzen duen enpresak bost hilabete izanen ditu egitekoak despeditzeko. Lanek 337.408 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. 

Fatxadak behar bezala isolatzeko hamar zentimetroko zabalera duten poliestireno plakak jarriko dira. Ekialdeko pareta da salbuespena. Kanpotik ezin denez ezer jarri, barruan "artile" mineraleko hamar zentimetroko geruza jarriko da. Euri ura bideratzen duten kanaloiak eta argiteria sarea berrituko dira. Teilatuko teilak kendu, isolatzailea jarri eta haren gainean teila berriak jarriko dira. Gainera, teilatuaren barruko aldean zelulosa ere jarriko da. Azkenik, kristal bikoitzeko egurrezko leiho guztiak PVCzko leihoekin ordezkatuko dira.